Mixel Ducau: «Edozein hizkuntzatan, musikari esker izpirituak batzen dira»

'Agur Shiva' diskoa kaleratu du Bidaia bikoteak, Indiako doinuak euskal musikara ekarriz

Caroline Phillips eta Mixel Ducau musikariek Donostian aurkeztu zuten atzo disko berria. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Duela bi urte India hegoaldeko Kerala eskualdean egonaldia egin zutenetik, hango doinuak euskal musikara ekartzeko lanean aritu dira Bidaia bikotea osatzen duten Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikariak. Atzo Donostian aurkeztu zuten Agur Shiva diskoa da horren emaitza. Autoekoitzitako bildumak zazpi abesti eta bost doinu instrumental ditu. Euskal tradiziotik hartutako melodia eta erritmoak beste doinu batzuekin nahastu dituzte, eta Indiako karnatika musikak presentzia berezia badu ere, nabarmena da bluesaren eta Magreb edota Balkanetako doinuen eragina ere. Baionako Kalastrope aretoan aurkezpen kontzertua egingo dute bihar, 19:30ean.

Ducau Errobi eta Zaldiboboko kide ohiak eta Phillips emazteak hainbat artistaren laguntza izan dute diskoaren grabaketan: besteak beste, Niko Etxart eta Pettiren ahotsa, Kiki Gracieten harmonika, Aziz Fayeten lauta eta darbuka, Oreka TX taldearen harrizko txalaparta eta Elixabet Dufourren txirula eta panderoa izan dituzte bidelagun. Bikotearen ustez, ezinbestekoa izan da alboka, zarrabetea, gitarra akustikoa, banbuzko klarinetea eta antzeko musika tresnen erabilera bildumaren nahasketa izaerarako. «Moldaketek eta musika tresnek soinu identitario bezain unibertsala eman diote diskoari, bidaiatzen duen Euskal Herri baten isla emanez», Phillipsen ustez.

Hiru oinarri sendo

«Edozein herritan, edozein hizkuntzatan, musikari esker izpirituak batzen dira. Disko hau pertsonen arteko zubitxo bat izango dela espero dugu», dio Ducauk. Kantu gehienak sorkuntza lanak dira, Txoria txori abestiaren blues bertsioa eta Goizian argi hastian Zuberoako kantua izan ezik. Plazaratu berri duten lana hiru oinarriren gainean eraiki dutela azaldu du bikoteak: erroak, bidaiak eta zubiak.

Iparralde, Hizkuntza eta Goizian argi hastian kantuek adierazten dute diskoaren euskal erroa. Mutil dantzaren erritmoaren gainean, Ipar Euskal Herriko herrien jatorrizko izenek, euskarazkoek, osatzen dute kantuaren letra Iparralde abestian. «Autoan gindoazela, ikastolan ikasia den gure alabak hainbat herriren euskal izenak ez zituela ezagutzen konturatu ginen», azaldu du Ducauk. Harridura horretatik abiatuta sortu zuten kantua.

Bidaia kutsua, berriz, Sarigama abestiak ematen dio diskoari. Indiako musika eta Axuri beltza melodia nahasten ditu, «yoga eta natura pozarekin goraipatzen dira». Ildo berean, zen eta meditazio giroa dakarte Aranmula eta Agur Shiva kantu instrumentalek. Argitalpenari izena ematen dio azken kantuak, eta bertan inprobisazio lana egin du Ducauk banbuzko klarinetearekin. Indiako jainko garrantzitsuenetako bat da Shiva, eta Agur Jaunak abestiaren doinuarekin lotu du Ducauk.

Alabaina, zubiak sortzea da Bidaia bikotearen asmo nagusia. Lau abestitan egin dute, bereziki, zubi lan hori. Balkanetako zaporea eman diote Buhamiak abestiari, tzigane herriari omenaldia eginez. Bestalde, Albokhalifa kantuan irudimenezko «Al Andalus fandangoa» sortu dute Aziz Fayet musikariaren lautaren laguntzaz. Isturitze abestian, txirula eta harrizko txalaparta blues gitarrarekin nahastu dituzte. Gainera, Bidaia bikotearen mestizaje nahiak JosAnton Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria txori erebluesarekin lotu du, Pettiren ahotsaren eta Kiki Gracieten harmonikaren laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.