Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

'Mitologiak' erakusketaren hastapena, Bonnat Helleu museoan. GUILLAUME FAUVEAU
'Mitologiak' erakusketaren hastapena, Bonnat Helleu museoan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko uztailaren 6a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreikuspenak zapartatu ditu Bonnat Helleu museoak. Bertako zuzendari Barthelemy Etxegoien Glama kontent agertu da zazpi hilabete pasatu ondotik 100.000 bisitari baino gehiago pasatu direlako museotik, eta testuinguru horretan estreinatu dutelako Mitologiak erakusketa. Azarora artio iraunen duen behin-behineko erakusketa horretan, Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Mexikoko, Ozeaniako eta Afrikako mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, kaleidoskopio formatuko gela batean. Ehun obra inguru biltzen ditu erakusketak; Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoek utzitako obrak jarri dituzte mundu osoko mitologiak elkartu ahal izateko.

Bonnat Helleu museoan mitologiak idazten, biltzen, aktibatzen eta justuki irudikatzen dira, eta lau aditz horien inguruan eratu dute erakusketa, Etxegoienen ustez. Mundua mitologiaren bidez kontatzeko helburuz aritu dira lanean, eta erakusketak ikerketa lan handia eskatu duela zehaztu du Benjamin Caule komisarioak. Ikusgai den emaitzara arribatzeko, mitologia dokumentatu zutenen izen batzuk aipatu ditu, eta, hain zuzen ere, ikertzaile horien liburuak ikusgai jarriko dituzte museoko sarrera gela handian. Felix Arnaudin, Eugene Camoreyt, Jose Migel Barandiaran eta Julien Vinsonenak dira obra nagusiak. Liburu horien ezkerrean, testu mitologikoz bete buztinezko taulatxo bat ageri da. Jesu Kristo aitzineko 2000. urte ingurukoa da, Mesopotamiako Nippur eskualdekoa.

Hortik hurbil, harrigarria badirudi ere, elkarren ondoan ezarri dituzte greziar garaiko Homeroren bustoa eta Owantshooziko artisauek eta diseinatzaileek egin lamina baten maskara. «Mitologiak irudikatzeko hainbat manera daude, eta hemen ikus dezakegu iragana eta oraina batuz mitologia aktiba daitekeela, eta ez dela gauza hila», kontatu du museoko zuzendariak. 

«Mitologiak irudikatzeko hainbat manera daude, eta hemen ikus dezakegu iragana eta oraina batuz mitologia aktiba daitekeela, ez dela gauza hila»

BARTHELEMY ETXEGOIEN Museoko zuzendaria

Hastapenetik argi utzi du erakusketan denboran barnako zubi bat markatu nahi dutela mitologia transmititzeko gisan. Etxegoien: «Mitoak ez dira bakarrik iraganekoak: gure iruditeria garaikidea eraikitzen segitzen dute. Erakusketa honekin, gainera, ohar daiteke gai unibertsala dela mitoena, mundu osoan irudikatzen baitira, hainbat maneraz».

Gai bera hainbat obratan

Mari Garai gelan da erakusketaren muina. Erakustokia modu zirkularrean antolatu dute, obra bakoitzak bertze obrekin mirail efektua ukan dezan. Zentrotik hasita, bazterrei buruz daude obra guziak, eta labirinto gisako bat osatzen dute denek, elkarri begira balira bezala. Halere, ordena jakin batean bisita daitekeela nabarmendu du Etxegoienek, eta galtzeko arriskurik ez dela azpimarratu du.

(ID_16256972) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Visite presse de l\'exposition temporaire “Mythologies” au musée Bonnat-Hell...
Hartza, bertze obra frankoren artean, Bonnat Helleu museoko Mari Garai gelan. GUILLAUME FAUVEAU

Obrarik nabarmenenak presentatu ditu zuzendariak, eta, bertzeak bertze, San Jurgiren bizia irudikatzen duten hiru obra agerian utzi ditu. Esplikatu duenez, bigarren mendean bizi izan zen giristino bat zen Jurgi, eta dragoi baten kontra borrokatu zeneko gudua ikus daiteke zenbait obratan. Hain zuzen ere, Rafaelek irudikatu zuen margolan batean Errenazimentuan. Baina Gaizkiaren eta Ongiaren arteko guduka Musa Ibn Istifanek ere irudikatu zuen beranduxeago, 1699an, buztin errez egin laukitxo batean. Eta San Gregorioren bizi osoa irudikatzen duen Ne’meh al-Musawwiren urre koloreko olio pintura bat ere ikusgai jarri dute, denak elkarren ondoan. 

Horien ondoan, elkarrizketan ezarri dituzte hartzaren aldaera mitologiko franko. Batetik, Euskal Herriko ihauteetan agertzen dena irudikatu dute, zutik, gela erdira salto eginen balu bezala. Thomas Loiathoren obra da, ardi larruz, sokaz eta oihalez egina. Hartz handiari kasik kolaturik, berriz, bada Izturitzeko harpeetan (Nafarroa Beherea) atzeman hareharrizko zizelkadura ttipi bat, baita Marquayengo babeslekuan (Frantzia) atzeman silexezko hartz ttipi bat ere. Zizelkadurez gain, Valere Bernarden Jean de l’Ours grabatuak osatzen du hartzaren historia; emazte baten eta hartz baten harreman batetik sorturiko izakia irudikatzen du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA