Åmaitu da Metrokoadroka taldeak BERRIAren hamargarren urteurrenaren ospakizun biran Zertarako hegoak (bideoa) antzezlanarekin egin duen bira. Errenterian (Gipuzkoa) izan zen lehen emanaldia, eta atzo azkenekoa, Donostiako Antzoki Zaharrean. Metrokoadroka kolektiboak ospakizunerako egindako antzezlana da Zertarako hegoak, eta oso harrera ona izan du ikusleen artean. Errenterian eta Donostian ez ezik, beste bederatzi herritan izan da ikusgai: Igorre, Beasain, Amurrio, Hondarribia, Zalla, Izpura, Bera, Mungia eta Atarrabia.
Hala ere, ez da oraindik amaitu BERRIAren ospakizun bira. Azken ekitaldia ekainaren 22an izango da, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, baina aurretik badira beste batzuk ere. Ostiralean, Tuteran, Anariren eta Ruper Ordorikaren kontzertua izango da Number Sixty garagardotegian. Egun berean, Getxon, Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren Bi Arreba bertso ikuskizuna izango da. Larunbatean, Altsasuko Iortia kultur gunean, Gariren kontzertua izango da eta Zarautzen, bertso trama izango da Aritzbatalde kiroldegian. Tramagilea Josu Goikoetxea izango da, eta bertsolariak, Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Amaia Agirre eta Amets Arzallus. Aitor Atxegaren musikarekin.