Zinema

Milos Forman zinemagilea hil da

Txekoslovakiako Zinema Berriaren Olatuko kide nabarmenetakoa izan zen zuzendaria. AEBetara jo zuen 1960ko hamarkadaren amaieran, eta bereziki One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975) eta Amadeus (1984) filmekin lortu zuen ospea. 86 urterekin hil da.

Milos Forman zinema zuzendaria, 2010eko irudi batean. WALTER BIERI / EFE
Ainhoa Sarasola.
2018ko apirilaren 14a
08:28
Entzun

Txekoslovakiako Caslav herrian sortu zen —gaur egungo Txekian—, 1932an, eta Pragan egin zituen zinema ikasketak. Bere herrialdean ondu zituen  lehen filmak; tartean, Loves of a Blonde (1965). Lan horrekin jada nazioarteko kritikaren arreta erakarri zuen, baita The Firemen's Ball filmarekin ere (1967). Hori izan zen sorterrian filmatu zuen azken lana, 1968ko Pragako Udaberriko gertakarien ondotik AEBetara erbesteratu baitzen.

Hollywooden zela zuzendu zuen One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975), bere lanik esanguratsuenetako bat. Bost Oscar sari lortu zituen Jack Nicholson protagonista duen film horrekin, baita nazioarteko ospea ere. Urte batzuk geroago, zuzendari onenaren bere bigarren Oscar saria —eta beste zazpi garaikur— lortu zituen Amadeus pelikularekin (1984). Bi horien artean, bere zinemagintzaren aniztasunaren isla den beste lan bat aurkeztu zuen, Hair musikala (1979). Askotariko filmak zuzentzen jarraitu zuen hurrengo urteetan ere: haren filmografiako aleen artean daude, besteak beste, Valmont (1989), The People vs. Larry Flynt (1996) eta Man on the Moon (1999).

Forman 86 urterekin hil da, Connecticuteko (AEB) bere etxean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.