Miren Amuriza (Berriz, 1990) bertsolari eta BERRIAko eguneroko zutabegileak urtebete pasa izango du Paperezko txoriak nobela idazteko. Proiektu horrek irabazi du 20. Igartza saria, eta horri dagokion diru ordainaren lehenengo partea gaur arratsaldean jasoko du Beasaingo Igartza jauregian. Gainerakoa eleberria bukatu eta hura aurkeztean eskuratuko du.
"Beren burua berreraikitzen saiatuko diren hiru lagun" izango dira Paperezko txoriak lanaren protagonista nagusiak. Sabina, bizitza osoan baserrian bizi izan den 80 urte inguruko emakumea, haren alaba Karmele eta biloba Oihal. Urteetan pilatutako nekearen eta minaren ondorioz, Sabina bere buruaz beste egiten ahaleginduko da, eta horrek familiaren zimenduak mugituko ditu, kolokan jartzeraino. "Pieza guztiak mugituko dira, eta familiako kideen arteko talkak sortuko dira", adierazi du Amurizak gaur goizean Donostian eginiko aurkezpenean.
Gai ugari jorratuko ditu Amurizak nobelan, eta horien artean pisu handia izango du zaintzarenak. Izan ere, hiru protagonista nagusiek modu ezberdinean bizi eta ulertuko dute zaintza. Bakardadea izango da liburuaren beste ardatzetako bat. "Bakardadea ikasgai bat da bizitzan, derrigorrean pasatu beharrekoa. Hor agertzen da lehenago edo geroago".
Orain arte bertsolaritzan eta zutabegintzan aritu da Amuriza, eta idatzi izan ditu haurrentzako lan batzuk ere. Eleberria beste "pauso" bat izango da bere sormen lanean: "Asko motibatzen nau. Bertsolaritza eta zutabegintza oso ezberdinak dira. Bertsotan zutik begiratzen diozu munduari, modu kolektiboan. Idaztea, berriz, esertzea eta barrura begiratzea da. Ariketa intimoago bat. Eta tarteko zerbait da BERRIAkoa. Eskatzen du prezisioa, aktualitateari begiratzea". Alde horretatik, zutabeak idaztea "entrenamendu ona" izan dela dio.