Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Mufasa Sarajevon

2025eko abenduaren 14a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mamuek, oro har, beldurra ematen dute. Gauza jakina da. Gauza jakina den moduan iraganetik datozela, bueno, hobe genuke esatea bueltatzen direla (frantsesez revenant esaten zaie mamuei, hau da, itzultzen dena). Sarritan guk atzean utzi nahi dugun hori gorpuzten dute, ahaztu nahi baina tematsu gugana bueltatzen dena. Hitzik gabe uzten gaituzte, eta harrituta geratzen gara haien presentziaren aurrean, hitzaren zentzu literalenean. Eta haien izaera lauso horrek (badira baina ez dira, ikusi bai baina ukitu ez) beldurra sortzen digu, eta lasai bizitzea oztopatu. Horregatik sarritan pentsatu ohi dugu mamuek ez digutela etorkizunerantz aske joaten uzten.

Eta uste hori nahiko zabaldua badago ere, nago ez ote dugun mamulogia oker bat egin… Zeren eta mamuek, iraganetik datozen beste izaki batzuek ez bezala, ekintzara mugitzen gaituzte, aldaketak eskatuz. Ozen ez hitz eginagatik ere, gauzak argi esaten dizkigute, eta esango nuke, justuki kontrara: blokeatu bainoago, blokeotik ateratzen laguntzen digutela. Errazago ulertuko da adibideekin.

Lehen mamua: literaturaren historiako lehen mamuetako bat aurkeztuko dizuet: Tiresias. Odisea-n agertzen den fantasma da. Hil aurreko bizitzan Tiresias igarlea zen, eta hil ondoren ere igarle izaten jarraitzen du. Ulisesek harengana jotzen du etxera bueltatzeko gomendio eske, urteak baitaramatza itsasoan alderrai, ez aurrera ez atzera. Kasu honetan mamua jakintsua da, lagunkoia, eta Ulisesen patu ankerrari amaiera jarri nahi dio. Etorkizun zoriontsu batera jaurtitzen du Ulises.

Bigarren mamua, hau ere literaturatik hartua: Hamleten aita. Hamletek (edo Simbak, Lehoi erregea-k argumentu bera baitu) aita galdu du modu injustu batean, nahiz eta berak oso argi jakin ez. Hamleten osabak (edo Simbaren osabak, Scarrek) hartu du bere gain aita hildakoaren erregetza, eta ordutik zorigaiztoko da Hamlet (eta Simba), eta gainerakoak ere bai. Ez aurrera ez atzera bizi da, eta horrek inarrosten dio barrena. Hori horrela, Hamleten aitaren (Mufasaren) mamua mintzatuko zaio Hamlet zalantzati eta galduari injustizia salatu eta ekintza zuzenera deitzen. Hemen ere mamuak mortalek ez dakiten zerbait daki, jakintsua da, eta injustizia bat salatzera dator, protagonista ekintzara mugituz. Etorkizuna aldatzera deitzen du.

Hirugarren mamua: Komunismoaren mamua. Marxek eta Engelsek Manifestu komunista-n aipatzen dute ba, mamu bat. Nik testua irakurri aurretik uste nuen mamua kapitalismoa zela. Mamua=gaiztoa. Eta mamua ehizatzera zihoala Marx (Cazavampiros moduko bat, alegia). Baina gero segituan konturatu nintzen Lehoi Errege-ko argumentu bera zuela asuntoak, eta mamua zela pelikulako heroia. Zer eskatzen duen komunismoaren mamuak? Justizia, berriz ere: gertakari irrazionalak (hau da, sistema ekonomiko kapitalista) behin eta betiko desagertzea.

Adibide hauetan argi ikusten da mamuak lo dagoena esnatu eta egoera aldatzera deitzen duela. Zentzu horretan, mamuek etorkizunera lotzen gaituzte zer eta iraganeko erabaki okerrak aldatzeko eta eszenatoki berri eta justuago bat eraikitzeko. Bertan goxo dagoena, eroso baina aldi berean erdi lo, zalantzati edo alderrai dagoenari belarrondokoa ematea: hori da mamuaren egitekoa. Eta mamuez ari naiz, baina aldi berean ari naiz tradizioaz, iraganaz, memoriaz, edo hobe, tradizioarekin, iraganarekin edo memoriarekin harremantzeko modu jakin batez.

Adibide hauetan argi ikusten da mamuak lo dagoena esnatu eta egoera aldatzera deitzen duela. Zentzu horretan, mamuek etorkizunera lotzen gaituzte zer eta iraganeko erabaki okerrak aldatzeko eta eszenatoki berri eta justuago bat eraikitzeko

Baina iragana ez dator beti aldaketa eske: areago, esango nuke normalean iraganarekin dugun harremantzeko modua justu kontrakoa dela, alegia, bertara kateatuta mantendu nahi gaituela. Iraganak, kasu horretan, mamu itxura baino gehiago du zonbi itxura. Zonbi batek hozka egiten digunean bera bezalakoa bihurtzen gaitu, erdi hildako, erdi bizidun. Eta hozka egiten digunean bere tankerako (hau da, iraganeko) nahi gaitu, betirako.

Eta hemen zutabeak bi adarkatze posible ditu, aukeratu nahi duzuna, irakurle. Edo ez aukeratu eta biak irakurri. Edo aski aspertu bazaitut dagoeneko, hemen eten irakurketa.

(1) Hausnarketa kultureta: Uste dut sorkuntza esparruan dabilenak beharko lukeela mamuzale eta ez zonbizale. Mamuek iragana baliatzen dute etorkizuna aldatzeko. Zonbiek ez: haiek nahi gaituzte antzeko, aldaketa gabeko. Zonbiak erreakzionarioak dira, tradizionalistak; betikoa erreproduzitu nahi dute betiko moldeetan.

(2) Hausnarketa jurrua: indar politiko handia dute mamuek. Memoria gordailu dira, eta nolabait, erne mantendu nahi gaituzte, eta batez ere, justiziarekin konprometitzera bultzatzen gaituzte. Eta mamu asko dabil, eta ibiliko da munduan zehar, isilka baina aldi berean orroka, orain aste gutxi Sarajevon nola, edo aspaldian Gazako zerrendan nola, gure gizarte anestesiatu eta zentzugabe hau irauli nahian. Egongo ote gara mamuen eskakizunen mailan?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.