Mikel Laboa katedra sortu du Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoarekin, eta gaur aurkeztu dute, EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria Zentroan, parte hartu dutenen artean Marisol Bastida zela, Mikel Laboaren alarguna.
Juan Kruz Igerabide zuzendari duela —eta Gidor Bilbao haren alboko laguntzaile—, Mikel Laboa arte berritzaile gisa ikertzeko eta ezagutarazteko eta, oro har, arteen arloko ikerlanak bultzatzeko asmoz, doktorego bekak eta master amaierako diru laguntzak emango ditu Mikel Laboa katedrak, “plastika, musika, hitza, dantza eta beste zenbait alor artistiko ikertzeko eta elkarrizketan jartzeko”. Horrez gain, sorkuntza bultzatzeko diru laguntzak ere emango ditu, eta Mikel Laboa kantu-sormen lehiaketa antolatuko du.
Aurtengo udazkenean Mikel Laboaren inguruko jardunaldiak antolatuko ditu Mikel Laboa katedrak, eta jardunaldietako ekarpenekin argitalpena plazaratuko du 2014an, hari buruzko erakusketa bat antolatzeaz gain. Katedraren webgunea ere jarriko du abian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du EHUren Mikel Laboa katedra, 555.000 euroko ekarpena eginez.