Mugi errendimendu handiko gunea sortu du Dantzaz-ek denboraldi berrirako

Azken zazpi urteotan konpainiatik pasatako 45 kideetatik 39 gaur egun profesionalak direla nabarmendu dute

Dantzaz konpaniako dantzariak, atzo, Artelekun, Naufragoak ikuskizuna dantzatzen. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Euskal Herritik abiatuta baina ikuspegi europarrarekin», dantzari gazteei lehenengo aukera profesionala ematea da Dantzaz plataformaren helburu behinenena, Fernando Saenz de Ugarte zuzendari nagusiaren esanetan. Eta ideia horretan sakontzeko intentzioarekin sortu dute Mugi errendimendu handiko gunea, 16 urtetik gorako Euskal Herriko dantzarientzat. Horixe da denboraldi berrirako plataformak aurkeztutako berritasun nagusia.

Halere, dantza konpainiak berak jarraituko du izaten plataformaren bizkarrezurra. Azken zazpi urteetan horretatik 45 dantzari pasatu direla, eta horien %89,5, 39 dantzari guztira, egun profesional gisa dabiltzala nabarmendu zuen Saenz de Ugartek, atzo, Artelekuko haien egoitzan egindako denboraldi berriaren aurkezpenean. «62 egonaldi egin dituzte guztira 39 dantzari horiek, Europako hainbat dantza konpainiekin». Plataforma «uneoro» aldatzen ari direla adierazi zuen zuzendariak. «Izan ere, konpainia profesional batek lan eskaintza bat egiten baldin badio dantzariari, haren tokia utzi beharra dauka».

Une honetan 10 dantzarirentzako tokia dauka Dantzaz-ek, eta bost berriak dira joan den denboraldiarekin alderatuta. 10 dantzari horietatik bi baino ez dira Euskal Herrikoak. Beste bi frantziarrak dira, hiru espainiarrak, eta Herbehereetako, Suediako eta Italiako bana dago.

Mugik, berriz, lau dantzarirentzako (bi emakumezko eta bi gizonezko) tokia edukiko du, eta bi baldintza bete beharko dira hautaketa probetan parte hartu ahal izateko: 16 urte baino gehiago edukitzea, eta Euskal Herrikoa izatea edo azken sei urteotan Euskal Herrian bizi izana. Emakumezkoentzako tokiak beteta daude jada. Halere, konpainian zein Mugin sartzeko entzunaldiak irekiak dira, «noiznahi» egiten dira. Plataformaren aurrekontua 370.000 bat eurokoa da, eta horren %60 dagokie instituzioei: Eusko Jaurlaritzak 75.000 euro jarri ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, 120.000.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.