Memoria bisual eta grafikoa

Nerea Lekuona artistak bi horma irudi handi ikusgai jarri ditu Gasteizko Artium museoan

Nerea Lekuona, Artiumen ikusgai jarri duen horma irudi berria atzean duela. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Artxiboetan eman ditu azken urteak Nerea Lekuona artistak (Gasteiz, 1976), hemerotekei begira. Egunkarietako orriak banan-banan errepasatzen aritu da, eskuak tintaz zikintzen, iraganari egungo betaurrekoez begiztatzen. Izan ere, frankismoaren osteko urteak aztertu ditu artistak, Espainian trantsizioa deitu zen garaikoak, eta galbahe lana egin du orduko mobilizazioetan eta protesta ekintzetan erabiltzen ziren aldarrikapenak biltzeko. Gasteizko Artiumen jarri du ikusgai lan horren emaitza, hitzak eta leloak museoko hormetan paratu baititu memoria eta gogoeta ariketa gisara. Idealak erakusketa osatu du hala. Abenduaren 10era arte egongo da zabalik, A03 aretoan, hain zuzen ere.

Artiumek Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan hartu ditu Lekuonaren obrak, hau da, museoak duela gutxi eskuratu eta bere funtsetara batu dituen lanak ezagutaraztea helburu duen egitasmoari lotuta. Hain zuzen ere, aldarrikapenez eta leloz osatutako Consignas horma irudi erraldoia da horietako bat. Lekuonak erakusketarako espresuki egindakoa da, Artiumen oraintsu egin duen egonaldia aprobetxatuz ondutakoa.

Askotariko tipografiak eta garaiko errotulazioak erabiliz, alfabeto baten gisara aurkezten ditu hitzak horma irudian, euskaraz eta gaztalanaiaz: Alde, Amnistia, Bakean, Basta, Borroka, Crisis, Democracia, Etxera, Euskaldun, Euskara, Empleo, Fuera, Herria, Kalera, Konstituzioa, Libertad, Nuclear, Obreros, Pacto, Paz, Social, Terrorismo, Trabajo...

Orainalditik abiatuta iraganari begiratzeko eta hari buruz hausnartzeko gonbita egiten du artistak. «Instalazioa memoria edukiontzi moduko bat da», adierazi du Lekuonak. «Orduko aldarriez gogoratzeko balioko dio jendeari, berriak sortzeko, garai hartan zer aldarrikatzen zen ikusteko, eta gaur egun zer lortu den eta ez den aztertzeko».

Aldarri horietako batzuk egun oraindik erabiltzen badira ere, askok eta askok ez dute orduko «esanahi bera», artistak gogorarazi duenez. Eta badira egun ahoz aho dabiltzan arren orduko kroniketan agertzen ez zirenak ere. «Emakumeen eskubideei lotutako aldarriek, esaterako, ez zuten gaur duten indarra. Abortuari buruz, berdintasunari buruz hitz egiten zen orduan ere, baina aldarrikapen feministak zabalduago daude gaur egun, eta egunkarietako orrialde gehiago hartzen dituzte», zehaztu du artistak.

Alderaketa hori egiteko balio du, hain zuzen ere, erakusketan ikus daitekeen beste obra batek. Bideo instalazio bat da, eta Gasteizko manifestazio bateko irudiak erakusten ditu. «Frantzia kaleko manifestazio bateko irudiak dira, museoaren parean grabatutakoak. Kale horretatik igarotzen dira Gasteizen egiten diren manifestazio gehientsuenak», zehaztu du artistak.

«Arrakala» bat abiapuntu

Erakusketan ikusgai dago, halaber, 2021ean museoak bere bildumarako eskuratu zuen Laboratorio en Transición lana osatzen duten hainbat objekturen hautaketa bat. Lan hori Arabako Gobernu Zibil zaharreko funts dokumentaletan egindako ikerketatik abiatuta osatu zuen Lekuonak. Ehun objektutik gorako multzo bat bildu zuen: argazkiak, dokumentuak, planoak, mapak... Eta esku hartu zuen horietako batzuetan, garai hartako imajinario politikoarekin eta botereak igorritako mezuekin lotura zuten hitzak, esaldiak edota aldarriak idatziz.

Hain zuzen ere, bi mutur horien arteko eremuan dago erakusketaren muina, Enrique Martinez Goikoetxea komisarioaren hitzetan: «Trantsizioan izan ziren bi muturretako diskurtsoen arteko eremuan sortzen diren idealak erakustea da erakusketaren helburu nagusia. Hortik dator izenburua ere. Arrakala horretan sakondu nahi izan dugu. Hori izan da abiapuntua».

Bi horma irudiak testuinguruan jartzez gain, artistaren lan prozesua ere erakutsi nahi izan dute arduradunek erakusketan. Horretarako, ikusgai jarri dituzte Lekuonak mural berria osatzeko egindako marrazki eta zirriborroetako batzuk.

Erakusketaren bueltan hainbat egitasmo ere antolatu dituzte museoan. Irailaren 22an, erakusketa ireki berritan, Martxoaren 3ko abestiak: ahanzturaren eta inpunitatearen kontrako musika emanaldia egin zuten, Memoria Gara taldearekin elkarlanean. Eta urriaren 27an, ostiralarekin, Nerea Lekuonaren eta Sejo Carrascoren arteko solasaldia egingo dute Artiumen, Juan Ibarrondo moderatzaile dela. 18:30ean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.