Miranderen obra guziak biltzeko lehen urratsak egin dituzte Baionan

Parisko idazlearen obrak biltzeko eta denen eskura emateko xedez, 'Egan' aldizkariak eta Iker zentroak Miranderen egile eskubideen inguruko lehen formalizazio lanak egin dituzte, Alain eta Christian Angelie Miranderen ilobekin batera.

Argia Oltzomendi eta Koro Segurolak eman diote hasiera mintegiari, Baionako fakultatean. PATXI BELTZAIZ
Argia Oltzomendi eta Koro Segurolak eman diote hasiera mintegiari, Baionako fakultatean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2025eko ekainaren 20a
19:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Andolin Eguzkitzak idatzi zion Txomin Peilleni, Jon Mirandez galdezka: «Non jaio zen? Neba-arreba kopurua? Ideologia zein zuen? Immigrazioaren arrazoia? Jonek zenbateraino jaso zuen euskara etxean? Familia txiroa zuen? Nazia zen ordurako?». Gutun horretan Mirande ikertzeko kuriositatea eta gogoa erakutsi zuen Eguzkitzak, eta Mikel Soto idazleak Miranderen obra osatzeko eta «gizona ulertzeko» ikertzen segitu behar dela adierazi du Mirande: sorkuntzaren mugak jardunaldietan; Egan aldizkariak eta Iker zentroak antolatu dituzte, eta Baionan izan dira.

Horren karietara, Miranderen egile eskubideen formalizaziorako lehen urratsak egin dituzte Baionako fakultatean, Miranderen iloba Alain eta Christian Angelierekin batera, idazlearen obra guziak biltzeko, osatzeko eta «gehiago» ikertzeko. Idazle bat hil ondotik haren lanak 70 urteetara jabetza publikoan ematen dira, eta justuki, gaurko mintegian, Egan aldizkariak eta Iker zentroak Miranderen bi ilobei baimena eskatu diete Miranderen lan guziak biltzeko eta etorkizunean «denen eskura» eman ahal izateko.

Mirandek bretoierarekin izan zuen harremana ikertzen hasi eta hortik «bide anitz» aurkitu zituen Sotok. Tene Mujika bekari esker Miranderi buruzko liburua bukatzen ari den honetan, Mirande pasatua eta futuroa hitzaldia eman du goizean. Parisko idazlearen iturrietara jotzea izan da haren lan nagusia, idazlearen obra ezezagunak aurkitzeko. Adibidez, Arestirekin zituen gutunak atzeman ahal izan ditu, Mirandez «falta den guziaz» ikertzeko helburuz.

Iraganaz jabetu

Jon Miranderi buruz «gutxi» zekiten Euskal Herriko idazleek, eta Txomin Peillen eta Andolin Eguzkitza haren obrez kezkatzen hasi ziren. Gerora, 1977an, Joxe Azurmendi Mirande ikertzen hasi zen, eta Mirande puskaz puska berraurkitu artikulua karrikaratu zuen Anaitasuna aldizkarian. Sotori lan garrantzitsua zaio; izan ere, haren ustez, Mirande ikertzeko eta pertsonaia analizatzeko, «puskaz puska» ikertu behar dituzte arrastoak.

Azurmendiren lanetik landa, 1980ko hamarkadako «mirandismoa» aipatu du Sotok. «Garaian Mirande aipatzeko eta ikertzeko eztanda ikusgarria izan zen». Idazleari buruzko hainbat argitalpen karrikaratu ziren, eta, bertzeak bertze, Niko Etxartek eta Oskorrik kantu bana egin zuten Mirandezi buruz, eta Haur besoetakoa liburuaren bi argitalpen egin ziren.

«1980ko hamarkadan, Mirande aipatzeko eta ikertzeko eztanda ikusgarria izan zen»

MIKEL SOTOIdazlea eta ikerlaria

1990eko hamarkadan bi saiakera izan ziren Mirande «hobeki» ulertzeko, eta saiakera horiek azpimarratu ditu Sotok. Azurmendi aipatu du berriro ere, filosofoaren Schopenhauer, Nietsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan ikerketa liburuak modua eman diolako Miranderen doktrina filosofikoa ulertzen. Bertzalde, gutunak ere «oso baliagarriak» izan zaizkio Mirande ulertzeko. Hain zuzen ere, 1995ean, Patri Urkizuk Jon Miranderen gutunak argitaratu zituen, eta garrantzitsutzat jo du argitalpena ikerketa aitzinatzeko. «Haren gutunak argitaratu zituenean, Mirande pertsona gisa ikusi nuen, eta geroztik ez diot utzi pertsona hori ikusteari».

Baina Mirande ulertzeko urrats «handiak» egin ziren ber, «diskurtso moralizatzaile zaharraren birsortzea» ere gertatu dela adierazi du Sotok. Errate baterako, Haur besoetakoa nobela obra «pedofilo» gisa aurkezten delako oraindik gaur egun. Horrez gain, nahiz eta Jean Marie Le Penen eta Miranderen arteko argazkia egiazkoa den, nabarmendu du Josu Martinezek frogatu zuela bien artean ez zela laguntasun harremanik. «Nahiz eta frogatua dagoen, segitzen dugu Mirande matrakatzen eskuin muturreko gaiarekin». Azkenik, aipatu du Katixa Dolharek Haur besoetakoa liburuaz egin duen gomendio «on, sakon eta arrazoitua» zapuztua izan zela iritzi artikulu batean. «Iritzi artikulu horren egileak ez zuen Haur besoetakoa irakurri, ezta Miranderi buruzko ikerketarik ere: hori arriskutsua da».

«Nahiz Azurmendik, Urkizuk eta Peillenek Mirande aztertu zuten, ez da pentsatu behar dena dakigula Mirandez»

MIKEL SOTO Idazlea eta ikerlaria

«Diskurtso moralizatzaileak» norabide kezkagarria hartzen badu ere, diskurtsoaren sorreraren zergatia 1980ko hamarkadan kokatzen du Sotok. Haren ustez, Mirande ez da nahikoa aztertua izan hori egin behar zen garaian. «Mirandez asko eta oso ondo idatzi den bezala, asko eta oso-oso gaizki ere idatzi da». Sotok azpimarratu duenez, nahiz Mirande duela ehun urte sortu, ez da oinarrizko lanik egin idazlea ikertzeko. «Nahiz Azurmendik, Urkizuk eta Peillenek Mirande aztertu zuten, ez da pentsatu behar dena dakigula Mirandez».

Idazketa prozesua zaila izaten ari zaio Sotori, bertzeak bertze, oztopoak dituelako Mirande aztertzeko iturriak aurkitzeko. «Argentinako aldizkari batean aurkitu nituen Miranderen bi artikulu goitizen batekin sinatuak, eta hortik abiatuta ohartu nintzen beste ate asko ireki zizkidala horrek». Ikerketaren zailtasunaz gain, Mirande ulertzeko konplexutasun «handia» ere aipatu du Sotok. Horregatik, bi alderdi ikertzen ari da Mirande ezagutzeko: obra eta pertsona. Eginkizuna erraza egiten ari ez bazaio ere, Mirande ikertzen segitu behar dela adierazi du. «Ez da erraza Mirande ulertzea, baina horretan saiatu beharko genuke ahalik eta gehien».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.