Haren tronpetaren soinua ez zen sekula ozenena izan, baina nota erdi bat, isilune bat edo soinu ia hautsi bat aski izan zitzaion jazzaren norabidea aldatzeko. Zarata handirik egin gabe, ia xuxurlaka, jazza berrasmatu zuen. Asteon mende bat bete da Miles Davis musikaria jaio zenetik, eta haren musikak oraindik ere modernitate kutsua du; oraindik ere bada urratzaile, abangoardista eta iraultzaile. Haren jaiotzaren mendeurrenaren karietara, atzera begirakoak eta kontzertuak antolatzen ari dira egunotan AEBetan.
1926ko maiatzaren 26an jaio zen Miles Davis, Illinoisen (AEB), eta 1991ko irailaren 28an hil zen, 65 urte zituela, Kalifornian (AEB). Tarte horretan, jazzaren historia behin eta berriz irauli zuen. Haren izenean argitaratutako estudioko eta zuzeneko diskoak kontuan hartuta, 50 lan baino gehiago eman zituen, eta horietako askok musikaren norabidea erabat aldatu zuten.
«Ez jo hemen dagoena; jo ez dagoena», esaten zuen Davisek. Esaldi horrek ongi laburbiltzen du haren filosofia artistikoa: etengabe ihesi eta bila. Ez zen inoiz toki berean geratzen. Bere ibilbide osoan estilo batetik bestera maiz egin zuen jauzi, arriskatuz eta etengabe bere burua berrasmatuz. Ia hamarkada bakoitzean berrasmatu zuen.
Davisek gaztetatik erakutsi zuen musikarekiko interesa, eta 13 urterekin hasi zen tronpeta jotzen. 1944an, New Yorkera joan zen ikastera, eta haren lehen irakasleak tonu garbia eta bibraziorik gabeko soinua lantzera animatu zuen. Urte batzuk geroago, soinua bera bihurtuko zen haren nortasunaren parte. Musika ikasketak egin bazituen ere, benetako unibertsitatea New Yorkeko Harlem auzoko eta 52. kaleko jazz klubetan aurkitu zuen. Han ezagutu zituen jazz munduko izen handienetako batzuk; tartean, Charlie Parker eta Dizzy Gillespie.
1940ko hamarkadaren amaieran, bebop estiloari bizkarra ematen hasi zen. Abiadura eta birtuosismoa baztertu, eta espazioaren, arnasaren eta isiltasunaren bila hasi zen, musika lasaiagoa eta atmosferikoagoa nahi zuelako. Musikaren barnean hutsuneak uzten hasi zen, hutsune horiek ere esanahia hartzeko asmoz. Horrela sortu zen cool jazz izeneko estiloa.
1949 eta 1950 bitartean estilo horrekin grabatutako saioak Birth of the Cool disko ospetsuan bildu zituen gero. Lan hark jazz modernoaren norabidea goitik behera irauli zuen: moldaketa sofistikatuak ekarri zituen, tonu leunagoak eta leku handiagoa inprobisaziorako. Cool jazz estiloaren loraldia ekarri zuen lanak, eta, gaur egun, jazzaren historiako diskorik garrantzitsuenetakotzat jotzen da.
Nota gutxirekin
Hor dago musikariaren lehen paradoxetako bat; tronpetaren historiako musikaririk eraginkorrenetako bat izan zen, baina nota gutxirekin eraiki zuen bere hizkuntza. Beste askok baino gehiago jotzen ez zuen arren, gutxik lortu dute hainbeste esatea hain material urriarekin. Haren soinua ez zen distiratsua; zaurgarri zen batzuetan, urratua besteetan, ia isilekoa sarri.
1950eko hamarkadaren amaieran iritsi zen haren garairik gogoangarriena: Kind of Blue disko ospetsua kaleratu zuen, XX. mendeko musikaren mugarrietako bat. Lan hark askatasun berri bat proposatu zien musikariei eta entzuleei. Teknika erakustaldi bat baino gehiago izan zen: giro jakin bat sortu zuen, tentsio sotil bat. Disko hartan elkartu ziren, besteak beste, John Coltrane, Bill Evans eta Cannonball Adderley. Davisek musikariak aukeratzeko intuizio izugarria zuen, eta taldeak laborategi moduan erabiltzen zituen bere musika esperimentazioak egiteko, musikaria mutazio etengabean bizi zelako.
Horregatik, preseski, ez zuen denbora askorik iraun jazz akustikoaren eremu seguru horretan. 1960ko hamarkadaren amaieran, rocka mundua astintzen hasi zenean eta jazzaren parte handi batek purismoari heldu zioenean, Davisek kontrakoa egin zuen: elektrizitatera salto egin zuen. Askok, traiziotzat jo zuten hori; hark, berriz, bizirik irauteko modutzat.
Bitches Brew diskoarekin lehertu zituen muga guztiak. Rock psikodelikoa, funkaren erritmoak, inprobisazio basatia eta estudioko collage teknikak nahastu zituen lan horretan, eta, jazz munduko publiko tradizionalaren parte batek bizkarra eman bazion ere, beste musikari belaunaldi batentzat haize freskoa izan zen. Gerora etorriko ziren jazz fusio osoa, esperimentazio elektrikoa eta baita hip-hoparen hainbat estetikan murgiltzea ere.
Indarkeria matxista
Hala ere, gizonezko mito askorekin gertatzen den moduan, Davisek ere bazituen itzalak; eta horietako bat izan zen emakumeen aurkako indarkeria matxista erabili zuela. Haren bikotekide ohiek, besteak beste Frances Taylor, Betty Mabry eta Cicely Tysonek, salatu zuten musikariak tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkiela. Davisek berak bere autobiografian aitortzen du horrela izan zela.
Hori hala, musikariaren ondare artistikoaren inguruan eztabaida handia sortu da: alde batetik, jazzaren historian funtsezko musikari eta berritzailea da, baina, beste alde batetik, emakumeen aurka indarkeria erabili zuen. Ikuspegi feminista batetik, irakurketa kritiko ugari plazaratu dira;Â horietako bat da Pearl Cleagerek Mad at Miles lanean jasotakoa: bertan egileak hausnarketa bat proposatzen du egilearen eta haren obraren artean egon daitezkeen talkez.