Erraz egin du bertsotan, eta halaxe jaso ditu puntuak: 740,5 puntu eskuratu ditu Aitor Mendiluzek. Honela gelditu da sailkapena:
1- Aitor Mendiluze: 740,5 puntu
2- Miren Amuriza: 678,5 puntu
3- Jon Maia: 675 puntu
4- Oihana Iguaran: 671 puntu
5- Iñaki Apalategi: 648 puntu
6- Miren Artetxe: 639 puntu
2.100 lagunek berotu dute Durangoko Landako eraikina (Bizkaia). Zortziko handian oraindik giroa hotz antzean izan den arren, zortziko txikitik aurrera kantuan eta txaloka, pozik nabari zen jendea.
Kartzelan gai irekia jarri diete: “Amaitu da ospakizuna. Dena jasotzen ari zara”. Urtebetetze festetan jarri dira guztiak.
Iguaran bere urtebetetze festan. 60 urte bete ditu, eta denak etxetik joan ostean mahaia jasotzen, “malaletxean”. Bukaeran, senarra agertu zaio erratzarekin:
“Eta orain bai badaukat
ospatzeko motibo bat”
Jon Maiak txapelketan oraindik entzun gabeko Habanera doinuan abestu du. Alabaren urtebetzea ahaztu zaio, eta festa amaitu denean iritsi da etxera. Ez du aitzakiarik jarri, ez du justifikatu.
“Mundu hau salbatzea
jende askoren helburu
eta horren izenean
pertsonak ahazten ditugu”
Artetxe etorkin baten rolean jarri da, eta alabaren urtebetetze festa amaitu da:
“Zeinen zaila den integratzea
besteek nahi ez dutenean”
Downen sindromea duen ume baten amaren lekuan jarri da Amuriza. Ginekologoak berria eman zion unea deskribatu du aurrena, seigarren urtebetetzeko ospakizun osteko poza gero, eta beste ospakizun bat egin nahia hirugarrenean.
“Noizbait etxetik joango da
behinola hazi genduna
ta orduan bai izango
dela ospatzeko eguna”
Mendiluze, semearen 14. urtebetetzean. Semea hazten ari da, beste dramarik gabe:
“Berak bazuen zer ospatuta
nik badet zer pentsatua”
Apalategi “Idoiaren aitonaren” 95. urtebetetze festan jarri da.
“Datorren urtean ere
nahi zaitut aurten bezala”
Puntu erantzunetan bertsoaldi ederrak egin dituzte. Artetxe herrigintzari buruz, Errigoraren inguruan, eta Mendiluze txisparekin, azkar eta ondo, lehiaren bueltan.
Datorren igandean hasiko da Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren fasea, Amurrion. Handik kanpo gelditu dira Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Beñat Iguaran eta Nahikari Gabilondo.
Lehen fasean lortutako puntuei batuko zaizkie bigarrenean lortzen dituztenak, eta puntu gehien duten zortziak izango dira BECeko finalean, abenduaren 17an.