Baserrietarik hirietara, herri «pobreetatik» hiri handietara edota AEBetara dira abian nagusiki Latinoamerikako populazioak. Baina badira beste herrialde batzuetatik Latinoamerikara datozen populazioak ere —Asiatik Brasilera doazenak, kasurako—, eta gero eta ugariagoak dira, Serge Fohr Latinoamerikako Kulturen Miarritzeko Jaialdiaren presidentearen arabera. Migrazioaren alde horiek guziak erakutsi nahi dituzte aurtengo film festibalean. Kleber Mendonca, Claude Lelouch, Dolores Fonzi eta Sebatian Lilo izango dira aurtengo gonbidatuetako batzuk.
Egitarau aberatsa ondu dute buruilaren 20tik 26ra bitarte. 75 film proiektatuko dituzte orotara, eta lau sailetan lehiatuko dira: fikzioak, dokumentalak, film luzeak eta laburrak. Miarritzeko hiru gune nagusitan antolatuko dute festibalaren 34. aldia: Le Royal zineman, Gare du Midi arteoan eta Kasinoan. Egunero, 10:00etatik 22:00etara iraunen du egitarauak, Kasinoan batez ere, horixe baitu festibalak egoitza nagusia.
Fohren erranetan, kulturaren aldeko «diru engaiamendua» murrizten ari den heinean, Latinoamerikako festibala bizirik izatea «sekulako altxorra» da. Gaia migrazioa denez, AEBetara abian diren milioika mexikarren fenomenoa jorratu nahi izan dute nagusiki aurten, baina baita Latinoamerikara doazen Asiako populazioen mugimenduak eta zergatiak ere, bertze migrazio mugimendu batzuez gain. Migrazioa XXI. mendeko «arazotzat» jo du, eta, beraz, fenomeno geopolitikoa zinematik ere aztertu eta zabaldu behar dela erran du.
Aurten ere, Latinoamerikako Kulturen Miarritzeko jaialdia zinema festibal bat izanen da batez ere, antolatzaileek hala definitzen baitute ekitaldia. Baina eskaintza anitzez zabalagoa izanen da, eta bertzelakorik ere antolatuko da: literatura topaketak, tailerrak, erakusketak, dantza ikuskizunak eta kontzertuak ere proposatuko dituzte. Eskaintza oro Latinoamerikari lotua izanen da manera batez edo bertzez, eta hango parte hartzaile anitz helduko dira Miarritzera, filmen aurkeztera edo hitzaldiak ematera.
Pepe Mujika eta borroka feminista
Usaian, ortziralez egiten dute sariak emateko zeremonia, baina aurten ortzegunera aitzinatzea erabaki dute. Hala ere, ortziralez hetsiko dute festibala, Sebastian Lelioren La ola filmarekin. Jean Christophe Berjon festibaleko ordezkari nagusiaren arabera, «energia leherketa bat» da filma. Txileko mugimendu feministari buruzkoa da, zeinak mugimenduaren aldeko eta kontrako gizarte erantzun oro aipatzen dituen.
Hasi, berriz, Kleber Mendonca Filhoren O agente Secreto filmarekin hasiko dute festibala. Film egile brasildarraren talentua eta engaiamendua txalotu dute antolatzaileek, eta haren azken ekoizpena film «ikaragarritzat» jo dute. Cinema Novo mugimendu artistikoaren ondorengo gisa definitu dute, eta, hain justu, bere aitzindari Carlos Dieguesi omenaldia eginen diote aurten.Â

Mintzaldiak ere egin zituzten iaz, eta aurten ere egitarauan txertatuko dituztela azpimarratu dute. El conversatorio deitzen diote eztabaida xokoari. Pepe Mujikari buruzko oinordekotza jorratuko dute Denis Merklen soziologoak eta Alvaro Brechner film egileak. Bertzalde, Argentinako eta Txileko borroka feministari buruz mintzatuko dira Dolores Fonzi aktorea, Sebastian Lilo zuzendaria eta Ana Elena Correa abokatua. Bide batez, hizkuntza minorizatuen biziberritzea landuko dute Plazara kolektiboko kideek eta Augusto Zegarra Peruko film egileak.
Sakelakoaz eginiko filmak
Stephanie Loustau idazkari nagusiak zehaztu duenez, sakelako telefonoaren bidez egin hamar film labur jinaraziko dituzte, eta Miarritzeko eta Baionako ikus-entzunezkoen saileko ikasleek epaituko dituzte. Film gehienak zinema geletan proiektatuko dituzten heinean, sakelakoaz grabatu hamarrak Kasino ondoko pantailan emitituko dituzte. Horren karietara, Claude Lelouch zuzendaria gonbidatuko dute, hark egin baitu sakelakotik grabatu lehen film luzea. Gai horretaz eta adimen artifizialak zineman duen presentziaz eztabaidatuko du Yves Allion kazetari eta zinemako historialariarekin, Kasinoko Enbaxadoreen gelan, buruilaren 25ean.Â
Bertzalde, urtero berritasun bat txertatzen entseatzen diren heinean, egunero 18:30ean FBALTV telebistako berrisaila emitituko dute, Kasino ondoan. Festibalaren egun guzietako 24 oreneko bideo zati «esanguratsuenak» proiektatuko dituzte festibala hurbiletik segitzen ahal ez duenarentzat.