Zinema estreinaldiak

Minbizia eta bizitzeko mina

Aina Clotet katalanak bere lehenengo film luzea estreinatu du: 'Viva'. Minbizia pasatu duen emakume bat du protagonista, plazeraren bila ari dena.

'Viva' filmaren irudi bat.
'Viva' filmaren irudi bat.
Odile Bourguignon Goñi
2026ko ekainaren 17a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Minbizia diagnostikatu zioten Nora protagonistari, bularrekoa. 40 urte ditu, eta gainditua zuen gaixotasuna, baina hitzordua du medikuarenean, beste behin. Eta proba gehiago egin beharko dizkiotela ohartarazi diote, beste tumore bat eduki dezakeelakoan. Aina Cloteten Viva filma gaixotasunari —edo gaixotzearen beldurrari— buruzkoa izan zitekeen, baina ez, zuzendariak beste nonbait jarri du arreta: bizitzeko gogoan. Izan ere, gaixotasunaren ondoren protagonistak perspektiba berri batetik ikasi beharko du bizitzen: orbain berriak, ziurgabetasuna, mamuak... Baina zurrunbilo horretan guztian, plazerari ere egingo dio leku.

Izan ere, filmari gorputza jarri dio Aina Clotetek; sinbolikoki eta literalki. Zertarako eta emakumeen desioaren eta sexualitatearen gaineko tabuak hausteko. Protagonistak, minbiziaren zama bizkar gainean duela, apurtu egingo du ordura arte izandako errutina. Egun batetik bestera, itolarria eragingo dio orduraino etxe edo bikotekide zuenak. Gorputz berri baten gainean, identitate berri bat eraiki beharko du, eta bere bizia kaosaren esku utzi. Eta kaosa 23 urteko mutil gazte bat izango da, protagonista erabat bizirik sentiaraziko duena. Hala, mastektomia egin berri dioten 40 urteko emakume baten sexu grina gorpuztu du Clotetek, modu natural eta katartikoan. Hain zuzen ere, Clotet bera da filmaren zuzendari eta aktore protagonista.

Muturreko lehorteek eragindako etorkizun batean kokatzen da filma. Klima aldaketak egin ditu bere egitekoak, eta, hain zuzen, paraje horrek bat egingo du protagonistak bizi duen antsietatearekin. Eguneroko gertaeretan murgilduta ere, filmean erabat presente dago heriotza: protagonistaren lagun mina haurdun dago, abortu bat edukitzeko beldurrez, eta haren amona zahar etxe batean bizi da, heriotzarekin aurrez aurre. Baina dramari komedia ere erantsi dio zuzendariak, eta bizitzaren, maitasunaren eta heriotzaren arteko oreka topatu du. Hala, zaurgarritasuna eta bizitzaren iraunkortasunik eza mahai gainean jarrita ere, esperantzaren gaineko aldarria egiten du Clotetek.

Heriotza iritsi bitartean zer

Cannesko zinemaldiaren kritikaren astean estreinatu zen Viva, maiatzean, eta aktore berri onenaren saria jaso zuen Clotetek. Izan ere, pantaila atzean lehenengoz aspaldi agertu bazen ere, lehen aldia zuen protagonista gisa. Eta lehen aldia zuen film luze bat zuzentzen. Lana estreinatu berritan, katalanak zera esan zuen lanak plazaratzen dituen gaien inguruan: «Antolatu ezin ditugun gauzak gertatuko zaizkigu. Baina horretaz hitz egiteak eta gure iraunkortasunik ezaz kontziente izateak elkarrengana gertura gaitzake, eta enpatikoago eta gizatiarrago bihurtu».

'VIVA'

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17815272184945) (/EZEZAGUNA)
Shana filmaren fotograma bat. 

'shana'

Shana energia handiko emakumea da, eta, lagun taldeak ematen dion laguntzarekin batera, ez du eguneroko zailtasunei aurre egiteko trabarik. Amona hildakoan, eraztun bat jasoko du oinordetzan; diotenez, eraztunak begizkoetatik babesten du. Ez zaio gaizki etorriko: bikotekidea kartzelatik atera berritan, arazoak pilatu egingo baitzaizkio.

'ULYSSE'

Soziologia ikertzaile batek eta haren bikotekide pianistak seme bat izango dute: Ulysse. Urtebete duelarik, ezohiko ezaugarriak antzemango dizkiote. Ez dator bat hazkunde taulekin: txikia da, mehea, eta ez daki oinez. Eta azkenean heldu eginen da epaia: Ulysse ez da beste haurrak bezalakoa izango. Baina nolakoa izango da?

'Des preuves d'amour'

Celine ama izango da hiru hilabete barru, baina ez da bera erdituko: Nadia bere emaztea da haurdun dagoena. Nadia eta Celine bikote diren arren, sistemak oztopoak jarriko dizkio Celineri, eta horiekin borrokan ibili beharko du. Lekua bilatu beharko du amaren, lagunen eta legearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE