Musika

Mikel Gorosabel 'Norton': "Disko berria erditze natural bat izan da"

EH Sukarrak disko berria kaleratu du: 'Uhinak'. Taldearen zazpigarrena da, aurrekoa atera eta 11 urtera. Kantak "garbiagoak" direla esan du Nortonek aurkezpenean. [YouTube]http://youtu.be/KOWASYvJjeo[/YouTube]

Iñigo Astiz
2013ko apirilaren 12a
15:55
Entzun

2002an grabatu zuen EH Sukarrak azken diskoa: Galtzailearen egunak. Orain Bilbon aurkeztu dute lan berria: Uhinak. "Erditze natural bat izan da", dio Mikel Gorosabel Norton abeslari eta gitarra jotzaileak. "Banuen kantu bilduma bat, eta kaleratu beharra sentitzen nuen". Bera da jatorrizko formaziotik taldean jarraitzen duen bakarra, baina azaltzen duenez, bada urteak joan eta urteak etorri irmo iraun duen zerbait: Rocka. Rocka eta kantuak sortzerakoan sentitzen duen askatasuna.

Hirukote gisa grabatutako lehen lana izango da, eta Nortonek dioenez, kantak "garbiagoak" dira horregatik. Punk-rock melodikoa da nagusi diskoan, taldeak propio duen estiloan. Baina ez da enbor bakarreko lana. Hamar kantu borobil sortzea izan da helburua, Nortonek dioenez. Aske aritu omen da, eta abestika deskribatzen du diskoa: "Rockaren inguruan egindako disko bat da. Hori da ardatza, baina badira bi pop kutsuko kanta ere, eta baita balada eder bat ere. Beste zazpi kantak rock kantak dira. Azkarragoak edo motelagoak, baina rock kantak".

Asier Serrano idazleak egin ditu hitz guztiak, eta kontzeptu bakar baten inguruan sortu ditu guztiak. Ideia horri eskaini diote diskoaren izenburua ere. Mezu bat da nagusi, letragaileak dioenez. "Iraganak etorkizunean bizia izango duela orain esateko beharra geneukan". Mikel Artieda baxu jotzailea eta Heloy Galan bateria jotzailearekin grabatu du diskoa Nortonek, eta hirukote gisa emango dituzte kontzertuak; baina Loiola izango da Galanen ordez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.