Ikus-entzule gehiago batze aldera, zenbait ezaugarri berri gehitu zaizkio Ja! Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiari haren hamazazpigarren aldian. Alde batetik, forman. Izan ere, aurrekoetan baino luzeagoa izango da jaialdia, eta gune berrietara egingo du jauzi —besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museora, lehendabizikoz—. Baina mamiz ere eraldatuko da: literatura eta umorea nagusitu izan dira orain arte, eta aurten bereziki lotuko zaio zientziari eta zientzia fikzioari. Urriaren 14tik 31ra bitarte egingo dute, Bilbon.
Etorkizunari buruz gogoeta egitea, oraina zalantzan jartzea eta beste mundu batzuk irudikatzea lehenetsi du aurtengo jaialdiak. Ikuspegi zabala eman nahi diote horri guztiari, eta horretarako eskura egon litezkeen tresna gehienak hartu dituzte kontuan, bai imajinario nagusiari dagokionez —robotak, denbora eta espazio bidaiak—, bai generoetan —distopiak, utopia futuristak—, bai eta umoreaz harago jo eta fantasiari eta beldurrari lotuz ere.
Gai zehatzagoen artean, adimen artifiziala, aurrerapen zientifiko eta teknologikoak, espazioaren esplorazioa, arte sorkuntzaren etorkizuna, aro digitaleko nortasun krisia edota etorkizuna proiektatzeko moduak izango dituzte hizpide.
«Irudimen gogoetatsuak eta umorea» batzeko ahaleginean, etorkizuna esploratu eta «oraina zalantzan jarri duten» idazleak, zinemagileak, zientzialariak eta artistak izango dira jaialdian, antolatzaileek agindu dutenez. Besteak beste, Michel Houellebecq, Rosa Montero, Mariana Enriquez, Ray Loriga, Sara Garcia Alonso, Anna Starobinets, Agustin Fernandez Mallo, Laura Fernandez, Rodrigo Cortes, Sara Barquinero eta Hidrogenesse taldea batuko dira.
Michel Houellebecq Rodrigo Blanco Calderon idazlearekin ariko da hizketan, zientzia fikzioari dion zaletasunaz. Haren lanaren zati handi bat sar liteke genero horretan, eta etorkizuneko egoerak aurreikusteko balio izan diola aitortu izan du.
Maria Enriquez idazlea beldur eta fantasia generoan aritu da batik bat. Bere azken liburua aurkeztearekin batera (Conversación con la oscuridad), idazketak politikarekin, gizartearekin, beldurrarekin eta beste fikziozko genero batzuekin duen loturaz mintzatuko da.
Rosa Montero idazleak Carlos Briones biologo eta zientzia dibulgatzailearekin egingo du solas, besteak beste Bruna Husky erreplikatzailea protagonistatzat duen bere sagaz.
Héroes, Tokio ya no nos quiere eta Rendición eleberrien egile Ray Lorigak Alfonso J. Ussia idazlea izango du solaskide. Elkarrekin, Lorigaren lanetako zenbait gai hartuko dituzte hizpide, hala nola umorea, rocka, zinema eta etorkizun distopikoek osatutako iruditeria literarioa.
Rafael Azcona gidoigilearen jaiotzaren mendeurrenak ere ardaztuko du jaialdia, aldez edo moldez. Hura gogoratzeko, lau lagun batuko dituzte mahaiaren inguruan, laurak ere Azconaren adiskide eta lankide izandakoak: Fernando Trueba, Maribel Verdu, Manuel Gutierrez Aragon eta Bernardo Sanchez.
Zientzialariak eta irudimena
Sorkuntzaz harago doazen esparruetara joz, zientzialariek protagonismo berezia izango dute jaialdian. Sara Garcia Alonso astronauta eta Mariano Sigman neurozientzialaria irudimenaz arituko dira hizketan, Laura Fernandez idazlearen laguntzaz. Zientziaren eta zientzia fikzioaren arteko harremanari eta ezagutzaren eta sorkuntza artistikoaren arteko loturari ere begiratuko diote. Eduardo Saenz de Cabezon matematikariak eta Gisela Baños fisikari teorikoak, berriz, zientzia fikziozko obra ezagunenetako batzuk jarriko dituzte fokupean, haien lorpenak eta akatsak aletzeko.
Sarrerak guneen eta ekitaldien araberakoak izango dira. Irailaren 23tik aurrera, webgunean eskuratu ahal izango da horren gaineko informazioa, bai eta egitaraua ere. Guggenheimen egingo diren saioetan museoaren lagunek izango dute lehentasuna, eta gainontzekoek hilaren 30era arte itxaron beharko dute.
egitaraua
Urriak 14, astelehena. Ja! jaialdiaren inaugurazioa: Rosa Montero eta Carlos Briones. 19:00, BBK sala.
Urriak 15, osteguna. ‘La conjura de los necios’. Iggy Rubin, Enrique Murillo eta Albert Monteys. 19:30, BBK sala.
Urriak 16, ostirala. ‘Irrealaren erreala’. Anna Starobinets eta Elia Barcelo. 18:30, BBK sala. / Kontzertua: Hidrogenesse. 20:00, BBK sala.
Urriak 17, larunbata. Barbara Goenaga eta Esti Gabilondo Dolores Redondorekin elkarrizketan. 12:00, BBK sala. / ‘Zientzia fikzioaren zientzia’. Eduardo Saenz de Cabezon eta Gisela Baños. 19:30, BBK sala.
Urriak 18, igandea. Tor eta Txoborro magoak. 12:00, BBK sala. / Rodrigo Cortes Juan Basekin solasean. 18:30, BBK sala.
Urriak 23, ostirala. ‘Etorkizuneko museoak’. Manuel Fontan eta Agustin Fernandez Mallo Rafael Orbegozorekin solasean. 18:30, Arte Ederren Museoa. / Ray Loriga eta Alfonso J. Ussia. 20:00, Arte Ederren Museoa.
Urriak 24, larunbata. Laura Fernandez. 12:00, Joker / ‘Azcona, 100 urte’ Fernando Trueba, Maribel Verdu, Manuel Gutierrez Aragon eta Bernardo Sanchez. 19:00, Guggenheim museoa.
Urriak 25, igandea
. ‘Zientzia eta fikzioa: posible denaren artea’. Sara Garcia Alonso, Mariano Sigman eta Laura Fernandez. 19:00, Guggenheim museoa.
Urriak 29, osteguna. Mariana Enriquez Monica Crespo eta Bego Orbezuarekin solasean. 19:00, Bidebarrieta kulturgunea.
Urriak 30, ostirala. Michel Houellebecq eta Rodrigo Blanco Calderon. 19:30, Euskalduna jauregia.
Urriak 31, larunbata. Zientzia fikzioko tailerra haurrentzat. 12:00, Joker.