‘Los dos hidalgos de Verona’
Ekoizpena: CNTC, La Zona, Cheek by Jowl. Egilea: William Shakespeare. Gaztelaniarako itzulpena: Josete Corral. Egokitzapena: Declan Donnellan, Nick Ormerod. Zuzendaritza: Declan Donnellan. Eszenografia eta jantziak: Nick Ormerod. Mugimendua eta koreografia: Amaya Galeote. Argiak: Ganecha Gil. Antzezleak: Jorge Basanta, Prince Ezeanyim, Alberto Gomez Taboada, Rebeca Matellan, Manuel Moya, Alfredo Noval, Carmen Mayordomo, Antonio Prieto, Irene Serrano. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 6.Â
Adituek diotenez, The two Gentlemen of Verona da Shakespeareren lehen antzezlanetariko bat. Bilboko Arriaga antzokira etorri den gaztelaniazko bertsioa Los dos hidalgos de Verona deitu da, eta gustura joan gara hura ikustera, antzokia goraino bete duten beste ikusleak bezalaxe.
Komedia estiloko lan honek garai hartako elementu asko biltzen ditu, hala nola basoan izandako eszenak, gizon arropekin mozorrotzen den emakumea, amodio ez komenigarri baten debekua eta maiteminduen morroi dibertigarriak, euren nagusiak baino askoz buruargiagoak izateagatik.
Jatorrizko testuaren tratamenduan, inauste eta egokitzapen lan eredugarria egin dute Declan Donnellan eszena zuzendariak eta Nick Ormerodek, gutxienez otsein baten eta bere amorantearen arteko maitasuna ezabatuz eta baita ere azken eszenako bortxaketa saiakera, are lotsagarriagoa zena Proteok bere lagunari Silvia oparitu ostean. Hori guztia kenduta ere —eskerrak!— soilik laguntasuna eta amodioa geratu dira ekuazioan, eta, garai hartako joerari men eginez, laguntasuna —gizonen arteko laguntasuna betiere— nagusitu da maitasunaren gainetik.
Oso diskutigarria guztia gaur egungo ikuspegitik, baina azken finean ez goaz antzerki klasikoa ikustera gaurko planteamenduek gidatuta, baizik eta hiztegi jasoagatik, aspaldiko begirune arauez gozatzeagatik eta endredoaren garapenagatik. Declan Donellan handiaren eszenaratze bat ikusteagatik ere bai, noski, eta kasu honetan ere ez digu esperorik zapuztu.
Panel karratu bertikal batek presiditu du guztia agertokiaren erditik, eta han proiektatu dira noizbehinkako informazio laburrak unean uneko kokapenen berri emanez; jantziak gaurkoak bezain dotoreak izan dira eta argi atmosferiko leunean bildu dira ekintzak. Lehen uneetatik jabetu gara Donellanek garrantzi handia emango ziela aktoreen keinu eta mugimenduei. Haien bidez azpimarratu dituzte testuaren ñabardura guztiak, eta benetako gozamena izan da haiekin lortutako efektua ikustea. Gainera, ugariak izan dira han-hemenka tartekaturiko txantxa bisual finak eta jatorrizko testutik kanpokoak.
Baina, beste ezeren gainetik, aldian behin gertatzen den zerbait jazo da: aurreko emanaldi batean sufritzen egon nintzen besaulki beretik gaurkoan den-dena harrapatu dut, testua esfortzurik gabe entzuten eta hitz bakoitzaren distiraz disfrutatzen. Miraria!