Iruñeko karriketan gora eta behera dabil Mikel Soto (Iruñea, 1979), buruan milaka ideia, liburu bat besapean. Halaxe azaldu da elkarrizketara ere, egunari ordu bakoitza zukutzen dioten horiek ohikoa duten pauso azkarrean. Baina, olgetarako tartea hartu, eta argazkilariari iradoki dio akaso kamera aurrean pisua altxatzen azaldu daitekeela, aski zama baitu iazko azaroan argitaratutako 600 orrialdeko saiakera liburuak. Tene Mujika bekaren laguntzaz kaleratu zuen Jon Mirande idazleari buruzko Mirande. Herriminez, ezin-minez liburua (Elkar), eta, idazteko orduan krisi uneak izan dituela aitortu arren, Miranderentzako «etxe berri bat» eraiki du azkenean.
Historiako lizentziaduna da Soto, Txalaparta argitaletxeko editore izandakoa, eta, gaur egun, irakaslea. Eta Iruñean ez ezik, azken hilabeteotan gora eta behera aritu da Euskal Herriko hamaika bazterretan ere, Miranderi buruzko liburua lau haizeetara zabaltzen; baita Zuberoan ere, Miranderen gurasoen jaioterrian. Haren poemak errezitatzeko aukera izan dute, baita haren ideologiari buruz eztabaidatzekoa ere. Hain zuzen, horixe da liburuaren asmoetako bat: Jon Miranderen argiak eta itzalak ezagutaraztea.
«Zerbait nai nuke egin Euzkadi'ren alde, bañan ez dakit nola...», dio 22 urteko Mirandek, eta liburuan esaldi horrekin hunkituta aurkezten duzu zeure burua, Miranderekin berarekin identifikatuta sentitzeraino.
Bai. Lehen gutunak Monzoni bidali zizkion. Izugarria da zenbat idazten zuten, zenbat gutun bidaltzen zizkioten elkarri. Eta Miranderi animoa asko igartzen zaio. Gutun horretan, Telesforo Monzoni zuzentzen zaio, Eusko Jaurlaritzako sailburuari, miresten duen idazle bati —haren letra izugarria da, kaligrafia koaderno baten parte dirudi—. Eta esaldiak gogora ekartzen zidan ni lehen aldiz Jarraiko egoitzara joan nintzenekoa: «Hemen nago, Mikel naiz, 15 urte ditut, eta nik ere zerbait egin nahi nuke Euskadiren alde, baina ez dakit zer».
Asmo bat adierazten du esaldi horrek. Miranderen kasuan, Euskadiren alde lerratzeak euskara ikastera eta euskaraz idaztera eramango zuen, ezta?
Esango nuke aldrebes izan zela. Hizkuntza da Miranderen gaitasun indartsuena eta harrigarriena: 25 hizkuntza ulertzen zituen. Bere buruaz beste egin baino astebete lehenago ere mizeniko zaharra errepasatzen ari zen. Hizkuntzarena harengan horren tresna indartsua izanik, bretoiengan antzeman zuen bera bezalako zuberotar askoren drama; alegia, familiak Parisera eraman zuela bertan frantsestera. Baina bretoiera ikasi, euskara ikasi, eta abertzale egin zen. Monzoni esaten zion: «Euskararik gabeko abertzaletasuna zozokeria bat da».
Eta euskara batua sortu baino puska bat lehenago hasi zen euskara batuaren alde egiten. Euskara «pre-batua» aipatzen duzu liburuan.
Harrigarria da. Arestirekin bezala gertatzen da; irakurtzean, pentsatzen duzu: «Oraindik batua ez zen existitzen, eta batuan idatzia dago». Baina Miranderen kasuan are harrigarriagoa da: euskara ikasten hasi eta hamar urtera idatzi zuen Haur besoetakoa. Eta argitaratzeko lehenengo ezezkoa jaso zuenean, Krutwigi esan zion liburua lapurtera klasikoan idatz zezakeela [gipuzkeran idatzi zuen lehenengo bertsioa]. Haren euskara eta, batez ere, haren lirika horren aberatsak dira, euskara total bat da. Zentzu horretan nahiko axularrianoa da: dauzkan euskara guztiak erabiltzen ditu.
«Bilatu gabe ere, Gabriel Arestiren argitaratu gabeko testuak agertu zaizkit. Ez nuen uste horrenbesterako izango zenik. Kanpoan utzi behar izan ditut argitaratu gabeko testu asko»
«Pista bretoia» deitu diozunari segika, aurkikuntza ugari egin dituzu. Tartean, orain arte argitaratu gabeko Miranderen lehen bi testuak.
Bai.
Baina, liburua irakurrita, badirudi aurkikuntza handiena Mirande bera dela.
Hori izan da asmoa. Eta pentsa, bilatu gabe ere Gabriel Arestiren argitaratu gabeko testuak agertu zaizkit. Beka eskatu nuenean, gauza berriak agertuko ziren itxaropena nuen; halere, ez nuen gehiegi esan nahi, agertzen ez baziren epaimahaikideek iruzur egin niela pentsa zezaketelako. Baina ez nuen uste horrenbesterako izango zenik. Kanpoan utzi behar izan ditut argitaratu gabeko testu asko, gehiago ez luzatzearren. Hasieran, haur baten gisan pozten nintzen, eta, amaierarako, haserretu egiten nintzen gauza berri gehiago agertzean. Baina bai, aurrenekoz Mirande dago, azaletik hasita: orain arte, beti guk begiratu dugu bera; lehen aldia da berak gu begiratzen gaituela.

Eta, azalari begiratuta, izenburua haren poema batetik hartu duzu.
Galdetu izan didate zein den aurkikuntza guztien artean niretzat indartsuena. Eta zera izan da: gaitasun handien kontua. Mirandek gaitasun handiak dituzten pertsonen ezaugarri guztiak betetzen ditu, ez bat edo bi, denak; haren nortasunaren deskribapen moduko bat da. Eta halako pertsonek badute errepikatzen zaien ezaugarri bat: gauzei aurrea hartzeko joera dute. Izenburuko poema hori Neskatxak da, lesbianismoaren lehen agerpena euskal literaturan. Berez, paisaia idiliko moduko bat da, maitasun eszena klasiko bat izan zitekeena, baina bi emakumeren artean: belardi batean daude, jolasten, elkar maitatzen... Eta azken aurreko paragrafoan dio: «Herriminez, ezin-minez/ erdiratzen zait bihotza/ arrats luzetik goizera/ lo gabean». Bat-batean, idazten ari da, eta nik esango nuke konturatzen dela: «Baina nora noa ni Orixek aurrekoan idatzi baldin bazuen Ovidio euskarara itzultzea euskararen akabera zela? Nora noa ni lesbianei buruz idatziz? Zer gertatu behar zait?». Herriminez erdiratzen zait bihotza, ze hori ez da ondo amaituko. Eta ez, euskal literaturarentzat akaso bai, baina, Gabrielentzat bezala, ez zen ondo bukatu. Haiek oso garesti ordaindu zuten idazteko eduki eta erabili zuten askatasun hori.
Miranderi «probokatzailearen metafisika» igarri, baina probokatzearena inkontzienteki egiten duela diozu. Nola da hori?
«Probokatzailearen metafisika» aipatzen du Walter Benjaminek Baudelaireri buruz ari denean, eta Baudelaire eta Mirande konparatzen ditut, eta harrigarria da esatea, bi horien artean, Baudelaire errealista zela. Jonek [Mirandek] ikusten zuen zer gertatuko zen: bazekien gaizki hartuko zutela. Adibidez, niretzat beste sorpresa bat izan da hark ez zituela argitaratu nahi arazoak ekarri zizkioten testuetako batzuk, baina Fagoagak, Andimak-eta beharrezkoa ikusten zuten, abertzaletasuna berritzeko. Noski, zuk idatzi, eta ostiak zuretzat. Eta Jonen nazismoaren zergatien azalpenean ere Sperber aipatzen dut, ze hark dio: «Oso inportantea da gizabanako horren balio sistema ulertzea, ikusteko neurosia nola bihurtzen den logiko». Jonek esan nahi die bere herrikideei «astakilo», «atzeratu», «inkultu» eta ez dakit zer gehiago direla, baina horren euskara ederrean esango du, haren herrikideek esango baitute: «Joe!» [irribarre goxo batez]. Jon [berari zuzentzen zaio], hori ezinezkoa da, nahi duzun euskararik ederrenean eginda ere. Eta, gezurra badirudi ere, horretan Baudelaire errealistagoa zen. Halere, badu antzeko zerbait: Gaitzaren loreak-en epaiketa izan aurretik, haren gutunak irakurtzen dituzu, eta horren konbentzituta dago egin duenaren edertasunaz, tribunala parez pare edukita ere pentsatzen baitu: «Azkenean barkatuko naute». Ba, ez, ez, ez... Ez da hori gertatuko!
«Miranderi buruz dugun ideia da liskar bila zebilen tipo bat zela: ba, ez, eta, gainera, polemikaren beste aldean jartzen saiatzen zen. Baina zein zen beste aldea?»
Eta, halere, Mirandek euskal kulturan izan zuen lehen arazoa euskaraz sexuari buruz idazteko eskubidearen alde egiteagatik izan zuen.
Bai, Liburu lizunetaz-ekin. Horrekin dagoen iskanbila izugarria da. Eta, begira, hori da nire aurkikuntzen artean garrantzitsuenetako bat: Liburu lizunetaz-en lehen bertsio bat aurkitu dut. Eta ez du zerikusirik argitaratu zenarekin; lehenengo bertsioa guztiz literarioa da. Egoera larria zen benetan. Agirre lehendakariaren gutunak argitaratu ditut auzi horri buruz hizketan. Zer ostia egiten zuen lehendakariak, une horretan gertatzen ari zen guztiarekin, horri buruz idazten? Eta ez dago beste batzuk bezain histeriko, e! Baina Mirandek ez zioen —ze oso bere ideien kontrakoa litzateke— erotismoari buruz idatzi behar denik euskaraz. Erotismoari buruz idatz daitekeela zioen. Miranderi buruz dugun ideia da liskar bila zebilen tipo bat zela: ba, ez, eta, gainera, polemikaren beste aldean jartzen saiatzen zen. Baina zein zen beste aldea? Ezin dela euskaraz sexuari buruz hitz egin? Ez dela zilegi? Gaur egungo ikuspegitik harrigarria egiten zait Miranderi buruz hitz egiten dugunean ez jartzea balantzan hark zeri egiten zion aurre.
Nazismoa aipatzen da Miranderi buruz hitz egiten den gehientsuenetan. Zuk horretan ere sakondu nahi izan duzu: nazia bai, baina nola, zeinekin...
Badago jende bat Miranderen izena entzun eta beharra sentitzen duena «nazi, nazi, nazi» oihukatzeko. Ez soilik haiek oihukatzeko: zu ere behartu nahi zaituzte hori oihukatzera. Niretzat, hori ez da normala. Nik, Lauaxetaren izena entzun, eta ez dut aipatzen jeltzale kristau ortodoxoa zenik. Normalean, haren literaturari buruz ari naiz. Oso bitxia da: Miranderekin hori egin nahi dutenetako batzuek Borgesi buruz hitz egiten dizute eta ez dute beharrik sentitzen esateko Borges faxista zela, Pinocheten aldekoa. Ezta nik ere. Normalean, Borgesi buruz hitz egiten dudanean ere literaturari buruz ari naizelako. Ez dut esaten Miranderengan nazismoa ez denik garrantzitsua. Bada. Horregatik, [liburua bi hatzekin hartu du] liburuan eta ikerketan denbora eta espazio handia hartu du gaiak. Eta argi eta garbi da niri Miranderengandik gutxien gustatzen zaidana. Baina norbaitek hitz egin nahi badu horri buruz, hitz egin dezagun, zuzen. Orain badaukate zer irakurri! Eta, halere, nik ez dut uste Jon Mirande aipatu eta nahi eta nahi ez nazismoa, pedofilia eta suizidio hitzak aipatu behar direnik.
Zuk artista eta obra bereiztearen alde egiten duzu?
Ez, niretzat harremana dute. Eta balio diezagukete hobeto ulertzeko, baina tentuz erabilita. Ez da kasualitatea Haur besoetakoa-ri buruz egin diren irakurketarik onenak —Joxe Azurmendirena eta Amaia Elizalderena— izatea «hori ez zait interesatzen» esan duten bi pertsonenak. Joxek esaten zuen: «Horiek Poliziarentzako kontuak dira». Bestea kentzeak argitasuna ematen dizu, arreta literaturan jarri ahal izateko. Baina nik egin dudana desberdina da. Batez ere, nik Jon Miranderen askatasun artistikoan sinesten dut, eta sinesten dut idatz daitekeela nahi dugunari buruz, nahi dugun moduan. Ze gauza batzuk, askatasun bihurtu aurretik, literaturan bizi izan dira.
«Ez dut uste Jon Mirande aipatu eta nahi eta nahi ez 'nazismoa', 'pedofilia' eta 'suizidio' hitzak aipatu behar direnik»
Zentsuraz kexu zen Mirande, eta zentsura eraberritu egin dela esaten duzu zuk.
Bazegoen gauza bat Miranderengan ulertzen ez nuena: Andimari kexaka idazten dion aurreneko gutuna, «herri honetan ezin da ezer egin...», 1952an. Baina hiru poema argitaratu dituzu eta! Zer da? Aurreikusten ari dela zer gertatuko den —gaitasun handiko pertsonen ezaugarria—. Batzuetan zentsura esplizitua jasan zuen, eta besteetan, inplizitua. Eta zentsura eraberritzearen ideia Amaia Elizalderena da; badago 1990eko hamarkadatik aurrera berak aipatzen duen indar zentsorearen birsortze bat. Milaka adibide zehatz eta orokor daude erakusten dutenak jende batek Haur besoetakoa ia-ia termino judizialetan epaitzen duela, ez literatura balitz bezala. Mundu mailako atzerakada bat dago askatasun artistikoari dagokionez, baina esango nuke gure literaturari lotutako korronte bat ere badagoela, eta, hainbat kasutan, bereziki Miranderi lotutakoa. Ze Mirande gure literatura begiratzeko oso talaia kuriosoa da.
Liburua idaztearekin batera, eztabaidarako proposamen batzuk egin nahi izan dituzu. Adibidez?
Bai, zer egin Miranderekin? Galdera estimulante bat da, eta, aldi berean, pixka bat deprimentea. Ez dut uste euskal irakurleek ezer egin behar dutenik Miranderekin. Hurbildu daitezela. Idazle handi bat da, eta euskal kulturan eta literaturan interesa baldin badute, hurbildu. Gustatzen ez baldin bazaie, atzera. Listo. Berdin Miranderekin, Txillardegirekin, Gabriel Arestirekin... Edozeinekin. Ez da hori gertatzen normalean. Baina kritikak eta adituek egin behar dutena oso desberdina da. Mirandek leku zentral bat abiatzen du: modernotasuna. Poesia, literatura, saiakera... Frantsesekin alderaketa eginez, guretzat bera aldi berean da Baudelaire, Flaubert eta Sartre. Irakurri, ikertu, eta, nahi bada, eztabaidatu, baina era egokian. Pederasta zela esan nahi baduzu, hemen [liburua eskuetan] horren kontrako frogak daude, testigantza zehatzak. Argudioak eman beharko dituzu; bestela, ez da izango zientifikoa, ezta etikoa ere.
Hitzaldi ziklo bat bukatu berri duzu. Eduki duzu aukera horrelakoez eztabaidatzeko?
Bai, oso pozgarria izan da. Kritikariek eta adituek ekarpen oso interesgarriak egin dizkidate. Baina irakurleekin egoteko aukera ere izan dut, eta niretzat irakurleek dute harremanik naturalena Miranderekin. Jende batentzat, Mirande hiruzpalau ideia izan dira, baina egiazki ez duelako askorik jakin. Pederastiaren auzian hainbat kontu argitu ahal izan ditut. Eta Gasteizen emakume bat gerturatu zitzaidan esanez: «Baina honek dena aldatzen du!». Eztabaida batzuk ixten hasi gaitezke. Ze benetan deprimitzen nau 50 urtez biribilgune berean bueltaka egoteak. Mirandek milaka geruza ditu, eta, oraindik ere, hamarkadak emango ditugu gauza ederrak topatzen. Ez, noski, betikoan segitzen badugu.