Zinema estreinaldiak

Min ematen duten ospakizunak

Urtebetetze festa batean kokatuta, heriotzaren aurrean bizitza ospatu nahia kontatzen du 'Tótem'-ek, Lila Aviles zinemagile mexikarraren bigarren film luzeak.

(ID_13629687) (/EZEZAGUNA) 53-totem
Lila Avilesen 'Tótem' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko otsailaren 28a
05:05
Entzun

Aitonaren etxera doa 7 urteko Sol, bere aitarentzat festa bat antolatzera. Pailazo sudur batekin eta koloretako ileorde batekin azalduko da, eta izebei prestaketekin lagunduko die. Dena da apur bat kaotikoa. Robertok, elektrolaringe bat erabiliz hitz egiten duen eta bonsaiak maite dituen aitonak, negarrez hasiko den paziente bati lagunduko dio; izeba bat urtebetetze pastela egiten saiatzen ari da, baina bere alaba txikiak ez du bakean utziko; beste izebak sendalari bat gonbidatuko du, etxeko energia txarrak garbitu ditzan; eta Cruz, Solen aitaren zaintzailea, familiak lurra jo ez dezan saiatzen ari da. Izan ere, urtebetetze festa bat da, baina baita agur bat ere: Solen aitak minbizia du, eta oso gaixo dago. Haurra kaos horren guztiaren erdian egongo da, aitarekin tarte bat noiz edukiko zain, bizitzari eta heriotzari buruzko galderez beteta.

Lila Aviles mexikarra antzerkitik dator; arte eszenikoen karrera ikasi zuen, eta La Maquina de Teatro taldearekin ibili zen sei urtez. Aktore gisa ere lan egin du, bai zineman bai telebistan, baina Avilesek zinemagilea izan nahi zuen: hori zuen amets. 2018an estreinatu zuen lehen film luzea, La camarista, luxuzko hotel bateko gelak garbitzen lan egiten duen emakume bati buruzko filma, eta hainbat sari jaso zituen bere lanarekin. Film hura grabatzen ari zela, buruan zuen jada Tótem izango zenaren istorioa; esperientzia pertsonal batetik hasi zen gidoia lantzen, baina filmak bere bide propioa hartu zuen, eta prozesu sendatzaile bat bilakatu zen mexikarrarentzat. Iazko Berlinale jaialdian estreinatu zen Tótem, eta, ordutik, 50 bat jaialditan parte hartu du, baita kritika oso onak jaso ere.

Bizitza ospatzeko asmoz egin du Avilesek filma. 7 urteko haurraren begiradatik, etxe baten, familia baten joan-etorriak erretratatuko ditu, haien bizitza aldatzear dagoen une batean. Umorez eta naturaltasunez, aita galtzear dagoen neskatoaren beldurrak erakutsiko ditu, familiako beste kideengan identifikagarri diren beldurrak. Melodramatik urrunduz, istorio delikatu eta hunkigarria eraiki du mexikarrak, partekatutako minaren erretratua. Horretarako, eszenak sortzeko orduan erabaki garrantzitsuak hartu ditu zinemagileak: planotik kanpo gertatzen diren uneak denboran mantentzea, eguneroko egoeretan pertsonaiek azaltzen duten tentsioa, erdizka entzuten diren elkarrizketak, familiako une intimoak. Avilesen hitzetan, zaila izan zen pertsonaia bakoitzaren tonua aurkitzea, baita zentzua ere, baina argi zuen identifikagarria zen familia egoera bat erretratatu nahi zuela, eta, horretarako, kaotikoak eta bat-batekoak diruditen elkarrizketak sortu zituen; bizia darion zinema sortzeko esperantzaz.

'Tótem'

Zuzendaria: Lila Aviles. Gidoilaria: Lila Aviles. Aktoreak: Naima Senties, Montserrat Marañon, Marisol Gase. Argazkia: Diego Tenorio. Musika: Thomas Becka. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 95 min. Herrialdea: Mexiko. Estreinaldia: Martxoaren 1ean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

'Dream Scenario' filmeko irudi bat.
Dream Scenario filmaren fotograma bat.

'Dream Scenario'

Paul Matthewsen bizitza guztiz aldatuko da milioika pertsona ezezagunen ametsetan azaltzen hasten denean. Baina, gaueko agerraldi horiek amesgaizto bilakatzen direnean, Paulek bere fama berria kudeatzen ikasi beharko du.

Zuzendaria: Kristoffer Borgli. Gidoilaria: Kristoffer Borgli. Aktoreak: Nicolas Cage, Julianne Nicholson, Michael Cera. Argazkia: Benjamin Loeb. Generoa: Komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 100 min. Herrialdea: AEB.

'La bête dans la jungle'

Istorioa 25 urtetan zehar gertatzen da, 1979tik 2004ra. Gaueko klub handi batean, gizon bat eta emakume bat gertaera ezezagun baten zain daude. Disko musika tekno musika bilakatuko da, eta obsesio baten istorioaren soinu banda gisa funtzionatuko du. Henry Jamesen izen bereko eleberriaren egokitzapen librea.

Zuzendaria: Patric Chiha. Gidoilariak: Patric Chiha, Jihane Chouaib, Axelle Ropert. Eleberria: Henry James. Aktoreak: Anais Demoustier, Tom Mercier, Beatrice Dalle. Argazkia: Celine Bozon. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 103 min. Herrialdea: Frantzia.

'Madame de Sévigné'

XVII. mendearen erdialdean, Sevigneko markesak emakume independente bihurtu nahi du bere alaba, bere antza izango duena. Baina zenbat eta gehiago saiatu neska gaztearen patua kontrolatzen, orduan eta gehiago oldartuko da alaba. Ama-alabek harreman estu eta suntsitzaile baten oinazeak sentituko dituzte.

Zuzendaria: Isabelle Brocard. Gidoilariak: Isabelle Brocard, Yves Thomas. Aktoreak: Karin Viard, Ana Girardot, Cedric Kahn. Musika: Florencia Di Concilio. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 92 min. Herrialdea: Frantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.