Literatura

Miniaturazko mundu batean aztarrika

Eider Rodriguezek bere bosgarren ipuin liburua eman du argitara: 'Dena zulo bera zen'. Sei narrazio bildu ditu, eta bakoitzak gabezia batekin du zerikusia. Ziurtasunak galdu diren garaian girotuta daude guztiak.

Eider Rodriguez idazlea, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eider Rodriguez idazlea, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko urriaren 10a
16:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dena zulo bera zen liburuan ezer ez da kasualitatea. Ezta egileak bertan batu dituen ipuinen kopurua ere: dozena erdi. Sistema hamabitarrak urteko ilargialdiekin eta eskuarekin du zerikusia; zehazki, lodia ez den gainontzeko hatzetako falange kopuruarekin. Horri erreparatu dio Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagarekin batera bere bosgarren ipuin liburua aurkeztu duenean: «Gustatzen zait ipuinak hamabiko sistema erabilita zenbatzea, eskuekin idatzi baititut, zarata handia atereaz, ingurukoek diotenez. Baina nik ez dut entzuten, idazten ari naizenean beste nonbait egoten bainaiz. Toki horretatik datoz dozena erdi ipuinok».

Itsasoa da bide bakarra saiakera (2014), Idazleen gorputzak elkarrizketa liburua (2019) eta Eraikuntzarako materiala ez-fikziozko nobela (2021) plazaratu ditu Rodriguezek ipuin liburu honen aurretik. Bestela esanda, zortzi urte joan dira Bihotz handiegia aurreko ipuin liburua plazaratu zuenetik, eta, fikziora itzultzeko eta bereziki ipuinak idazteko «gogo bizia» zuela nabarmendu du idazleak. Umetatik bilatzen duena aurkitzen omen du ipuinetan, hain zuzen, «literaturaren indar eraldatzailea eta sorkuntzaren intentsitatea». Haren pertsonaietako bati bezala, egia interesatzen zaio Rodriguezi ere, eta horretarako ipuina baliatzen du: «Egiaren ingurumarian egon ohi den tentsiora hurbiltzeko nik dudan tresnarik zorrotzena da». Areago, batzuentzat zientzia, historia, psikologia edota erlijioa dena, Rodriguezentzat ipuina da.

Gabeziatik, argi bila

Kanikula, Itsasoak eta hondakinak, Zuloa, Ahate bihotz, Urpekariak eta Kraterra ipuinetako bakoitza gabezia bati lotuta dagoela azaldu du Rodriguezek: «Gabezia horren baitan jaiotzen, gertatzen, hiltzen dira, fantasmak bizi eta elikatzen diren zulo horren inguruan». Ipuinen koordenatuak ere aipatu ditu: «Ziurtasun batzuk, asko, galdu diren garaian kokatuta daude, mundu osoan gertatu den zerbait da». Ziurtasunik ezak Euskal Herrian forma jakin batzuk hartu dituelakoan dago idazlea: «Pertsonaia hauek beste geografia batean biziko balira diferenteak lirateke, edo hala uste dut». Hortaz, gabezia inguru horretan «haztaka» erretratatu ditu protagonistak, eta beti aurkituko dute zerbait, hala nola «zerbaiten bristada, errebelazio tonto bat, indar alimaleko bat edota zorion izpi bat».

«[Pertsonaiek] Belar artifizialezko alfonbra erraldoi honen pean usteltze egoeran dagoen mundu bati loturik egiten dute aurrera, funtzional eta disforikoki»EIDER RODRIGUEZIdazlea

Pertsonaia ñimiñoak aletu ditu Rodriguezek: «Miniaturazko bizitzak dauzkate, miniaturazko herri batean, miniaturazko hizkuntza batean». Haien egunerokoan murgilduta ageri dira gainera: «Egunero jaikitzen dira, eta munduari zerbait emanez oheratzen. Horretan datza haien handitasuna eta misterioa». Gehienek ez omen dakite zer desio duten edota zerk beldurtzen dituen, eta hori jakin gabe segitzen omen dute aurrera: «Belar artifizialezko alfonbra erraldoi honen pean usteltze egoeran dagoen mundu bati loturik egiten dute aurrera, funtzional eta disforikoki, normaltasunaren eta egokitasunaren lubakian egon ahal izateko orotariko ordainsariak pagatuz».

Harago jo du Lopez Ziluagak, eta ipuinetako pertsonaiei gozamen betea galarazten dien «zama bitala» hartu du hizpide: «Beharbada gure garaiaren ezaugarrietako bat da». Nolanahi dela, «argitasunaren bila» badabiltza Rodriguezen pertsonaiak: «Argi printzen azpian esertzen dira, edo kantuan aritzen dira hiltzen ari den lagunarentzat. Aurkitzen dute zeri heldu, argitasuna non bilatu. Eta narratzaileak sarri ematen digu barre egiteko aukera».

Editorearen arabera, kontrasteak agerikoak dira: «Bosgarren ipuineko urpekariek bezala, argi-ilunen tolesetan arakatzen du idazleak, eta bertan ikusitakoa kontatzen du gero. Irakurle bakoitzak ikusiko du zer egiten duen horrekin».

Idazkerari buruz ere eman du argibiderik Rodriguezek: «Thriller baten moduan narratzen saiatu naiz, normaltasunaren azpian ezkutatzen den ezinegona agertuz».

Besteak beste, honako istorio hauek aurkituko ditu irakurleak: hondartza batean topatutako obus zahar batek abiatuko duen gerra, hezur bat puskatuko duen norbaiten eta hezur hautsi horren arteko dialogoa, edota erraiez osaturiko otordu bat, «non familiarik onena eta egokiena zein den ebatziko den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.