«Ez dut gogoratzen arteaz noiz maitemindu nintzen; baina, bat-bateko maitemin horrek 30 urte iraun du, eta intentsitate handiz». Zurgintzan aritzen da Jose Ignacio Olabe, baina badu ezkutuko zaletasun bat: artea. Horregatik, urteak daramatza gogoko dituen sortzaileak ekonomikoki hauspotzen. Mezenas bat da. Dirua ematen die, «askatasunez» gauzatu dezaten sormen prozesua. Gero, sortutako obrak etxean gordetzen ditu. Egin du salbuespen bat oraingoan, haatik. Anonimotasunetik atera, eta Editore mozorrotua izeneko erakusketa prestatu du; Koldo Mitxelenako ganbaran haren bildumako 59 grabatu ipini ditu ikusgai. Urriaren 24ra arte egongo da zabalik.
Jose Antonio Azpilikueta, Daniel Tamayo, Mikel Diez Alaba, Chema Elexpuru, Manu Garcia Seco, Koldobika Jauregi, Jesus Mari Lazkano, Alberto Rementeria eta Gentza del Valle. Haiei «lagundu» izan die Olabek. Eta haien lanak dira, hain zuzen, ikus daitezkeenak.
Era guztietako grabatuak
Grabatuak dira sorkuntza guztiak: klasikoak eta modernoak; zuri-beltzekoak batzuk eta koloredunak besteak; gai aldetik anitzak... ez dute deus komunean. Deus, bultzatzaile berberaren gidaritzapean sortuak izan direla baino. Argi esan du Mikel Lertxundi komisarioak: «Olabek daukan pasioa da bilduma honen haria». Horregatik, piezak ez daude garai bati lotuta, edo sinbolismo bati; «denetarik» dago. Komisarioak goraipatu egin du bildutakoa: «Azken 40 urteotako euskal artearen lagin sendoa da».
Eta ez da corpus indartsua soilik ongi aukeratutako obrak daudelako, baizik eta, hori baino gehiago ere erakusten duelako; grabatuez gain, zirriborroak eta sorkuntza materialak ere batu dituzte aretoan. Lertxundik azaldu duenez, Olabek ez du obren bilduma egin ikuspegi ekonomizista bati men eginez, «arteari dion txeragatik», baizik. Bildumagileak ere hala aldarrikatu du. «Ez naiz inoiz banaketa ofizialaren zirkuitu batean egon. Ez dut sartu nahi izan. Artearen alorrean sartu izanaren arrazoia lagunei eta maite ditudanei arte grafikoa oparitu nahia zen». Gordeta eduki ditu orain arte obrak.
«Sinplea» omen prozesua Olabe sortzaile baten mezenasa izan nahi duenean. Hari esaten dio, eta artistak hala nahi badu, pieza bat egiteari ekiten dio. Olabek gordetzen ditu lanak, eta edizio mugatuak sortzen ditu, «20 eta 50 kopia artean, obra bakoitzeko». «Beti saiatu naiz artista eta estanpagile onenengana jotzen eta material onena bilatzen», dio. «Kalitatea» bermatzen ahalegindu dela. Buruan grabatuta geratzen zaizkionak hautatzen ditu.
Mezenasari memorian grabatutakoak
Jose Olabe arte editoreak haren bildumako grabatuak jarri ditu ikusgai, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu