Mignonneau eta Sommerer arte digitalaren aitzindariei eskainitako atzera begirakoa zabaldu du Azkuna zentroak

Artista bikoteak 1990eko hamarkadatik gaur egunera arte sortutako hamazortzi instalazio bildu dituzte aretoetan. Interaktiboak eta jostariak dira haietako gehienak.

The artwork as a living system erakusketa Azkuna zentroan
Bi bisitari, Bilboko Azkuna zentroko erakusketako piezetako batekin jolasten. OSKAR MATXIN EDESA
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko otsailaren 07a
15:30
Entzun

Aitzindari izateak bihurtu ditu klasiko Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau artistak. Bikoteak hiru hamarkada daramatza arte digitala lantzen, eta haien hamazortzi lan biltzen dituen atzera begirakoa zabaldu dute orain Bilboko Azkuna zentroan. «Unibertsitatean ikasitako lehen multimedia artisten belaunaldia da haiena», azaldu du Genoveva Rueckert-Sommerauer komisarioak, eta oraingoa «arte eta teknologia» erakusketa bat dela adierazi du Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak. Kable eta tresneria konplexurik ez, ordea; halakoen ordez, inurri, erle eta eulien irudiak eta benetako landareak topatuko ditu bisitariak aretoan. Hain zuzen, bizitza analogikoaren eta programazio digitalaren arteko joan-etorri horrek elikatzen ditu artisten lanetako asko, maiz, ikuspegi nabarmen jostariarekin, gainera. The Artwork as a Living System deitu dute erakusketa (Artelana sistema bizi gisa) eta maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai.

1992koa da erakusketako piezarik zaharrena: Interactive Plant Growing (Landare hazte interaktiboa). Bost landare topatuko ditu bertan bisitariak, areto erdian, eta, haiek ukituz gero, kontaktu horren eraginez, landare digital batzuk ikusiko ditu pantailan sortzen eta hazten. Ukitu bonsaia, adibidez, eta hosto mota bat zabalduko da pantailan; ukitu iratzea, eta bestelako landare digital bat azalduko da proiekzioan; ukitu kaktusa, eta desagertuz joango dira guztiak. «Sasoi hartan ez zen halakorik sekula egin», azaldu du Sommerrek. «Ordura arte inork ez zuen bizitza analogikoaren eta digitalaren arteko harremana horrela landu».

Euli-erretratuak

Hain zuzen ere, digitalak izanik ere, naturari egiten diote erreferentzia erakusketako obra gehienek. Lehen aretoan, esaterako, 10.000 euli topatuko ditu bisitariak pantaila batean, nahas-mahas bizian. Haren aurrean tarte labur bat emanez gero, ordea, berehala igarriko du euli horiek bere silueta edota aurpegia erreplikatzeko biltzen direla, eta, bisitaria mugitzen hasiz gero, berehala berriz zurrunbiloan hasi.

THE ARTWORK AS A LIVING SYSTEM erakusketa
THE ARTWORK AS A LIVING SYSTEM erakusketako irudi bat. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU

Sommererrek onartu du maite dutela obrak «jostariak» izan daitezen, baina ez du uste jolas hutsa direnik ere. «Jolastea gauza ona da, edonola ere, jendea prozesuan murgiltzen du, eta espero dugu horrek gogoeta artistikoa ere eginaraziko duela». Ezinbestekotzat jo du ikusleen presentzia, halere. «Jendeak haiekin hartu-emanak sortzen dituen heinean soilik existitzen dira pieza hauek».

Hasi zirenean ordenagailuak oraindik ere urriak zirela gogoratu du Sommererrek, eta zaila izaten zela haiekin lan egitea. Dioenez, egindako lanek «errazago» zuten ikusgaitasuna lortzea, oso gutxi zirelako ordenagailuekin lan egiten zuten artistak. «Orain, arte digitalari buruzko hamaika master, espezializazio eta doktoretza programa daude, eta oso zabalduta dago. Are gehiago, bada urrunago jotzen duenik, esanez gaur egun dena bihurtu dela arte digitala, baita margolariena ere, haiek ere gaur egungo teknologiak erabiltzen dituztelako lanerako, eta interfazeekin eta ordenagailuekin lan egiten dutelako. Dena hibridatu da alor digitalarekin, beraz. Eta, hala, zailagoa da horrek ikusgaitasuna lortzea».

«Orain, arte digitalari eskainitako hamaika ikasketa programa daude, eta bada urrunago jotzen duenik, esanez gaur egun dena bihurtu dela arte digitala, margolariek ere erabiltzen dituztelako teknologia digitalak eta ordenagailuak lanerako».

CHRISTA SOMMERERArtista

Life Writer (Bizitza idazlea) obra ere badago aretoan, 2006koa. Idazmakina zahar bat da, berez, egurrezko mahai baten gainean, eta sabaitik zintzilik dagoen proiektore batek argitzen du haren orri erabat zuria. Baina makinan zerbait idatzi —edozer—, papera atzera bota, eta tinta zirudiena zomorro forma hartzen eta mugitzen ikusiko du bisitariak berehala, orrian gora eta behera. Segi idazten, eta testu bakoitzak zomorro mota berezi bat sortuko du. Erreproduzitzen eta orrian sakabanatzen eta elkarrengana gerturatzen ere ikusi ahalko ditu, gero. Gose direnean, letra gehiagoren bila hurbilduko zaizkio. «Idazten duzuna izaki horien DNA bezalakoa da», azaldu du Mignonneauk.

Arretaren ekonomia

Teknologikoki sinpleagoa da The Value of Art (Artearen balioa) artelana, esaterako, baina badu bere eztena. Hiru koadro topatuko ditu bisitariak horman zintzilik. Katu baten irudia, itsas paisaia bat eta emakume baten erretratua. Margolanaren unean uneko balioa adierazten duen tiket bat ere topatuko du ikusleak, koadroaren azpian. Ikusleek obrari begira pasatzen duten denbora neurtzen du gailu batek, eta, inork hari bost segundoz arreta jartzen dion aldiro, 50 zentimo garestitzen du artelanaren prezioa.

Irribarrea ahoan duela eman du lehen azalpena Sommererrek. «325 euroan erosi genion katuaren obra artista bati, nahiko merke, eta orain 29.000 euro balio dituela dio tiketak». Baina sakonagora ere jo du gero. «Txantxa moduko bat da, noski: arretaren ekonomia da obraren sakoneko gaia. Hainbat pentsalarik diotenez, arreta bilakatu baita gaur egungo dibisa».

Bilbokoa laugarren geltokia du erakusketak. Aurrez, Alemaniako ZKM zentroan, Austriako OO Landes-Kultur gmbH gunean, eta Bruselako iMAL zentroan izan da ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.