Musika

Mikis Theodorakis konpositore greziarra hil da

'Alexis Zorba' filmerako egindako musikak ospetsu egin zuen mundu osoan, baina zinemarako lanak ez ezik, operak, musika sinfonikoa, ganbera musika eta beste ere idatzi zituen.

Mikis Theodorakis, 2001ek argazki batean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
mikel lizarralde
2021eko irailaren 2a
11:44
Entzun

Greziak XX. mendean mundura eramandako musikagilerik laudatu eta ospetsuena izan zen Mikis Theodorakis (Kios, 1925-Atenas, 2021). Nikos Kazantzakisen nobelan oinarrituta, Michael Cacoyannisek zuzendu zuen Alexis Zorba (1964) filmerako egindako musikak eman zion oihartzuna Theodorakisi, eta Greziako herri doinuak munduan ezagutzera emateko balio izan zuen. Alabaina, horren aurretik ere prestigio handiko konpositorea bilakatua zen bere herrialdean. Era berean, ezkerreko militantziak espetxera eta erbestera eraman zuten Theodorakis bere bizitzako hainbat unetan. Azken urteetan bihotzeko arazo ugari izan zituen, eta gaur zendu da Atenasko bere etxean, 96 urterekin.

Cacoyannisenaz gain, Theodorakisek beste hainbat soinu banda idatzi zituen; besteak beste, Costa Gavrasen bi film ospetsuenetakoak, Z (1969) eta État de siège (1972), eta Sidney Lumetek zuzendutako Serpico-rena (1973).

Denborarekin ikasketa akademikoak egin zituen arren, Theodorakisek bere kasa ikasi zuen konposatzen, bere herriko musika entzuten, eta 17 urte besterik ez zituela, lehenengo kontzertua eman zuen. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, berriz, erresistentzian militatzen hasi zen, lehendabizi Italia faxistaren kontra eta ondoren Alemania naziaren aurka. Orduan atxilotu eta torturatu zuten aurrenekoz, judu familia batzuei ihes egiten laguntzeagatik. Gerra bukatu ostean, Grezian piztutako gerra zibilean komunisten aldean borrokatu zen, eta horren ondorioz ere atxilotu eta deportatu egin zuten Makronisoseko uharte espetxera.

1954an musika ikasketak hasi zituen Parisen, Olivier Messiaen eta Eugene Bigotekin, eta garai berean hasi zen hainbat filmetarako soinu bandak, sinfoniak eta ganbera piezak idazten. 1960an, berriz, bere herrialdera itzuli zen, Greziako musika tradizionalean sakontzeko asmo irmoarekin, baina Parisen ikasitakoari inoiz uko egin gabe. Garai horretan herrialde osoa zeharkatzen hasi zen, bai herri musikan barneratzeko asmoz, bai musika hori bera publiko garaikideari ezagutzera emateko helburu garbiarekin. Hain zuzen ere, hainbat idazleren poemak musikatu zituen urte haietan, Yorgos Seferis eta Odysseas Elytisenak beste batzuen artean, eta Theodorakisen lanari esker, herri kulturaren parte izatera pasatu ziren.

1963an diputatu aukeratu zuten, eta urtebete geroago iritsi zitzaion nazioarteko ospea Alexis Zorba-ri esker. Film horretan Anthony Quinnek dantzatzen duen Theodorakisen doinu batek —Sirtaki izenburua duena—, berehala izan zuen oihartzun handia mundu osoan, eta gaur egun ere melodia oso ezaguna da.

[youtube]https://youtu.be/tfSwPO1Orlc[/youtube]

1967ko apirilean eskuin muturreko junta militar bat iritsi zen Greziako agintera, eta momentu horretatik bertatik Theodorakisen musika debekatu egin zuten herrialdean. Konpositoreak, gainera, klandestinitatera jo behar izan zuen, harik eta lau hilabeteren ondoren atxilotu egin zuten arte. Bost hilabetez espetxeratua egon ondoren, Oroposeko kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta han junta militarraren kontrako abestiak konposatzeari ekin zion. Bien bitartean, nazioartean hainbat intelektual eta artistek —Arthur Miller, Laurence Olivier, Yves Montand, Dmitri Xostakovitx, Leonard Bernstein— Theodorakis askatzeko kanpaina hasi zuten, eta, horren ondorioz, 1970ean Frantziara erbesteratu zuten konpositorea.

1970eko hamarkadan, konpositorea Greziako diktaduraren kontrako ahotsik inportanteena bilakatu zen nazioartean, eta, era berean, haren konposizioak beste herrialde batzuetako erregimenen aurkako ereserki bihurtu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.