Publikoki bertsotan gutitan aritu izanik ere, bertsoaren alorrean eman zuen bizitza osoa Mixel Itzainak. Funtsezkoa izan da Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren antolakuntza eta gaurkotzean. 92 urte zituen, eta, euskal kulturaren eta bereziki bertsolaritzaren sustatzaile handia izateaz gainera, kulturgintzari lotua egon zen. Hain zuzen ere, Herria eta Gure Herria aldizkarietan idatzi zuen bertzeak bertze, eta bertsotan gai jartzaile eta epaile lanetan aritu zen. Gaur hil da idazle eta kultur sustatzailea, eta hala oroitu du Jean Louis Hariñordoki Laka bertsolariak: «Debaldeko solas guti zituen. Errespetu handiko pertsona zen, eta, gainera, anitz laguntzen zuen, isil-isilik».
Izan ere, bertsolaritza izan zuen Itzainak zaletasun handienetakoa. 1960ko hamarkadan ez zegoen bere garairik gozoenean Ipar Euskal Herrian, eta, hori zela eta, 1966an hainbat euskaltzale bildu ziren Ezpeletan (Lapurdi), Pertsulari solas izendatu zituzten topaketetan parte hartzeko. Elkartze haren gibelean zirenetako bat izan zen Itzaina. Ondorengo urteetan ere bertsolaritzari oso lotua izan zen.
Hain zuzen ere, eragile aktiboa izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran bertsolaritzak izaniko bolada zailean ere. Garai hartan, gazteen artean ez zuen interesik pizten, eta, hori ikusirik, belaunaldi gazteak erakartzeko bideak bilatu behar zirela pentsatu zuen Itzainak. Gogoeta horren ondorioz sortu zuten 1980ko agorrilean Bertsularien Lagunak elkartea. Hariñordokiren irudiko, Itzainak, Ernest Alkhatekin batera, «sekulako» lana egin zuen elkartea sortzeko, bertsolaritzaren sustapena helburu gisa harturik. «Gazteekin lotura handia egiten zuen, eta erranen nuke bertsolaritzaren sustapenaren hasiera markatu zuela hezkuntzaren alorrean Ipar Euskal Herrian».
«Kultura handiko pertsona zen Mixel. Zinez biziki fina zen, eta bazekien zer gai eman bertsolariek beren hoberena atera zezaten»
JEAN LOUIS HARIÑORDOKI 'Laka'Bertsolaria
Elkartearen sorreraz gain, gai emaile fina zela kontatu du Hariñordokik. Plazako bertso saioetan aritu zen nagusiki Itzaina, eta «gai egokiak» eta «ontsa esplikatuak» ematen zituen, haren irudiko. «Kultura handiko pertsona zen Mixel. Zinez biziki fina zen, eta bazekien zer gai eman bertsolariek beren hoberena atera zezaten». Bide batez, duela hilabete egin zion bisitan, Itzainak erran zion sorkuntza lanetan segitzen zuela. «Gai batzuk idatzi zituela kontatu zidan. Gainera, garai batean bezala, Lopategiri eta konpainiari ematen ahal zirela erran zidan, irriz».
Hariñordokik gehitu duenez, gai egilea ez ezik, «zubi egilea» ere izan zen Itzaina. Emile Larrerekin batera, Hegoaldeko bertsolariak Iparraldera ekartzen hasi ziren «lehen aldikotz». Ondorioz, bertsolaritza hezkuntzan sartzeko zubiak eraiki, eta erraztasunak ere ezarri zituen Euskal Herriko lurraldeetako bertsolariak elkartzeko.
Beñat Soule bertsozalea Itzainarekin batera aritu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan epaile gisa. «Oroitzen naiz elkarrekin luzaz egon ginela epaile gisa Iparraldeko bertsolariak Nafarroako txapelketan kantatzen zutelarik». Kanboko (Lapurdi) Panpi Etxegoinekin batera osatzen zuten hirukotea, eta adiskide onak zirela azpimarratu du Hariñordokik. «1994an hasi nintzen Nafarroako txapelketa epaitzen, eta Mixelek anitz-anitz lagundu ninduen: laguntzaile handia zen». Nafarroako txapelketan ez ezik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ere epaile izan zen 1965etik 1989ra.
Bertsozalea eta idazlea
Itzaina berantago ezagutu dutenek «bertsozale amorratutzat» jotzen dute. Hala erran du Aritz Bidegain Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak. «Bertsolarien egiazko laguna zen. Elkartea sortu zuen, baina lan franko egin izan du euskararen eta bertsolaritzaren alde».
Gaur egun, gai emaile gisa dihardu Bidegainek, eta Itzaina bertsoz bizi izan den pertsona gisa oroituko du, kultur sustatzailea izateaz gain.
«Bertsolarien egiazko laguna zen. Elkartea sortu zuen, baina lan franko egin izan du euskararen eta bertsolaritzaren alde»
ARITZ BIDEGAINBertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria
Bertsolaritzan engaiatua izateaz gainera, idazlea zen. Beti bertsolaritzari lotua izanik, 2014an Fernando Aire Xalbador-en biografia argitaratu zuen. Ez zen Itzainak idatzi eta kaleratu zuen liburu bakarra. Mixel Labeguerieren laguntzailea ere izan zen, eta 1999an hari eskainitako biografia argitaratu zuen Bidegileak bildumaren barruan. Eusko Jaurlaritzak 1987an jarri zuen abian proiektua, euskalgintzan nabarmendu diren norbanakoen eta taldeen biografia laburrak jasotzeko helburuz. Bertzalde, Soulek azpimarratu du hogei bertso sorta inguru idatzi zituela eta Teresa Lisieuxekoaren obrak frantsesetik euskarara itzuli zituela. Louis Dassanceri eskaini lan bat ere argitaratu zuen 2008an.
1967an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta ohorezko euskaltzain 2014an.
Ehorzketak heldu den astelehenean izanen dira, Itsasuko elizan (Lapurdi), 17:00etan. Bizkitartean, Kanboko beilatokian bisita daiteke.