«Fillus de anima». Paradoxikoki, Sardiniari estuki lotutako kontzeptu itzulezin horrekin abiatu zuen Michela Murgia idazle, blogari eta aktibista katoliko feminista independentistak (Cabras, Sardinia, 1972 - Erroma, 2023) nazioarteko literaturaren ateak ireki zizkion Acabadora eleberria. Horiek dira liburuko lehen hitzak. Izan ere, arimako umeak esaten diete han familia biologikoa utzi eta beste familia baten kargu geratzen diren umeei, eta, hain justu, hori da Maria izeneko eleberriko protagonistaren kasua. 1950eko hamarkada amaieran hasten da haren kontakizuna; alargundu berria da Anna Teresa Listru, eta badaki ezinezko izango zaiola ume guztien kargu egitea. Horregatik, Bonaria Urrairen esku utziko du alaba, eta, hala, lorez eta hildako inurriz apaindutako lokatz puska batekin jolasten amaitu bezain pronto, ama berri horren eskutik joango da Maria bere etxe berrira, sekula berriz ez atzera itzultzeko.
Baina eleberriaren hasiera baino ez da hori. Nobelak aurrera egin ahala joango baita Maria ohartzen bere ama berria acabadora bat ere badela, «amaitzaile» bat; Sardinian tradizionalki hilzorian sufritzen ari ziren gaixoei azken herio kolpea ematen zien emakumea, alegia. Hamaika sari jaso zituen lan hari esker Murgiak, eta hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute liburua geroztik. Antzerkigintza eta saiakera ere landu zituen, eta Sardiniarako presidentegai independentistarik arrakastatsuena ere izan zen, 2014ko hauteskundeetan, botoen %10eko langa gaindituta. 2023 hasieran giltzurruneko minbizia zuela jakin, eta hilabete gutxira hil zen, ordea, 51 urte baino ez zituela; denbora justua izan zuen esperientzia hura oinarri hartuta Tre ciotole. Rituali per un anno di crisi (Hiru ontzi. Krisi urte baterako erritualak) fikziozko liburua argitaratzeko.
Ipuin bilduma baten eta nobela baten arteko erdibidean dago lana, eta, nahiz eta fikziozkoa den oso-osorik, biografikoa da abiapuntua. Gaixotasunagatik. Izan ere, giltzurrunetan zabaltzen ari zaion minbiziaren berri ematen dion medikuaren abisuarekin abiatzen baita liburua. Baina ipuinik ipuin edo kapituluz kapitulu aldatzen joango da narratzailea, eta, hala, minbiziaren berri jaso duen emakumearekin hasi arren, haren mutil lagunaren, albistea eman dion medikuaren eta bestelako lagunen ikuspuntutik egingo du aurrera kontakizunak, txatalez txatal, elkar bultzatzen duten domino piezaz osatutako jolas milimetriko horietako bat izango balitz bezala.
Hezur hautsiak
Eskubaloi jokalari aritu ahal izateko umetan eskuko hezurretan egin behar izan zituen luzaketez mintzo da narratzailea kontakizun horietako batean, adibidez. Neska izanik, boleibolean jokatu beharko lukeela esaten dio eskolako heziketa fisikoko irakasleak. Lanaren lanez, lortu egiten du eskua eskubaloirako egokitzea, ordea. Baina kolpean etengo zaio kirol ibilbidea, lesio baten ondoren, mutil gazte talde baten entrenatzaile izatea beste aukerarik ez baitzaio geratuko. Eta, beste ipuin askotan bezala, kasu horretan ere, ia esan gabe esaten duenak egiten du pasartea gogoangarri. «Apurtu behar ez nuen hezurra apurtu nuen, eta bestelakoetarako baliatu behar izan nuen grabitatearen indarraren aurka gauzei orekan eutsi ahal izateko gaitasuna. Apurtutako hezurrez aspertuta, hemezortzi urterekin joan nintzen etxetik, eta ezagun baten pubean hasi nintzen lanean».
Isabel Coixet zinemagile katalanak aurtengo otsailean estreinatu zuen Murgiaren liburu horretan oinarritutako filma, Tres adioses titulupean.
Sardiniako independentziaren aldeko militantea ere izan zen, eta sardinierak 1950eko hamarkadan bizi zuen egoeraren lekukotza ere ematen du 'Acabadora' eleberriak.
Arimako alaba izan zen Murgia bera ere. Idazleak kontatua duenez, bortitza zuen aita, eta ikasten jarraitzea galarazi nahi ziola ikusirik, 18 urterekin egin zuen alde etxetik, eta orduan bilakatu zen beste familia bateko alaba. Teologia ikasi zuen, eta, kontatua duenez, 19 urteren bueltan hasi zen sinisten. Telefonista lanetan ere aritu zen sasoi hartan, xurgagailuak saltzen zituen nazioarteko enpresa batentzat. Giro erabat toxikoa zuten lantokian, eta haren berri emateko blog anonimo bat abiatu zuen idazleak.
Editore batek bloga irakurri, egilearekin harremanetan jarri, kontakizun haiek liburu batean biltzeko proposatu, eta horrek abiatu zuen Murgiaren idazle bizitza.
Sardiniako independentziaren aldeko militantea ere izan zen, eta sardinierak 1950eko hamarkadan bizi zuen egoeraren lekukotza ere ematen du Acabadora eleberriak. Italieran nota eskasak dituelako errieta egiten ari zaio Bonamaria arimako alabari, eta italiera ikasi beharragatik kexu mintzo zaio txikia: «Total, ez du ezertarako balio», esaten du. «Eskolatik kanpo denok hitz egiten dugu sardinieraz. Zuk sardinieraz hitz egiten duzu, eta nire ahizpek, eta Andriak. Denek!». Eta patxadaz ematen dio erantzuna orduan amak. «Hemen denek sardinieraz hitz egin arren, italiera ikasi beharra dago, bizitza honetan inoiz ez dakizulako zer pasatuko den. Sardinia Italian dago». Eta umeak berriro ere protesta. «Ez da egia Italian dagoenik! Bereizita gaude, mapan ikusi nuen. Itsasoak bereizten gaitu». Eta buelta berriz ere amak. «Maria, zu noren alaba zara?». Alabaren erantzuna: «Anna Teresa eta Sisinnio Listrurena...». Eta halere Sorenin bizi dela gogorarazten dio Bonamariak. «Zure amarengandik bereizita bizi zara, beraz, baina oraindik ere haren alaba zara, ezta? Ez zarete elkarrekin bizi, baina ama-alabak zarete».
Faxisten argudioak
Militante feminista ezaguna ere izan zen Murgia, eta faxismoaren zabalpenak zeharo kezkatuta eman zituen bizitzako azken urteak.
Horren lekuko da titulutik hasita umorerik probokatzaileenaz idatzitako 2018ko Istruzione per diventare fascisti saiakera (Faxista bilakatzeko jarraibideak). «Demokrata izatea ezin nekagarriagoa da», onartzen du testuaren pasarteetako batek. «Konplexutasuna kontuan hartu beharra dakar, ahalik eta jende gehienari helarazi behar zaizkio orainaldia interpretatu eta deskodetzeko tresnak, elkarrekin duguna hobetzen lan egiteko prest dagoen edonori ziurtatu behar zaizkio horretan parte hartu ahal izateko beharrezko tokia eta parte hartzeko moduak. Baina denok ez dugu demokrata izateko interesik. Egia esan, gaur egungo Italiari erreparatuz gero, badirudi inork ere ez duela horretarako interesik, eta are gutxiago politikaren esparruan. Zergatik jarraitzen dugu orduan demokraziarekin denbora galtzen askoz ere bide seguru eta azkarragoak hartu beharrean? Ez al da faxismoa, bada, estatua hobeki, merkeago, azkarrago eta era eraginkorragoan kudea daitekeela erakusten duen sistema kontrastatu bat?».