'Miñan'-en antzezlanaren estreinaldira joateko bisa ukatu dio Erresuma Batuak Ibrahima Balderi

Datorren astean da estreinatzekoa Timberlake Wertenbakerrek antzerkirako egin duen moldaketa. Londresek esan du Baldek ez duela frogatu bidaia amaitutakoan etxera itzuliko dela.

Ibrahima Balde 'Miñan' liburuaren egileetako bat, artxiboko irudi batean. JULENE MURUAGA
Ibrahima Balde 'Miñan' liburuaren egileetako bat, artxiboko irudi batean. JULENE MURUAGA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 15a
20:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Erresuma Batuak herrialdean sartzeko bisa ukatu dio Ibrahima Balde Miñan liburuaren egileetako bati. Balderen migrazio bizipenak kontatzen ditu obrak, eta antzerkirako moldaketa datorren astean da estreinatzekoa, Londresko Jermyn Street antzokian.

Baldek bisa lortzeko eskarian adierazi du Miñan-en oinarritutako antzezlanaren estreinaldira joateko sartu nahi duela Erresuma Batuan —maiatzaren 20an da egitekoa lehen funtzioa—, eta lau eguneko bidaia egingo duela etxera itzuli aurretik. Bisitak irauten duen artean, Timberlake Wertenbaker antzerkigilearekin egongo dela jakinarazi dio Erresuma Batuko Gobernuari. Wertenbaker Erresuma Batuko antzerkigilerik ospetsuenetako bat da, eta hark idatzi du Miñan-en antzerkirako moldaketa.

Bisa ukatu diola jakinaraztean, Barne Ministerioak Balderi esan dio ez duela behar bezala frogatu bidaiaren baldintzak adierazi dituen modukoak direnik, ezta bisita amaitutakoan Erresuma Batua uzteko borondatea duenik ere. Gobernuak hau gaineratu du: «Etorkizunean Erresuma Baturako bisa eskari bat eginez gero, meritu indibidualen arabera hartuko da aintzat. Hala ere, litekeena da baztertua izatea eskaeraren baldintzak aldatu ezean. Erabaki honi dagokionez, ez dago gora jotzeko eskubiderik edo administrazio berrikuspen baterako eskubiderik».

Miñan-en moldaketa den antzezlan horri Anaia txikia: Europarako odisea bat izenburua jarri diote, eta, liburuak bezala, Baldek Gineatik Europarainoko bidaian izandako bizipenak kontatzen ditu. Desagertutako bere anaia txikiaren bila abiatu zen, eta Saharako basamortua gurutzatu zuen Malin, Aljerian eta Libian barrena. Ibilbide horretan Baldek —beste milaka afrikarren modura— jasan zituen egoera latzen lekukotza da liburua. Balderen kontakizuna Amets Arzallus bertsolariak jaso zuen idatziz.

Atsekabea

Balde atsekabetuta agertu da Erresuma Batura sartzeko baimena ukatu diotelako. «Hau nire istorioa da, baina bidaia bera egin duten beste askorena ere bai».

Jermyn Street antzokiak Erresuma Batuaren erabakia gaitzetsi du, eta Miñan-ek izan duen oihartzuna nabarmendu. «Kritikak goraipatu du, hamahiru hizkuntzatara itzuli dute, eta ezin konta ahala lagunek irakurri dute mundu osoan, migrazioei buruzko lerroburuek sarritan ezkutatzen dituzten pertsonei ahotsa ematen dien narratiba sakonak erakarrita».

Antzokiaren iritziz, «halako idazle handi bati» bisa ukatzea zera da, «kultura konexio garrantzitsu bat» ukatzea Erresuma Batuko herritarrei. Atzera egiteko galdegin dio gobernuari, Baldek modua izan dezan bere istorioa kontatzen duen antzezlanaren estreinaldia ikusteko. Antzokiak iradoki du gobernuak migrazio arloko politikak gogortu izanari erantzuten diola neurriak, eskuin muturreko Reform UK alderdiaren presioa tartean dela.

Wertenbakerrek esan du Erresuma Batuaren jokabideak argi adierazten duela zergatik den garrantzitsua datorren astean estreinatuko duten antzezlana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.