«Kontzientzia pizteko dei bat da. Gazteen artean, bereziki, eskuinaren atzaparrak toki guztietan ikusten ari garelako». Horixe da Pello Salabururentzat Panfleto bat atzenduraren kontra (Erein). Salaburuk hamabi bat liburu ditu argitaratuak, batzuk bakarrik eta beste batzuk elkarlanean; gehienak euskal gramatikaz eta hizkuntzalaritzaz. Baina bi saiakera ere idatzi ditu —XX. mendearen argi-itzalak (2001) eta Euskararen etxea (2002)—, eta esparru horretakoa du plazaratu berri duen lana ere.
Ahanztura da liburuaren ardatza. Baztaneraz, atzendura. «Gure gizartean ahaztutako memoria kolektiboa salatzen du liburuak», hala adierazi du Xabier Euzkitzek aurkezpenean: «Indarkeriaren inguruko gogoeta trinkoa da. Pasarte lazgarriz eta irakasbide mamitsuz betea. Liburu bortitza da. Erraiak mugituko dizkizue, eta gogoeta asko eragingo, baina gozagarri ere gertatuko zaizue».
«Hausnartzen du atzendura zergatik bihurtu den arriskutsu gizarte modernoetan. Ez ahaztearen morala erakusten digu Salaburuk», azaldu du Inazio Mujikak, Erein argitaletxeko editoreak. Frantziako memoria historikoarekin hasten da liburua, eta, Mujikaren ustez, hori bada liburuaren ezaugarri bat, «ez baita Euskal Herriaz bakarrik mintzo, mundu osoan gertatutako indarkeriazko istorioak kontatzen ditu».
Euskal Herriko indarkeria kasuez ere mintzo da Salaburu liburuan. ETAren garaiko «isiltasun kolektiboaz» dihardu idazleak, adibidez. Mujikaren iritziz, «Salaburuk azaltzen du nola gizarteak nahiago izan zuen —eta duen— ez ikusi eta ez jakin». Edonola ere, haren ustez, liburu hau irakurrita «inork ez du esango alde bakarreko kontakizuna denik». Besteak beste, GALen atentatuei, hala Lasa eta Zabalaren nola Mikel Zabalzaren kasuei eta frankismoari egin die aipamena, «era guztietako terrorismo motei», editorearen hitzetan.
Beste herrialde batzuek ere badute lekua saiakeran: Irlanda, Italia, Frantzia, nazismoaren ondoko Alemania, eta Estonia, besteak beste. Herrialde horietako herritarren istorio pertsonalak etengabe gurutzatu dira liburuaren orrialdeetan. «Sufrimendua leku askotan dago, eta jendeak asko sufritu du, Euskal Herrian eta hemendik kanpo», adierazi du Salaburuk.
«Alderdi eskuindarrak gero eta indar gehiago hartzen ari dira, gazteen artean bereziki. Uste dut ez direla jakitun horrek ekar diezagukeenaz, eta beldurra ematen dit»
PELLO SALABURU Idazlea
«Oroimenaren etika» defendatzen du saiakerak, Mujikaren hitzetan: «Ez da politika kontua bakarrik: justiziaren eta gizatasunaren oinarria da oroitzapena. Beti esan izan da historia ziklikoa dela, eta gertatutakoa estaltzen bada errepikatuko dela, edo errepikatzeko arriskua dagoela, behintzat. Iritsi gaitezke pentsatzera gaur egungo ultraeskuindarren berpizte hori ez ote den horren ondorio ere». Mujikaren adierazpenekin bat dator idazlea, eta hauxe gehitu nahi izan du: «Alderdi eskuindarrak gero eta indar gehiago hartzen ari dira, gazteen artean bereziki. Uste dut ez direla jakitun horrek ekar diezagukeenaz, eta beldurra ematen dit».
Oroitzearen «garrantzia» azaltzeko sei puntu azpimarratu ditu Mujikak: «Bat: justiziarik ez dagoela oroimenik gabe. Bi: biktimak bigarrenez ez hiltzeko. Hiru: gertatutakoa ez errepikatzeko. Lau: gizartearen duintasuna salbatzeko; ahazten duen herriak bere duintasuna galtzen baitu. Bost: ezberdintasun guztien gainetik, eta ikuspegi ezberdinen gainetik, egia partekatzeko. Sei: oroitzapena demokraziaren oinarri etikoa delako. Demokrazia ez da botoa ematea bakarrik, erantzukizuna ere bada».
Biktimen memoria
Salaburuk azaldu du ez duela lan «akademiko» bat egin nahi izan, baizik eta «biktimen memoria» bildu nahi izan duela liburuan: «Gizartean horrelako gatazkak gertatzen direnean, badaude galtzaile argi batzuk: biktimak. Hori kontuan hartzea ezinbestekoa da etorkizunera askatasunez begiratu nahi badugu».
Horren harira, Euzkitzek galdera bat egin nahi izan dio idazleari: «Ez al da hobe atzentzea eta aitzinera begiratzea?». Hau erantzun dio: «Ez. Ezin da aurrera begiratu iragana kontuan hartu gabe. Ezin da ahaztu, hor baitaude biktimak. Biktimak dira istorio hauetan guztietan, edozein tokitatik begiratuta, azkenaren azkenean gelditzen direnak. Zerbait sistematikoa da». Mujikak hau gehitu nahi izan du: «Gogoratzea ez da iraganari lotzea. Etorkizuna bermatzeko modu bat da atzera begiratzea eta gogoratzea».