Orain urte pare bat, Ganteko Bildots Mistikoaren Erretaula-ri zutabe bat eskaini nion. Orduan ez nituen Jodocus Vijd eta Lysbette Borluut artelanaren mezenasak aipatu, ez baitzetorren esan nahi nuenaren harira. Baina Vijd eta Borluut oso presente izan ditut uda honetan, A Coruñako San Pedro begiratokian.
San Pedro A Coruñaren gainetik altxatzen den muinotxo bat da, kostaldeko bista ikusgarriak dituena. Goialdean, Cúpula Atlántica dago, begiratoki funtzioa betetzen duen eraikin erdi esferikoa. Udalak kudeatzen du, eta azken urteotan abandonatu samar egon da. Hortaz, sorpresa hartu dut guztiz berrituta ikustean.
Zara markari zor diogu errestaurazioa. A Coruñan lehen denda ireki zuenetik 50 urte bete direla ospatzeko, hiriari opari bat egin nahi izan dio (ospakizunaren web orritik hartu dut esaldia). Es Delvin diseinatzaile eta artistari instalazio esperientzial bat enkargatu dio, 50 songs of the sea izena hartu duena. Eraikinaren kanpoan, itsasoarekin lotutako poemetako 50 esaldi nahiko topiko pasatzen dira pantaila erraldoi batetik, ahots ezti batek xuxurlatzen dituen bitartean. Barnean, azken pisua moldatu da 300 pertsonak ikus-entzunezko bat goza dezaten, zirkuluetan astiro mugitzen diren eserlekuetan jarrita kupulan agertzen den proiekzioari begira.
Baiezkotasun udatiarragatik agian, pentsatu nuen Inditexek diru kopuru lotsagarriak baditu pozgarria zela behintzat mezenas lanak egitea, produkzio zailak bultzatzea, sortzaileek bestela egin ezingo lituzketenak. Antzinako mezenas handiek bezala. Ganteko poliptikoaren kasuan bezala. Baina kupula barruan topatu nuena ez zen itsasoa oinarri hartuta sortutako artelan bat, Zararen historia eta ekarpenari laudorioak botatzen zizkion publizitate-superprodukzio gogaikarria baizik.
Vijd eta Borluut etorri zitzaizkidan orduan gogora. Eurek ere artea erabili zuten beren izena goratzeko. Poliptikoaren kanpoaldean bien erretratatuak agertzen dira, belauniko Jainkoaren aurrean. Baina aldarea ez da soilik euren aberastasunaren froga: esperientzia estetiko berezia sortzen duen artelan miretsia da, eta baita erabilgarria ere mendeetan funtzio liturgikoa izan duelako Ganteko sinesleen zerbitzura.
Es Delvinen lana, aldiz, publizitate garestia da, ez artea. Literala da, zuzena, baldarra, fakturan fina den arren. Edukirik gabekoa. Eta agerikoa da kapitalismoaren nartzisismoak Ortega familia (aspaldi) itsutu duela, bertan geunden ikusleok askoz oroitzapen sakonagoa izango baikenuen ikusitakoa artelan ona izan balitz, Zararekin zerikusirik ez zuena. Esperientzia estetikoa komertzialaren gainetik jarri izan balute. Arropa eta autobonboa egin beharrean, gizarteari izpiritu apur bat oparitu izan baliote.