Kritika-Artea

Mugitzen diren irudien ertzak

2025eko ekainaren 17a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

chantal akerman

Izenburua: Irudiari aurre egitea. Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: Urriaren 19ra arte.

Zinemaren egiturak pantailaz gaindiko espazioetara igaro daitezke. Horren adibide argia izan zen Valie Export performer austriarrak 60ko hamarkadatik aurrera egindako lana, zeinak zinemaren eta gorputzaren arteko harremanak eta hausturak aztertzea zuen helburu. Touch cinema izeneko pieza da horren erakusgarri nagusietako bat. Artistak bere gorputza zinema ukigarri bihurtu zuen lan horrekin: ikusleek ez zuten soilik begiratzeko aukera; haren gorputza ukitzeko gonbidapena ere jasotzen zuten. Espazio publikoan kokatuta zegoen gorputz hura gorputz kolektibo bihurtzen zen; eta, aldi berean, emakumezko gorputz bat kalean egoteak eta ukitua zein begiratua izateko moduan egoteak ekar zitzakeen biolentziak irudikatzen zituen, nahiz eta une jakin batez izan.

Hitz egitera natorkizuen erakusketa ez da Valie Exporten obrari buruzkoa, baina ikus-entzunezkoen esparruan ardazten da. Eta, horrekin batera, gorputzak erakusketan duen kokapena ere aipatzekoa da: obraren eta hura inguratzen duen espazioaren ehunean zuzenean murgiltzen diren egoetan kokatzen baita. Irudiari aurre egitea da erakusketaren izenburua, eta Chantal Akermanen bideo instalazioek osatzen dute.

Mostraren komisario eta Akermanen muntatzaile izandako Claire Athertonek erakusketaren katalogoan argitzen duen bezala, zerbait ulertzea eta zerbait deskodetzea ez dira sinonimoak. Haren hitzetan, ulertzea ez baita hori, «baizik eta itun komun bat eraikitzea, non pertsona bakoitzak bere esperientzia garatzen duen». Eta erakusketaren tituluaren dimentsio performatiboari jarraikiz, espazioan barneratzen garenean, hura osatzen duten irudien bitartez loratzen diren pertzepzioetan datza esperientzia; eta ez ikus-entzunezko bakoitzaren narrazioa deskodifikatzeko saiakeran.

Egiturari dagokionez, zehaztu beharra dago zirkularra dela, eta horrek ikuslearen ibilbidea nolabait bideratzen duela. Halaber, espazioa bera ere esperientziaren parte bihurtzen da lehenengo gelara sartu aurretik. Izan ere, bertara hurbiltzen garen heinean, askotariko soinuek gure pausoen norabidea markatzen dute, eta horiek lagunduta iristen gara lehen piezara.

Horman proiektatutako pantailan objektuz beteriko gela bat ageri da, norbaitek hura habitatzen duen seinalea. Kontraste nabarmena sortzen da erakusketa espazioaren hutsunearen aldean. Baina irudiak gure arreta harrapatzen duen bitartean, gure gorputza espazioa okupatzen ari dela sumatzen dugu, eta, une horretan, filma bera horman irekitzen den leiho baten antzera senti dezakegu: Akermanen logelara ematen duen leihoa, hain zuzen. Proiektatzen den irudiaren eta ikuslearen egunerokotasunaren parte diren espazioen arteko trantsizio gunea sortzen duen leihoa, alegia.

Espazio horren baretasuna desagertzen hasten da hurrengo espaziorantz desplazatzen naizenean. Korridore ilun batean murgilduta, hurrengo espaziotik datorren soinua bihurtzen da nire gidari. Eta, korridorearen amaieran, Shanghaiko skyline-aren ilunabarrean murgiltzen naiz. Irudi estatikoa da, baina hiriko argien erritmoek eraikinen irmotasuna leuntzen dute. Forma horien artean, zinemagileak erakusten duenaren eta ikusleak haren esperientzien bidez osatutako kontakizunaren arteko tentsioak sumatzen dira. Eta, hain zuzen, hori izango da gelaz gela goazen bitartean azaleratuko den sentsazioa.

Hots, irudiaren erabileraz harago, Akermanek bere amarekin elkarrizketan landutako arrakala emozionalak ere aurkezten dizkigu mostrak. Haren obran ukaezina baita familiaren historiak proiektatzen duen itzala. Ama, haurra zela, gurasoekin batera giltzapetu baitzuten Auschwitzeko kontzentrazio esparruan, eta bizirik ateratzea lortu zuen bakarra izan zen. Oroitzapen horiek, amaren ahotsean eta amonaren egunerokoaren orrialdeetan gordeta, iraganeko zauriak irekitzen dizkigute berriro, eta haien oihartzunak orainean bizirik daudela gogorarazten digute.

Azken batean, erakusketak geruza ezberdinetan egituratzen diren espazio eta denborak proposatzen ditu, mugitzen den irudiaren presentzia fisiko eta emozionalean ardazten direnak. Akermanen irudiek, isiltasunetik, mugimendu sotiletik eta absentziaren (ez)presentziatik abiatuta, memoriaren, traumaren eta identitatearen ertzak zeharkatzen dituzte, ikuslea bere baitan islatzera gonbidatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.