Literatura

Minean edertasuna bilatu du Ione Gorostarzuk bere poema liburu berriaren bidez

'Geratzen dena' poema bilduma kaleratu du idazleak Elkar argitaletxearekin. Egilearen aitaren heriotzak ardazten du lana: lehen erreakzioak, hiletaren nondik norakoek, dolua pasatzeak eta egunerokora itzultzeak, besteak beste.

Ione Gorostarzu idazlea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ione Gorostarzu idazlea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko maiatzaren 13a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Intuizioa eta jolasa. Bi horiek uztartu ditu Ione Gorostarzuk (Berastegi, Gipuzkoa, 1984) idazteko orduan. Intuizioari dagokionez, «txinparta ukigarriek» eman diote lerro batzuk idazteko aitzakia; izan esaldi bat, izan irudi bat, edo izan usain bat. Eta, txinparta horiekin jolasean, bideak nora eramango zuen oso ondo jakin gabe, poemak sortuz joan da pixkanaka. Bada, azkenean, poema horiek liburu batean bildu ditu: Geratzen dena da liburuaren izena, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu du. Hirugarren poema liburua du,  Des egiten (Elkar, 2012) eta Ez da erditzea (Elkar, 2019) kaleratuak baititu aurretik. Orain arte, Gorostarzuk zazpi urtetik behin kaleratu ditu lanak, eta, txantxetan, honela esan die aurkezpenera joandakoei: «Aurreikuspenen arabera, 2033an egongo gara berriro hemen».

Egilearen arabera, azaleko irudiak —Ainhoa Lukasek egin du— emango dio irakurleari liburuko poemen inguruko lehenengo arrastoa; ote landare bat besarkatzen duten bi esku ageri dira. Duela lau urte hasi zen Gorostarzu poemak idazten, aitaren heriotzaren ostean hain justu; koadernoetan, sakelakoan... testu haiek liburu baterako izango zirela jakin gabe. «Liburuak badu minetik, min handi eta txikietatik; min handi eta kolektiboetatik». Mina aipatzen badu ere, ordea, edertasuna bilatzen saiatu dela ere gaineratu du.

Aita hil zela jakin zuenekoaren eta gerora etorritakoen ingurukoak dira, besteak beste, Geratzen dena-ko olerkiak. Baina badago besterik ere; heriotzaren gaia oso presente dagoen arren, poemetan «beti hor dauden» gaiak ere ageri dira, Gorostarzuren esanetan, agian hain ikusgarriak izan ez arren «benetan guztiaren oinarrian» daudenak.

Dena aldatzen denean

Hiru ataletan banatuta dago liburua, eta lehenengoa da Geratzea dena, hiruetatik «indartsuena». Heriotzaren berri izan zuenean, kolpean dena geratu zela sentitu zuen egileak, eta horri lotutako poemekin abiatzen da liburua: «Hitzetara ekarri nahi izan dut hurrengo egun eta orduetako zurrunbilo hori». Gorostarzuren bizitza erabat aldatu zen, baina, hala ere, jabetu zen egunerokoak aurrera jarraitu zuela. Atal horren harira, aitortu du zalantza asko sortu dizkiola, bai estetikoak, baita moralak ere. Batetik, liburua indartsuegi hasteko beldurra izan du, baina, bestalde, oso argi izan du zer muga ez zituen gurutzatu nahi. «Morboa» eta «sentimentalismoa» aipatu ditu.

Egilea hotsekin jolastu da olerki batzuetan; Ez titulua du horietako batek, eta honela dio pasarte batek: «Ezusteko/ ezbehar/ ezezko/ eztenkada/ ezezagun/ eztarri/ eztanda». Hain justu, poemak belarritik etortzen zaizkiola aipatu du idazleak, eta hainbatetan, elkarrekin ondo ematen duten hitzek eman diotela idazteko aitzakia. Hasieran nahi gabe erabili omen zuen baliabide hori, baina, sormen prozesuak aurrera egin ahala, sonoritate hori bilatu egin du.

«Liburuak badu minetik, min handi eta txikietatik; min handi eta kolektiboetatik»

IONE GOROSTARZU Idazlea

Bigarren atalean oinarrituz —Geratzen (ez) dena du izena— jarri diote izenburua liburuari: ez hori kentzea erabaki dute, ulergarriagoa egiteko asmotan. «Zer geratzen zaigu? Falta direnetatik zer falta zaigu?»; galdera horiek dira atalaren muina. Galderetatik tiraka, aitaren mundua liburura ekartzeko ariketa egin du Gorostarzuk; «landa mundua: ardiak, sega, onddoak, arrantza...». Udazkena poemaren bidez irudikatu dezake irakurleak mundu hori: «Onddolekuak ere zurekin/ eraman zenituen/ onddolekuak ere/ isilean». Kontraste gisa-edo, egileak bere egunerokoarekin alderatzen du mundu hori; «pantailekin, Inditex-ekin eta liburuekin dudan mundura».

Geratzen garenok da azken atala. Hiruetatik luzeena da, eta Gorostarzuk «zaku» bihurtzeko beldurra izan du; ez baitzuen beste atal batzuetan sartzen ez ziren poemez bete nahi izan. Bestalde, azaldu du atal horretako poemek tonu arinagoa dutela, liburuak «oxigenoa» behar zuela eta. «Gertaera handiekin egunerokoa gailentzen da»; atal horretan gizarteari begiratu dio idazleak, haren «gaitzak» azaleratzeko asmoz, bai eta norberaren gaitzak erakusteko ere. Kalkuluak olerkian, hau idatzi du egileak: «Soldataren, sendiaren, orduen, indarren ekonomian/ ez zaizkizu kontuak ateratzen./ Gorputz batek beste gorputz baten beharra du/ egunean 24 orduz./ Zenbaki irrealen esanahia ulertu duzu/ azkenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA