Mixel Ducau:«Aniztasunak goratuko du hizkuntzen itsasontzia»

Nazioarteko Tosta Bandak Euskal Herriko lehen kontzertua eskainiko du Errenterian 

Tosta Bandak Tosta kanta grabatu du Elkar estudioan, Mixel Ducauren gidaritzapean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Udaberrian sortu zen Tosta Banda, eta Donostia 2016 kulturhiriburutzaren «enbaxadore» bihurtu da Atlantikoari begira diren zazpi hizkuntza komunitate gutxitu elkartzeko: Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia, Galizia eta Euskal Herria. Igor Otxoa zuzendari artistikoak azaldu duenez, helburuetako bat da hizkuntza komunitate gutxituen arteko loturak sortzea eta garatzea, elkarren arteko ezagutza ezari aurre egitea «sare bat eta topagune bat sortuz».

Mixel Ducau musika zuzendariak esplikatu du nolabaiteko casting-a egitera behartuak izan direla partaideak aukeratzeko, helarazi dituzten kantu proposamenen arabera, baita «posibilitateen arabera» ere.

Apirilean, Euskal Herriko Oreka TX-ko Iñigo Egia, Harkaitz Martinez eta Mikel Ugarte eta egitasmoaren sortzaileak Irlandara joan ziren, eta beste artistekin lehen produkzioak partekatu zituzten: «Bakoitzak kantu batzuk proposatu ditu, eta bakoitzarentzat bi kantu aukeratu behar izan ditut errepertorioa osatzeko», azaldu du Ducauk.

Tosta Bandaren zuzendariak taldeak bizi izan dituen lehen momentuen izpiritu ona azpimarratu du: «Entsegu guztiak biziki ongi pasatu dira, bakoitzak bere kantak aurkeztu ditu, bere berezitasunekin [...] ez zegoen ego arazorik». Tosta Banda sortu da, eman duten lehen kontzertua baino lau egun lehenago.

Etorkizunari begira

Arrakasta berehalakoa izan da, eta, artista bakoitzaren herrian kontzertuak oihartzuna zuela ikustean, musikariek erabaki dute disko bat grabatzea helmugara iristean, hots, Euskal Herrira. Ducauk konposatutako kanta berria, Tosta, musika zelta, txalaparta eta bakoitzak plazaratu nahi izan dituen instrumentu tradizionalen arteko nahasketa da. Bertan entzungai dira, besteak beste, Rona Wilkie eskoziarra eta Caoimhin o Fearghail irlandarra. Musikariak, banazka, kantari bihurtzen dira euren hizkuntzan errandako zenbait hitz botaz. Azken egunetan instrumentuak astindu dituzte oholtzatik kanpo, Elkar estudioetan (Donostia). Obra berria «mosaiko honen isla da», Otxoaren hitzetan.

Bandaren etorkizuna nolakoa izango den galdetzean, zuzendari artistikoak oroitarazi du Donostia 2016 kultur hiriburutzaren «ondarea uztea» dela Tosta kantaren grabaketa, eta azpimarratu du proiektua bere osotasunean horren harira dabilela.

Asmoak, berriz, handiak dira: «Hurrengo urteetarako bai eskualde horietako jaialdi nagusietan parte hartzea, eta bai Europa eta mundu mailako musiken jaialdietan ezagutaraztea. Ahots txiki horiek ere panorama horretan jartzea».

Maiatzaren 1ean abiatutako kontzertuen itzulia Euskal Herrian bukatuko du musika taldeak. Asteburu honetan Errenterian (Gipuzkoa) egingo da Atlantikaldia, eta hori Europako zazpi hizkuntza komunitate gutxitu horiek eta euren kultura nabarmenduko dituen gunea izango da. «Herrialde edo kultura bakoitzaren kontzertua emango dute Atlantikaldiaren barnean, eta jendeak hizkuntza eta kultura horiek zuzenean entzuteko aukera izango du [...] Tosta Banda taldearen kolaborazioak sortu duenaz gain, Sophie Stephenson dantzari eskoziarrak prestatutakoa ere ikusten ahalko da, baita sorpresatxo bat ere bihar gauean, Errenterian».

Bestalde, proiektu musikalean parte hartu duen nazio bakoitzaren egoera linguistikoa ezagutzeko mahai inguru bat egingo dute, arratsalde honetan, 17:00etan, Xenpelar etxean. Komunitateen egoera eta artisten lan egiteko moduak azalduko dira solasaldi ireki horretan, elkar ezagutza sustatzeko xedez.

Igandean, berriz, hizkuntza aniztasuna irudikatzeko herritarrak plazara deituak dira, 13:00etan, lore baten petaloa osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.