2014ko 111 Akademiaren Saria Mikel Peruarena BERRIAko kazetariak jasoko du. Peruarenak idatzitako Su zelaiak liburuak Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez ipuin bildumak baino hiru boto gehiago jaso ditu azken bozketan. Guztira, 195 akademiakidek eman zezaketen botoa. Urtarrilaz geroztik, hainbat bozketa egin dituzte, eta bi liburu horiek ziren finalistak. Azkenean, Su zelaiak lana sarituko dute.
Lehen Mundu Gerrari buruzko lana da Peruarenarena. Gerra hartan Ipar Euskal Herriko 6.000 gazte hil ziren, eta errealitate hori kontatu du liburuan.
Maiatzaren 7an egingo dute sari banaketa, Andoaingo Bastero kulturgunean, 19:30ean. Ohi bezala, ekitaldi irekia izango da.
Urtarriletik, hainbat bozketa
Urtarrilaren 20an zabaldu zen lehenengo bozketa txanda, eta bertan 2014ko libururik gogokoenaren aldeko botoa emateko eskatu zitzaien akademiakideei. Akademiaren arautegiaren arabera, lehenengo txandan obra batek jasotako botoen %30 bereganatu behar ditu 111 Akademiaren Saria jaso dezan. Ez zen, ordea, halakorik gertatu. Iñigo Aranbarriren Apirila, Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak izan ziren boto gehien zuten liburuak, boto kopuru berarekin, eta haien atzetik oso gertu geratu ziren Irati Goikoetxearen Andraizea eta Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa. Hortaz, arautegiak dioenari jarraituz, akademiako batzorde eragileak bigarren txandara pasatu zituen lehen saioan boto gehien jaso zuten bost obra horiek.
Martxoaren 8a baino lehen bost horietako baten aldeko botoa bidaltzeko eskatu zitzaien 195 akademiakideei. Bigarren txandan jasotako botoen %40 bereganatu balitu obra batek, huraxe izendatuko zuketen 2014ko saridun; ez zen, ordea, kopuru horretara iritsitako lanik egon. Hortaz, berriz ere arautegira jo, eta boto gehien jaso zuten bi liburuak finalera pasatu zituzten: Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez eta Mikel Peruarena Ansaren Su zelaiak.