«Jon Mirande izango da euskal literaturan idazle polemikoaren paradigma, idatzi zituen gauzengatik, baina are gehiago agian pentsatzen zituenengatik». Hura jaio zenetik ehun urtera, bi liburu berri argitaratu dira aurten: Zer egin Miranderekin? (Alberdania), Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartuak idatzia; eta Mikel Sotoren Mirande. Herriminez, ezin-minez (Elkar). Bada, urtemugaren eta argitalpen horien aitzakian, Miranderen bueltan oraindik zabalik dauden galderen inguruan eseri dira Durangon Dolhare, Bereziartua eta Soto, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen gidaritzapean. Aski esanguratsua izan da mahai inguruari jarritako izena bera: Mirande: XX. mendeko euskal literaturaren ardi beltza.
Zer egin Miranderekin? liburuarekin, Patrika izeneko bilduma abiatu du Alberdaniak, eta hortik lehen galdera Bereziartuarentzat: zergatik hasi Miranderekin. «Zeresana ematen segitzen duen autore bat delako», argudiatu du hark, «eta baita literaturaren historian beti presente dauden galderen aurrean jartzen gaituelako ere». Besteak beste, zer harreman dagoen idazle baten eta haren obraren artean, eta nola irakurri behar den obra bat haren garaiko testuinguruarekin eta gaurko irakurlearen testuinguruarekin harremanetan.
«Askotan aipatzen da Miranderen matxismoa, baina haren itzulpenetako bat sufragista eskoziar batena da; antisemitismoa aipatzen da, baina Kafka itzuli zuen, eta beste batzuk»
MIKEL SOTO Idazlea
Alde horretatik, paradoxa bat seinalatu du Bereziartuak: «Pedofiliaren gaia tratatzen duen Haur besoetakoa bezalako nobela bat argitaratzeak erreparo handiak sortu zituen bere momentuan ere, eta, hala ere, atera zuten. Mirandek kristau marxistei egin zizkien kritikak ikusita, paradoxikoa iruditzen zait ikustea ondoren haren obra eta legatua zaintzeaz arduratu diren ia guztiak etiketa horren pean sartuko lituzkeela berak». Bigarrenen «ikuspegi zabal bati» esker gertatu da hori Bereziartuarentzat, eta horren alde egin du: «Gustu pertsonaletatik eta kultura batean sortzen diren bandoen lehiatik harago, bada sistema bezala pentsatu duen ikuspegi bat, esaten duena Mirande badela autore bat mantendu eta transmititu behar duguna, haren alde ilunak ukatu eta erlatibizatu gabe, baina ez horiek bakarrik erakutsita». Esaterako, datu gisa aipatu du Mirandek bazuela Yeats poetaren berri 1950-1960ko hamarkadan, eta hori ez zela ohikoa orduko euskal idazleen artean.
Autorea eta obra bereizi, bai?
Bereziartuak aurreratutako galdera bati heldu dio Dolharek: ea epaitu behar ote diren obrak egileen bizitzaren eta ideologiaren arabera. Gisele Sapiro soziologoak gaiaz idatzitakoa bere eginda, ezetz uste du Dolharek: «[Louis-Ferdinand] Celine eta [Michel] Houellebecq bezalako idazleen kasuak aztertu ditu hark, eta ondorioztatzen du ezetz, ez dela epaitu behar hainbeste obra bizitzaren arabera, non eta idazleak ez duen propaganda ideologikoa egiten eta onargarriak ez diren ideiak zabaltzen; arrazakeria, misoginia eta beste». Sapiroren ustez, idazleak bide hori hartuko balu, gizarte zibilak behar luke presioa egin eta, behar izatera, auzitara eraman. «Alde literarioa, berriz, babestu behar dela dio Sapirok, eta ni aski ados naiz horrekin». Aitortu du «deserosoa» zaiola Haur besoetakoa-n «pedofilia» irakurtzea, eta aldi berean «gustukoa» ere bai hark euskal letrei ekartzen dien «aniztasuna».
«Ez da epaitu behar idazle baten obra haren bizitzaren arabera, non eta idazleak ez duen propaganda politikoa egiten eta onargarriak ez diren ideiak zabaltzen»
KATIXA DOLHARE Idazlea
Sotok, bestalde, zera pentsatzen du: «Mirande ez dugu ulertzen, eta, ulertzen ez dugunez, epaitu egiten dugu». Iruditzen zaio «ulertezintasun» horretan nahastu egiten direla hainbat kontu, berdindu egiten direla literatura eta ideologia, esaterako, eta azpimarra gehiegi egiten dela hark nazismoarekiko izan zuen hurbiltasunean. «Askotan aipatzen da Miranderen matxismoa, baina haren itzulpenetako bat sufragista eskoziar batena da; edo antisemitismoa aipatzen da, baina Kafka itzuli zuen, eta beste [judu] batzuk». Sotoren ustetan, Amaia Eleizaldek eta Joxe Azurmendik egin dituzte Miranderen «interpretaziorik aberatsenak»: Eleizaldek haren inguruan egin zuen doktore tesia, eta Azurmendik sakon aztertu zuen idazlearen figura.
«Idazle handi bat», zergatik?
Haur besoetakoa nobelaz aparte, poemak, ipuinak, artikuluak eta saio laburrak idatzi zituen Mirandek, baita gutun pribatu mordoxka bat ere. Idazlan horien guztien artetik maiteen zer duten galdeginda, poesiara jo du Dolharek: «Hizkuntzaren, metrikaren, figuren aldetik, berritzailea izan da oso; eta filiazio erromantiko bat egin daiteke haren eta Baudelaire eta Etxahun bezalako beste poeta madarikatu batzuen artean: gure poesiaren historia ulertzeko ate batzuk irekitzen dizkigu».
Sotok, berriz, Miranderen ipuinak nabarmendu ditu: «Oso-oso onak dira. Oso modernoak baita gaurko estandarretarako ere». Haren umore beltzeko ipuinak ditu bereziki estimutan Sotok, eta Azurmendirekin telefonoz izandako dei bat ekarri du gogora; nola komentatu zuten Miranderen ipuin bat behin, eta nola esan zion hark barre artean: «Ze ona den Mirande gaiztoa denean».
«Gaur egun, idazlearen presentziak beste garai batzuetan baino pisu handiagoa du obraren aldean»
GORKA BEREZIARTUA Idazlea
Bereziartuak ere bi-biak goratuko lituzke, bai Miranderen poemak eta bai narratibako lanak. «Gustatzen zait duen tonu fantastiko eta lanbrotsua». Miranderen artikulu eta saiakeretan hasten dira «problemak» harentzat: «Badago arrazionalismoaren ukapen nahiko gogor bat, eta hortik euskaltasun mitologiko bat sortzeko borondate bat, eta horrekin ez naiz sentitzen identifikatuta».
«Diskurtso zentsore bat»
Aurten Bigarren Hezkuntzara itzuli da irakasle Dolhare, eta ikasgelan gertatu zaio 17 urteko ikasle bati entzutea berak ez duela deus jakin nahi Mirandez. Hezkuntzan den gabezia baten sintoma da hori Dolharerentzat, baina «birsortzen ari den diskurtso zentsore bat» ere antzematen du Sotok, oro har, euskal literaturan.
Bereziartuak, berriz, egiturazko beste «arazo» bati egin dio azpimarra: «Miranderen obra zatikatuta iritsi zaigu, eta ez osorik. Harekin dugun problema —eta ez bakarrik harekin— zera da, euskal klasikoen bilduma osoak falta ditugula, edizio kritikoak emango dituztenak eta, gainera, poltsiko guztientzat eskuragarri izango direnak. Ez dago jarraipenik, eta hori sekulako problema da transmisiorako». Horrek dakar, besteak beste, «gutxi gorabeherako kontsentsurik» ez izatea hezkuntzan Mirandez zer esan behar den jakiteko, haren ustez.
«Gaur egun, idazlearen presentziak beste garai batzuetan baino pisu handiagoa du obraren aldean», erantsi du, eta Miranderi dagokionez arriskutsua iruditzen zaio: egilea konkretuki idatzi zuen horren gainetik jartzea. Arrisku hori beti egon da, Bereziartuaren arabera, baina indar betean sumatzen du orain: «Iruditzen zait berehalakotasunari pegatuegi bezala irakurtzen dugula, segur aski dena pantaila berean irakurtzen dugulako; horrek berdindu egiten du dena, eta, azkenean, figura nagusitzen da».