Musika

Milioi bat piezako obra monumentala

MF Doom rap musikariak eta Madlib ekoizleak 2004an argitaratu zuten Madvillain proiektuko disko bakarra: 'Madvillainy'. Erreferentziazko lan bihurtu da hip-hop garaikidearentzat, eta joan den urtean berrargitaratu zuten.

Madvillain osatu zuten MF Doomek eta Madlibek. WIKIPEDIA
Madvillain osatu zuten MF Doomek eta Madlibek. WIKIPEDIA
2026ko martxoaren 1a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hip-hopean beti izan dira heriotzak. Oro har, pertsona asko hartzen zituen arte mota bat zen, eta kopuru handi horretatik, batzuek ez zuten askorik iraun. (...) A Tribe Called Questeko Phife tragikoki hil zen diabetesak jota. Prodigy anemia multiformeak eragindako konplikazioen ondorioz hil zen 2017an. MF Doom 2020an hil zen modu misteriotsuan, MF Doomengandik espero zitekeen bezala» (Questlove, Hip-Hop Is History —Hip-hopa historia da—).

MF Doom (Daniel Dumile) rap musikaria duela bost urte pasa zendu zen, 2020ko urriaren 31n, 49 urte zituela, COVID-19aren bigarren olatuak planeta modu gordinean kolpatu zuenean. Metalezko maskararen atzean ezkutatzen zen musikariaren heriotzaren albistea, baina, urte bereko Gabon zahar gauera arte ostendu zuen haren emazteak, abeslari iheskorraren ibilbide misteriotsuari beste enigma bat gehitzeko. Aurrerago jakin zen, Britainia Handiko 2023ko dokumentu judizialetan jasota geratu zelako, arteria presiorako medikamentu batek eragindako erreakzioaren ondorioz hil zen Doom. Harrezkeroztik, kultuzko pertsonaia bihurtu da rapzaleen artean, eta haren inguruan sortutako iruditeria izugarria da.

Londresen jaio izanagatik ere, gaztetxo emigratu zuen familiarekin New Yorkera; Long Islandera, hain justu. 1988an, KMD bere lehenengo rap egitasmoa abiatu zuen, DJ Sub-Roc anaiarekin batera —Zev Love X izengoitiarekin aritzen zen Dumile hastapenetako proiektu horretan—. 1991n iraupen luzeko estreinako lana plazaratu zuten, Mr. Hood, eta handik bi urtera Black Bastards grabatu zuten. Lan horretako hitzak, baina, nabarmen gogortu zituen Dumilek, eta, ondorioz, Elektra diskoetxeak ez zuen diskoa argitaratu. Britainiarrak jasotako zartakoa bikoitza izan zen, haren anaia eta taldekide zena urte berean hil baitzitzaion, auto batek harrapatuta.

Hori dela eta, Dumile bost urteko isilunean hondoratu zen, 1999an MF Doom gisa azaleratu arte. Marvel komikietako The Fantastic Fours sailean agertzen den Doctor Doom zitalean inspiratuta, Doom metalezko mozorroarekin jantzita azaltzen hasi zen agertokian. Halaber, bere inguruko mitoa abiatu zuen, rap undergroundeko bilau mindu gisara: musikaren industriak gutxietsitako musikaria eta zorigaitzak anaia lapurtu zion etorkina. Era berean, 1999an, bere lehen lan luzea plazaratu zuen: Operation: Doomsday. Disko horretan bere ibilbide guztian erakutsiko zituen ezaugarriak bildu zituen: bertsoen artean konexio disruptiboak sortzeko ahalmena, umore absurdoa, lo-fi estiloko ekoizpena eta telesail zaharretako sample-ak.

Guztira bost lan gehiago kaleratu zituen Dumilek MF Doom ezizenarekin, baina bestelako alter ego-ak ere sortu zituen, tartean King Geedorah eta Viktor Vaughn. Azken horrekin Vaudeville Villain argitaratu zuen 2003an, eta handik urtebetera villain (gaiztoa) hitza berreskuratu zuen hip-hop kulturak eman duen maisulan handienetariko bat sortzeko, rap musikaren Taj Mahala, Madlib ekoizlearekin batera eta Madvillain izengoitiz grabatutako Madvillainy, zeinak 2024an hogei urte bete zituen.

Urteurren horren harira, Stones Throw Records diskoetxeak audiofiloentzako edizio berria argitaratu du, azal berrituan jantzia. Horrekin batera, jatorrizko edizioa plazaratu baino lehen filtratutako maketak ere kaleratu ditu zigiluak.

Soinu alkimista 

Madlib (Otis Jackson Jr.) Doom baino bi urte beranduago jaio zen, Kaliforniako Oxnar hirian. Aita, Otis Jackson Sr., soul eta rhythm and blues abeslaria zen, eta amak (Dora Sinesca Faddis-Jackson) kantuak idazten zizkion aitari. Jon Faddis jazzeko tronpeta jolea zuen osaba. Sendi musikazaleak hauspotuta, Jackson txikiak 11 urte zituela sanpleatu zuen bere lehen kantua, James Brownek zuzendutako The J.B.'s bandaren Doing It To Death.

Harrezkeroztik, rap musikako soinu azti beneratuenen artean dago Madlib, magoen gisara aritzen baita diskoetatik urrezko pipitak erauzten bestelako harribitxi bihurtzeko. Alkimia hutsa. Horren adierazle Quasimoto ezinenaz grabatutako lan iraultzaileak edo Blue Note jazz zigiluko artxiboarekin jositako Shades of Blue: Madlib Invades Blue Note.

Rap musikako soinu azti beneratuenen artean dago Madlib, magoen gisara aritzen baita diskoetatik urrezko pipitak erauzten bestelako harribitxi bihurtzeko

Will Hagle kazetariak 33 1/3 bilduman Madvillainy-ri buruz idatzitako testuan jasotzen denez, Madlibek esan izan du berarentzat musika egitea meditazio modu bat dela. «Miles Davis, Sun Ra eta Thelonious Monken konglomerazio espirituala da [Madlib]: jazz inprobisatzaile bat tresneria eguneratuarekin».

Horiek horrela, Quasimotoren hirugarren lanaren bidez (The Unseen, 2000) hip-hop independentearen zimenduak arrakalatu ondotik, rapaz gogaitu, eta Yesterday's New Quintet jazz banda eratu zuen Madlibek. Elkarrizketa batean, baina, galdetu zioten ea zer hip-hop musikarirekin lan egitea gustatuko litzaiokeen, eta berak, aspertuta, MF Doom aipatu zuen. Hartara, bi bilauen plan zoro eta zitalak laster zartatuko zuen unibertsoa, Stones Throw Recordseko kideek bi musikariak konektatzeko egindako ahaleginari esker.

Elkarlana, isolamendutik

2000ko urteetan hip-hop independentea askatasun eremutzat hartu bazen ere, loraldi undergroundaren disko gehienak bertso-lelo-bertso eskeman oinarritzen ziren. Madvillainy, baina, eskema hori goitik behera aldatzeko jaio zen, surrealismora gerturatzen ziren eta ustez ulergaitzak ziren hitz jokoz jositako 22 doinu laburren bitartez. «Minor Threat bezalako punk taldeek ez bezala, riff sinpleak jo eta hitz berberak behin eta berriz oihukatzen zituztenak, aldi berean konformismo sozialaren aurkako erresistentzia bera lortuz, Madvillainek ahal duen guztia kondentsatzen du laburtasunean», dio Will Haglek. Punk talde batekin analogia egitekotan, Madvillainen proposamena Minutemen hirukotearen kontzeptutik hurbilago dago; izan ere, hari ikusezin baina sendo batekin lotu daitezke punkzaleen Double Nickels On The Dime eta hip-hop-jazz zaleen Madvillainy.

Horretaz gainera, rap musikari bat eta ekoizle bat disko oso batean elkarrekin jardutea ere nahikoa formula berria zen. Doomen eta Madliben kasuan, bien arteko kimika agerikoa zen, kezka bertsuak baitzituzten. «Dena izan zen bat-batekoa. Eskura geneukanarekin lan egin genuen. Buelta asko emanez gero, ez du funtzionatzen. Baina [zure] antzekoekin zaudenean, gauzak ondo ateratzen dira. Doom nire lehengusu superazkarraren antzekoa da. Liburuak eta diskoak trukatu genituen: Sun Ra geureganatu, Charlie Parkerren biografiak. Bada energia horretatik jaiotzen den jende bat», azaldu zuen Madlibek Jeff Weiss kazetariak Pitchfork argitalpenean idatzitako artikulu luze batean.

Halere, nahikoa isolatuta aritzeko gaitasuna zuten, biek ala biek erakusten zuten nortasunaren ondorioz: diskoetxearen egoitzaren azpian 1950eko urteetako Gerra Hotzean eraikitako babesleku antiaereoa zegoen, eta han giltzapetzen zen Madlib; Doomek, bestalde, sarritan abandonatzen zuen zigiluaren kuartela familia bisitatzeko Georgian, idazketa zatikatuari eta sarkasmoari eusten zion arren. Bunker isolatua musika sortzeko Madliben prozesu mitifikatuaren sinbolo bilakatu zen; izan ere, sasoi guztietako diskoez baliatu zen askotariko sample-ak egiteko: Brasilgo herri musika, jazza eta psikodelia, munduko musikak, terrorezko film zaharren trailerrak, antigoaleko marrazki bizidunak… Erritmo arsenaltzarra osatzeraino.

Madvillainy geruzaz zizelkatuta artelana da, denbora tarte jakin batean sortu zena, baina denboraren eta espazioaren dimentsio guztiak zeharka ditzakeena

Madvillainy geruzaz zizelkatuta artelana da, denbora tarte jakin batean sortu zena, baina denboraren eta espazioaren dimentsio guztiak zeharka ditzakeena —Tyler, The Creator, Earl Sweatshirt eta Billy Woods rap musikari garaikideentzat orakulu sakratu bilakatu da—. Askotariko azal horien artetik hamaika kondaira, txutxu-mutxu eta gatazka ere haizatu dira; besteak beste, Madlibek Brasilera egindako bidaia, zeinetan Madvillainy-ren maketak lapurtu zizkioten gerora Interneten zabaltzeko —filtrazioak diskoaren mitoa handitu baino ez zuen egin—, edo Doomen managerra izandako Walasiaren haserrea, proiektuan egin zuen ekarpena ez delako nahikoa aitortu.

Zurrumurruak gorabehera, herri musikak 60ko urteetatik aurrera eman duen edozein maisulanen parean dago Madvillainy, eta haren aberastasuna abisala da: Will Hagle: «Hip-hopeko disko guztiek erreferentziazko piezak dituzte. Madvillainy milioi bat piezako puzzlea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.