2017an eman zion hasiera bere trilogia beltzari Ernesto Prat Urzainkik (Berriozar, Nafarroa, 1978), hain zuzen (H)ilbeltza beka irabazi eta haren fruitu Telleria eta gero, zer? eleberria argitara eman zuenean. Genero beltzean idatzitako lehena izan zuen hura, eta zapore mikatza utzi zion; traman sortutako korapiloak askatzea nekeza egin zitzaiola eta nobela beltzik ez zuela berriz idatziko esaterainokoa. Denborak mikatza gozatzen erakutsi zion ordea, eta 2024an, zer, eta lehenengoaren segidatzat jo litekeena plazaratu zuen: Mendeku eskubidea. Egileak berak esanda, harekin «baketu» zen idazketarekin. Hura plazaratu eta bi urtera heldu da Muga hautsien hegalak, Baztango lurretan girotutako trilogia itxiko duen eleberria, (H)ilbeltza nobela beltzaren asteari lotuta heldu ere, gainontzeko biak bezala. Asteazkenean aurkeztuko du bertan.
Pertsonaia nagusi batek eta berak lotzen ditu hiru eleberriak, aldiko izen berri bat hartzen baldin badu ere: Lurra zuen izena lehen eleberrian; bere burua berrasmatu behar, eta Larru izan zen bigarrenean; eta orain, berriro ere hutsetik hasi behar izan duela eta, Larra goitizena hartu du. Hain zuzen, mutur batetik bestera eboluzionatu behar izan du pertsonaiak gidoiaren hobe beharrez: punka eta drogazalea zena artzain gaztagile bilakatu da; eta rock kontzertuetan dena emanda ibiltzetik, bizitza sano eta ekologiko batera egin du jauzi. «Indarberrituta eta buruz sendo» ageri da orain.
«Pertsonaiak mendira jo du, zehazki Pirinioetara, eta gazta egiten ikasi du. Horrek Baztanera itzultzeko parada eman dio»
ERNESTO PRAT URZAINKI Idazlea
Baina pertsonaiaren eboluzioa ez omen da izan aurrez egindako eskema baten ondorioa. Aldaketarako gakoetako bat irakurleek eman zioten Prati, Telleria eta gero, zer? eleberria plazaratu zuenean: «Erran zidaten drogen kontsumoari ez zitzaiola behar beste garrantzirik ematen. Kritika hori onartu, eta bigarren eleberrian desintoxikatzeko ahaleginean jarri nuen pertsonaia». Baina desintoxikazio prozesuetan erorialdiak izaten dira, eta horietariko batek, hain zuzen, berriz ere bere burua berrasmatzeko bidea eman dio pertsonaiari: «Horrelakoetan aunitzetan egiten den moduan, pertsonaiak mendira jo du, zehazki Pirinioetara, eta gazta egiten ikasi du. Horrek Baztanera itzultzeko parada eman dio». Izan ere, Baztanen gertatzen da trilogia osoa; egileak zehaztu egin du hala ere: «Eleberriak Baztan jakin batean daude girotuta, postal turistikotik ihesi doan Baztan batean».
Berrasmatzeak berrasmatze, iraganeko konpromisoak, borrokak eta mamuak berekin ditu Larrak, eta horrek, gazta egiteaz harago, saltsan sartzera eramango du nobelan barrena.
Hiru gatazka txirikordatu ditu Pratek, hirurak ere pandemia betean girotuak. Batetik, lehen eleberri beltzean muina izan zena legoke; hau da, Telleria egitasmo urbanistiko espekulatzaileak eskualdean eragindakoa. Prat: «Funtsean Aroztegiaren arrimuan asmatutako fikzioa da. Ezin da erran hori denik erabat, fikzioak bertzelako erritmo eta tramak eskatzen dituelako, baina hori du oinarria».
Migrazioak eman dio egileari bigarren korapiloa sortzeko bidea: «Mugako herriak migranteen pasabidea izan dira beti, historikoki». Egitate horri pandemiaren eragina gehitu behar zaio, garai horretan girotuta baitago eleberria. Prat: «Irungo Santio zubia eta Biriatuko muga hertsi zituztenean, jendeak barnealdera jo zuen, eta, Bidasoan goiti eginez, Baztandik pasatu ziren. Errealitate hori jaso dut, batez ere lehen atalean».
«Barneko gorabeheren berri izan gabe, fikziozko aukera bat asmatu dut azaltzeko Artozkiko artelan horiek non egon ziren eta zergatik agertu diren batzuk eta zergatik ez bertzeak»
ERNESTO PRAT URZAINKI Idazlea
Artozki gogoan
Hirugarren korapiloa osatzeko, hogei urte atzera egin eta artea eta lurraren defentsa uztartu zituen erresistentzia ekintza bati heldu dio. «Itoizko urtegia egin zutenean, Artozki herria hustu behar zutelarik, Euskal Herriko zenbait artistak obra bana eman zuten herrian berean erakusketa bat egiteko, erranez herria hiltzen zutenean arte hori herriarekin batera hilko zela». Hogei urte geroago, Itoizko solidarioek artelan horietariko batzuk berreskuratu zituzten. Gertaerak emandako albisteetatik tiraka, egoera horren «prekuela bat» egin du Pratek: «Barneko gorabeheren berri izan gabe, fikziozko aukera bat asmatu dut azaltzeko Artozkiko artelan horiek non egon ziren eta zergatik agertu diren batzuk eta zergatik ez bertzeak».
Elkarreko editore Xabier Mendigurenek Praten ikasteko gaitasuna txalotu du: «Lehen liburuaren testua iritsi zenean, gauza asko aldatzeko eskatu genion; batez ere, kentzea. Bigarren eleberrian askoz gutxiago eskatu genion, eta hirugarrenean, ia batere ez. Trebatuz joan da ofizioan».
Hiru eleberriak aurrean dituela, pozik agertu da Prat: «Ez naiz nire baitan kabitzen».