Datorren astean, hilaren 15, 16 eta 17an izango dira Mikel Laboa katedrak antolatutako jardunaldiak. Laboaren "irudi artistikoa" aztertuko dute, eta, horretarako, bere ibilbidean lagun eta lankide izan zituenen irudiak, hitzak eta musikak ekarriko dituzte. Izan ere, "artista bera eta bere garaia" hobeto aztertzeko helburua dutela azaldu du Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa katedrako zuzendariak. Hala, hurrengo asteartetik ostegunera, besteak beste, Bernardo Atxagak, Lourdes Otaegi eta Denis Labordek hitzaldiak emango dituzte. Arantxa Iturbe kazetariak, berriz, Mari Sol Bastida Laboaren alarguna elkarrizketatuko du azaroaren 16an, 17:30ean.
Musika emanaldiak ere izango dira; asteartean, Anarik eta Ruper Ordorikak kantaldia emango dute, 18:30ean; asteazkenean, Xabier Montoia hizketan eta kantari ariko da, 18:30ean; eta ostegunean, Koldobika Jauregi, Josetxo Silguero eta Iñaki Salvadorrek emanaldia eskainiko dute.
Jardunaldietarako sarrera librea izango da, leku kopurua bete arte.
Kulturuneko ganberan, musika instalazioa
"Musika jostailu bat" jarriko dute Koldo Mitxelenako ganberan. Laboaren ahotsa eta musika entzuteko parada izango da bertan, baina artistak zuen alde esperimentalari garrantzia emanez. Itziar Zubizarreta jardunaldien antolatzaileak adierazi du "atzera begiratuz aurrera begira jarri" direla erakusketan. Astearte iluntzetik azaroaren 23ra bitarte izango da zabalik musika instalazioa.