Historiaren eta, aldi berean, istorio askoren lekuko izan zen Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga ingurua Bigarren Mundu Gerrako urteetan. Alemaniako frontean eroritako hegazkin-gidariak jaso eta Ingalaterrara bueltan eramateko, bazter haietan barna ibili behar izan zuten Comete sare klandestinoko kideek. Sare horretan nahastuko den herri txiki bateko familia bat da Mugaldekoak filmaren protagonista. Iaz ETB1 katean atalka eman ostean, gaur iritsiko da lana zinema aretoetara.
Benetako gertaeretan dago oinarrituta pelikula. Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzendu dute lana, eta Tentazioak etxeak eta EITBk ekoitzi dute. Aktore taldea hainbat lagun ezagunek osatzen dute; Gabilondok berak eta Isidoro Fernandezek jokatzen dituzte bi rol nagusiak: Irene Solagurenena eta Manuel Larralde doktorearena. Comete sarean parte hartzeko eskatuko diote Solagureni. Familia errepublikarrekoa da, baina haren senarra frankisten bandoan aritu da gerran, mediku-kapitain mailan. Dedee de Jongh sareko arduradunarekin bilduko da Solaguren, eta baietz erantzungo dio azkenerako. Erabaki horrek bere bizitza eta familia osoarena aldaraziko ditu.
Matxalen Depedro ariko da Comete sareko arduradunaren rolean. Iñaki Beraetxek, Getari Etxegaraik, Alberto Berzalek, Iñaki Rekartek, Sara Cozarrek eta Aintzane Gamizek jokatuko dituzte familiako eta haren inguruko gainerako pertsonaiak.
'Mugaldekoak' filma gaur iritsiko da zinema aretoetara
II. Mundu Gerrako Comete sarea du ardatz Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzendutako lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu