Metroakoadroka kolektiboko kidea

Oier Guillan: «Memoria artxibatzea ere bada gure historia idaztea»

Metrokoadroka kolektiboaren 'Artxibo biluzia' eskainiko dute gaur Loraldian. Joan Mari Torrealdairen deklarazio bat da lanaren abiapuntua.

Metrokoadroka kolektiboko kide Oier Guillan
Metrokoadroka-ko kide Oier Guillan, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko martxoaren 12a
05:15
Entzun

Loraldia jaialdiaren parte, Artxibo biluzia obra eszenikoaren emanaldia izanen da gaur Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean; BERRIAren babesean antolatu dute. Metrokoadroka kolektiboaren lana da, Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehenbiziko aldiaren gerizpean ondua, eta Usurbilen (Gipuzkoa) estreinatu zuten, urtarril erdialdean. Gaur, aldiz, nobedade bat dakar ikuskizunak, besteak beste: antzezlana baino ordubete lehenago, Lorea Agirrek hitzaldi bat emanen du Joan Mari Torrealdairen inguruan. Proiektuaren egileetako bat da Oier Guillan (Donostia, 1975).

Lehenbiziko aldia da antzezlana ez ezik hitzaldi bat ere eskaintzen duzuena. Zer ekarpen eginen du Lorea Agirrek?

Pieza bera, ikerketa bekatik abiatutakoa dena, ez da berez Torrealdairi buruzkoa. Ez da lan biografiko bat, eta ez du kontatzen Euskaldunon Egunkaria itxi zutenekoa. Gertaera hori eta Torrealdairen lana hartzen dira abiapuntu, pizgailu, baina ez istorioa kontatzeko, ikerketa egiteko baizik. Agirreren mintzaldiak balio dezake hain zuzen ere Torrealdairen obraren testuingurua azaltzeko, ondo kokatzeko. Osagarria da, eta, egia esan, pentsatu dugu aurrerantzean gehiagotan egitea halako zerbait. 

Torrealdairen lana duzue «pizgailu», zer kontatzeko gero?

Pieza sortzeko prozesua hastapenetik izan da berezia, batez ere ikerketa beka bat izan delako oinarrian. Halakoak egiten dituzu beste zernahi pieza eszeniko sortuko ez zenukeen modu batean. Lehentasuna ikerketak dauka, topatuko denak, eta, beraz, esperimentazioa erosoagoa da...

Erosoagoa zergatik? 

Helburua ez dagoelako hain lotua emanaldia zirkuituetan sartu beharrarekin, eta prozesuak duelako garrantzi handiagoa. Gure lanak beti izaten dira horrelakoak neurri batean, ze normalean ez dugu aldez aurretik testua idazten ere, baina, oraingoan, guztiz murgildu gara horretan. Utzi diogu geure buruari ikerketa zabal bat egiten, eta ondorio eszenikoak atera ditugu handik tiraka.

Zer dira ondorio eszenikoak?

Gu ez gara ikerlari klasikoak, antzerkilariak gara, eta argi geneukan ez genuela antzerkiari buruzko liburu bat idatzi nahi. Ikerketaren emaitza oholtza gainean ikus daiteke, eta horrek bultzatuta aukeratu dugu formatu bat preseski: konferentzia performatiboarena. Zer den hori? Funtsean, konferentzia baten eszenaratzea duen pieza bat: pertsona bat —edo gehiago— publikoaren aurrean, eta powerpoint bat, edo mahai bat, edo aulki bat, baso bat ur... aktoreek konferentzia bat eskaintzen dute, baina konferentzia hori gorputzeraino sartzen zaie, erabiltzen dute gorputza, adierazteko eta irudiak sortzeko. Gainera, umorea ere erabiltzen dute.

Torrealdairen zer alderdi taularatzen dute Javier Barandiaran eta Intza Alkain aktoreek? «Biluzia» aipatzen da izenean berean, baina zer da hori? 

Euskaldunon egunkaria itxi eta gero Torrealdaik eginiko testigantza batek iradokitzen ziguna hartu genuen inspirazio iturri, guztiz. Esaten zuenekoa artxibo guztia hustu, lapurtu ziotela. 

«Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki».

Bai, eta hainbeste gauza sartzen dira esaldi horretan: zer den lapurtzea zurea bakarrik ez den ondare bat, zer neurritakoa izan daitekeen pertsona baten ahalegina jendarte bati zerbait ematekoa, dokumentazioarekiko pasioa... Torrealdairena iltzatua genuen; horregatik eraman genuen metaforara. Karpeta huts bat, gero zera pentsatzeko: «Zerekin bete orain?». 

«'Euskaldunon egunkaria' itxi eta gero Torrealdaik eginiko testigantzak iradokitzen ziguna hartu genuen inspirazio iturri, guztiz. Esaten zuenekoa artxibo guztia hustu, lapurtu ziotela»

Nori egiten zaio galdera? 

Publikoari. Zehazki, hau: «Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?». Erantzunak idatziz jasotzen ditugu, eta balio du ikusteko zer gertatzen den biluzte baten ondoren dokumentu berri bat sortzen badugu.

Ariketa zer moduzkoa izan da orain arteko emanaldietan?

Oso hunkigarria. Erantzunetan jasotzen ditugu ideia intimoak, historikoagoak... eta azaleratzen ari da jendeak gai asko sentitzen dituela jaso gabeak, kontatu eta transmititu gabeak.

Zer eginen duzue ideia horiekin? 

Ez dakit egin beharko genukeen erakusketa bat inoiz, edo Interneten zerbait. Bestalde, maiatz inguruan plazaratuko dugu hausnarketak biltzeko liburua.

Zer jasoko duzue, zehazki?

Idatziz artxibatu dugu prozesuan egin dugun guztia, baina liburua artistikoa ere bada. Besteak beste, Danele Sarriugarte idazleak, Maria Elorza zinema zuzendariak eta Nagore Legarreta argazkilariak hartu dute parte. Kolaboratzaile ibili dira proiektuan, eta dinamika bana izan dute. 

«Batzuetan, ikusten dugu artxiboa museoko kontu hil bat bezala, eta ez da hori. Uste dut Torrealdai oso kontziente zela horretaz»

Torrealdaik zioenez, dokumentazioak «aurrera begirakoa» behar du. 'Artxibo Biluzia'-k zer bide nahi duzue urratzea?

Proiektuaren hasieratik, dokumentazioa ez, dokumentakzioa hitza erabili dugu. Ikusi dugu memoria artxibatzea ere badela gure historia idaztea. Are: dokumentazio lanik gabe igual ez lirateke gauza berri asko gertatuko etorkizunean. Batzuetan, ikusten dugu artxiboa museoko kontu hil bat bezala, eta ez da hori. Uste dut Torrealdai oso kontziente zela horretaz.

Umorearen erabilera aipatu duzu arestian. Nola kudeatu hori, jorratzen den gaia hain gogorra izanik ere? 

Beti esan dugu umorea ez dela bakarrik txistea. Bada jendea esaten duena gai serio batean umorea erabiltzea friboloa dela, baina sinetsita gaude umoreak guztiz kontrakoa dakarrela. Edozein gairi buruz aritu zaitezke umorez, baita pisu politiko handiko kontuez ere, edo gai dramatikoez. Are gehiago: gure ustez, ez bazara kapaz gai bati buruz umorearen bitartez hitz egiteko, igual horrek esan nahi du oraindik ez zaudela prest gaiaz mintzatzeko, oro har. Umoreak permititzen baitu ironia, distantzia bat gordetzea, enpatiatik gerturatzea. Absurdoaren eskolakoak gara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.