Literatura

Miren Billelabeitiak bere ikasleekin egindako lan pedagogiko bat izan du ardatz bere lan berrirako

Pandemia garaian, Mungiako institutuko ikasleekin egindako lana jaso du 'Eguna hasteko olerkiak' liburuan. Gazteek aukeratutako 33 olerki daude bertan, beste idazle batzuen hitzekin eta egileak sortutako testuekin batera.

Miren Billelabeitia, saiakera eskuetan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Billelabeitia, saiakera eskuetan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2025eko azaroaren 19a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miren Billelabeitiak poesia irakurtzen du goizero —«bost minutuz, gehiago ez»—, eguna «goxo» eta «gogoetatsu» hasteko. Harentzat eguna hala hastea egokiena izanda, pentsatu zuen bere ikasleentzat ere hala izan zitekeela. Beraz, ohitura hori ikasgelan txertatzea erabaki zuen. Euskarako eta literaturako irakaslea izan da Billelabeitia Mungiako (Bizkaia) institutuan, eta bertako ikasleekin poesiaren inguruan egindako lanketa bildu du Eguna hasteko olerkiak (Pamiela) saiakeran.

Lehen kolpean poesia liburu bat dela dirudien arren, ez da hori bakarrik. Idazleak aipatu duenez, denetarik jasotzen du: «Narrazioa, esperientziaren kronika, egunerokoaren itxura duten pasarte batzuk, autobiografia pixka bat eta gogoetak». Ikasleekin egindako proiektu pedagogikoaren sorrera, izandako esperientzia eta haren inguruko hausnarketak bildu ditu; lau ataletan. Poemei dagokienez, ez dago Billelabeitiaren poemarik, baina poemak daude, asko gainera: 33, zehatz-mehatz. Ia 70 idazleren hitzak bildu ditu saiakeran, eta 60 ikasle inguruk eskoletan ozenki irakurritako hitzak.

«Beti galdetzen diegu ikasleei, batez ere, udako oporren ostean, ea zer irakurri duten oporretan, baina guk, irakasleok, ez diegu esaten zer irakurri dugun. Garrantzitsua da guk ere esatea zein liburu gustatu zaizkigun». Hortik abiatu zen Billelabeitia proiektua aurrera eramateko; hain zuzen hori bera azaltzen du Eguna hasteko olerkiak-en lehen atalean. Erabaki zuen berak irakurtzen zuena gazteei irakurriko ziela; izan ere, harentzat irakurketa «truke moduko bat» da, baita elkarrizketa baterako aitzakia ere. Hala, goiz batean, liburu bateko testu zati bat irakurri zuen eskola hasteko, eta harrera ona izan zuela ikusita, eguneroko ohitura batean bihurtu zen. 

Irakaslearen irakurketatik harago joan nahi izan zuen, eta irakurketa ozenerako tartea zabaldu zien ikasleei, «ahotsa berreskuratzeko»: «Irakurtzen dugunean gure ahotsa entzutea oso garrantzitsua da; bizia ematen baitiegu hor ageri diren irudiei. Gure buruak irudi moduan irakurtzen ditu letrak, eta hortik ahotsera igarotzen da». Hala eta guztiz ere, irakurketa ozenaren metodoak ezer gutxi iraun zion, pandemiak harrapatu baitzuen bete-betean. Hortaz, irakurketa ozenak testuingurura egokitu behar izan zituen. Liburuaren egunerako —apirilaren 23rako— zerbait egitea pentsatu zuen; beraz, zerrenda luze batetik olerki bat aukeratzeko eskatu zien ikasleei, hori irakurtzeko, eta ozenki irakurtzen zuten bitartean, grabatzeko. 

Gazteen aukeraketa

Jabetu zen gazteek poesia irakurtzen dutela «aukera emanez gero», eta sentikortasunez irakurtzen dutela gainera. Aukeraketak balio «handia» du haren ustez, eta, hain justu, aukeraketa horiekin osatu ditu liburuaren bigarren eta hirugarren zatiak. Hainbat motatako poemak aukeratu zituzten gazteek Billelabeitiak eskatutako lana egiteko: XX. mendearen hasierakoak, bitartekoak eta bukaerakoak dira. Aukeraketa horien atzean hainbat arrazoi daude; ikasleetako batzuek azaldu dituzte, baina beste batzuek ez. Azaldu ez dutenek ere nolabait aukeraketaren arrazoia ematen dutela iruditzen zaio idazleari: «Irakurtzen duten moduak asko dio. Denek ondo irakurtzen dute, eta kontuz». 

«Askotan pentsatu izan dugu gazteek ez dutela irakurtzen. Hurbiletik begiratzen badiegu, eta hasten bagara eguneroko jarduna ikusten, ohartuko gara irakurtzen dutela, ondo irakurri gainera» 

MIREN BILLELABEITIA Idazlea

Liburuaren azken atala esperientziaren inguruko hausnarketari eskaini dio Billelabeitiak, eta honako hau aipatu du: «Askotan pentsatu izan dugu gazteek ez dutela irakurtzen. Hurbiletik begiratzen badiegu, eta hasten bagara eguneroko jarduna ikusten, ohartuko gara irakurtzen dutela, ondo irakurri gainera». Haren esanetan, uste hori bera poesian ere badago; gazteek poesia kontsumitzen ez dutelako ustea. Azaldu du gazteek irakurtzen dutela poesia, nahiz eta ez ulertu —haren ustez, ez dago zertan ulertu—: «Batzuetan ulermena ez da hain garrantzitsua, baizik eta barneratzea». Poesia barneratzeko, ahotsaren indarraren garrantzia azpimarratu du.

«Maitasunez» idatzitako liburu bat da Billelabeitiaren azken lana, eta gazteen grabazioak berriz entzunez, emozioz josi dira idazlearen hitzak. «Olerkiak entzun ezin badaitezke ere, emozioak irakurtzeko aukera eman zezan nahi nuen; nik idazteko garaian sentitu nuena sentitu dezaten irakurleek irakurtzen dutenean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.