Miseria gorria

Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren hazi (Nafarroa Beherea). Herria aldizkarian argitaratu zuen lehen poema, 1974an, eta, geroztik, genero ugari landu ditu. 1984an argitaratu zuen lehen poesia liburua: Bizitza nola badoan. Eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi saria jaso zuen, %100 basque eleberriarekin, eta narrazioa (Zeruetako erresuma) eta antzerkia ere (Odolak su gabe diraki) landu izan ditu. Amaia Ezpeldoi fikziozko detektibearen sortzailea ere bada. Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberria eta Uhartearen mugak (Maiatz, 2021) poesia liburua ditu lanik berrienak. Bestalde, hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, besteak beste, BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartu zuen.

EXPRAI.
Itxaro Borda
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Un jour être pauvre

Détaché de tout

Gérard Manset

Hiper sentsible bakoitzak bere baitan isiltasuna egiten ikasi behar du» erran zuen mahai gurintsuaz bestaldean zegoen solas kideak. Hustu berri genituzkeen basoak klaskarazi genituen, lekuz kanpo zirudien adierazpenaren iluna ospatzeko. So egin nion: Miseria izeneko ostatu honen antzera, aitzinean neukanak egun anitzez hobeagoak bizituak zituen, baina hor zegoen, konkor, duin, guztiok jasan genuen gain-behera soziala fikzio hutsa bailitzan. Alta egoera erreala zen, dirurik ez genuelako, janzteko, gosea bazkatzeko edo Miseriatik at, harremanak bilbatzeko.

—Dirua ez da dena, oihukatzen zuen Marisa taberna-jabeak, negarroiegiak bihurtzen ginela iruditzen zitzaionean. Ez gara bakarrak hondatzen doan ontzi honetan... adiskideak, animo, etxeko anderearen erronda...

—Zu bederen bihotz handiko emaztea zara, marmartzen zuen baten batek aharrausi artean, egikera hain eskuzabalik aspaldian ikusi ez bailuen. Eta banpez jauzten zen lotara, gertatzen ari zenaz arras desinteresatua.

Isiltasunaren tapakiak gela tepu eta likitsa troxatzen zuenean, ardorik merkeenez arrada bete gure godaletak ferekatzen genituen, behatzez, behiala maitatu izakien gorputz unatuak bailiran. Nehork ez zuen hitzik ateratzen. Presioa dorpeegia bilakatzen zenean, Marisak mende urrunduetako musika irakurgailuan, garai bereko binilo bat pausatzen zuen eta bandoneonez edertu melodiaren notek Miseriaren hilotza inarrostea lortzen zuten: geldo zirudiena mugitzen hasten zen. Egunaren eta gauaren arteko marra gorria aspaldian pasatu zutenak dardaka sumatzen ahal ziren oraino.

Solaskideari erran nion:

—Kantuaren indarra...

—Oroitzen zara zorionaren gibeletik errabiaz genbiltzan denbora haiez, galdatu zidan, astotik oilarrera deblauki iraganez:

—Lau etapa aski omen ziren uros izateko. Baina korrika paziente hartako azken bidaldia ezeztatu ziguten, unilateralki. Eta hor geratu ginen, hatsanka, mihiak lurrean, betirako frustratuak...

Miseria, sos, kalipu eta gero gabeziak eragin deboilaren ondorioz biluzi auzo batean kokatzen zen. Bertan bizi ginen, egoerak zakartzen zuen biolentzia handiko ingurunean. Marisak zerbitzatzen zigun ardo mikatzak laguntzen gintuen pairatzen genuen malurra ahanzten. Batzuetan besteetan baino mikatzagoa zen eta erraiekin batera bota genezakeen irentsitako azken hurrupa. Begiak zulo, zintzurrak leize eta sabelak sumendi bukatzen genuen, ekintza-ezaren eremuan alderrai.

Miserian entzerratu aitzin, kontzientzia ximixta soilean, oroitzen ginen bestela bizi izan ginela, apairu onak eta oporrak hartzen genituela. Guretzat, libertatearen goren maila bideo pornografikoak komunean begiestean zetzan. Baina bat batean abiadura handian zihoan trenetik aurtikiak bezala suertatu ginen, bide ertzeko sasietan odoletan, nortasun paperik gabe, iraganaz desjabetuak, etorkizunerako uzkur. Horixe bai, Marisak arrazoia zuen: ez ginen bakarrak.

Hasieran, auzo okertuaren mugetaraino lehiatzen ginen, ate edo zirrikitu bila. Den mendreneko saio guztiak kontra-karratzen zituzten astunki armatu gizon-lerroek. Jalgitzeko eskubiderik ez geneukan. Hilabeteen buruan, Miseriara asignatuak izan ginen, miseria ginen, besterik ez. Miseria-konplizeak aurkitzen genituen egun oroz, alabatxi mehakoila zaintzen zuen amona ezindua adibidez, solaskide etsitua, barra atxikitzen zuten nostalgiko fanfarroiak eta ni neu, laprastada larriaren lekuko kasik mutua.

Marisa hurbildu zitzaigun, irria ezpainetan. Pasatzean, telebista piztu zuen. Informazio kateetako gizon eta emazte aurkezle panpoxak agertu zitzaizkigun, zorion materialaren itxurek pantaila emokatzen zutela. Eguerdi hartan, preseski, ile zurbilekiko politikari bat ari zen miseria horren ezabatzeko zer egin behar zen kontatzen: gangrena baten moduan hedatzen diren auzoak arrasatzea proposatzen zuen, horko etxe, karrika eta jendeak olde berean lurraren azaletik erauziz.

—Hiri abil eta likidoen ateetako kalitxa edo zornakizun ahalkegarri horien presentzia jasan ezina da, neurri bortitzak eskatzen ditu. Gobernuak egingo duena txalotuko dugu...

Diskurtso elektrikotik landa publizitate tunel bat zeharkatu genuen, oren erdi bat baino gehiagoz: auto eta bizikleta elektrikoak ageri ziren, sukalde dena-elektrikoak, klimatizatore elektrikoak, bibratzaile-masaje egile elektrikoak. Miserian, kanpoarekiko lotura bakuna zen telebistaz eta hozkailu burrunbariaz aparte, zer elektriko mikorik ez zegoen, non ez ziren gure gogoeta eta murduska terrentak. Egunerokotasuna zalantzaz betetzen zihoakigun, makina erraldoiak edonoiz etortzen ahal zirelako eremu eskas hauek deuseztatzeko.

«Partikula xehez eta mikroplastikoz elikatzen gara» idatzi nuen behin, galtza zikinen sakelan neukan kaier txikian. Miseriako giroan, poeta fama (txarra) nuela egia zen. Solaskidea nitaz trufatzen zen, hogei urtean ez nuelako besterik izkiriatu. Baina zoko kirasdun honetan sartzen ziren aurpegi kezkatuen izen-deiturak notatzen nituen, Irristada Handiaren ardatzean iruten zituzten istorioak eta hauen hiltze-iraungitze datak ere bai. Miseriaren memoriaren zaintzaile patetikoa nintzen, esku eta belarri hautua, isila, egartsua, alabaina, destino-lagunen pare.

Orduak higatzen nituen ardo zakarrak akuilatzen zuen hausnar tzar batean, egitura orokorra madarikatzen, nire burua ere bai, ustez hain abila izanik xederetan harrapatua izan nintzelako. Lau zenbaki eta zazpi hitz baino ez nituen jada ezagutzen. Mestura melenga aragoak ziren gizakion garunak, jeloskeria eta sumindura ontzi ezinbestekoak. Humanotasunaren zero gradura jauzi ginela bagenekien, itzul biderik gabe.

Eskerrak Marisari musika ona laket zitzaiola. Isiltasun dorpeegiak hedatzen zirenean, basoak biltzen zituen eta besoa soinu-makinara luzatzen zuen, berak hautatzen zuen disko bat platinan ezartzeko. Begiak ixten genituen eta bakoitzak bere pentsamenduak bihikatzen zituen bekaizki. Orduan, ardo mingarrezko intimitate bat hedatzen zen gure artean.

Lehen aldikoz bere Historian, salbatuko zuen norbaiten esperantzari uko egiten zion munduak. Mundua bera zen suntsiketaren tresna trebea. Baina bizia aitzina zihoan, biloak urdintzen eta gerriak gantzaz astuntzen nabaritzen genituen, debaldeko ele eta oldar keinuen artean. Mendea eman genuen ohitzen, ez zen gauza askorik pasatzen, salbu denbora, haren golde zorrotzak larruak iraultzen zizkigula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.