Iazko ez-fikziozko liburu laudatuenetakoa izan da, mundu anglo-saxoian bederen, Sue Prideaux-en Wild Thing: A Life of Paul Gauguin biografia. Margolari (post)inpresionistaren bestelako irudi bat ematen du, aspalditik zabaldua den munstro-predatzailearenaz bestelakoa. Aurkikuntza berrietan oinarritzen da hori egiteko, tartean, Gauguinen zenbait haginen analisi biologikoan eta 2023an aurkitu zuten artistaren beraren Avant et après testuan. Gaian interesa duen ororentzat da liburu gomendagarria, tradizio horretan ohi duten era argi eta erakargarrian idatzia, baina aitor dut ez zaidala hainbesterako ere iruditu. Akaso izango da Paul Gauguin zinez munstro bat izan zen edo ez zen izan jakitea ez zaidalako askorik axola.
Haizea Barcenillak egunkari honetan bertan duela urte batzuk idatzitako Artea eta bortizkeria zutabearekin akordatu naiz hura irakurri bitartean. Barcenillak azaltzen zuen, frustrazioz, zeinen zaila egiten zitzaion bere arte ikasleei Gauguinen artearen balioa ikusaraztea haren izaera misogino eta biolentoa aipatu ondotik. Uste dut estetika gaiekin eta obrekin lan egiten dugun gehienok identifikatzen ahal garela sentipen horrekin. Ni neu ere halaxe sentitu izan naiz Ernest Hemingwayren ipuinak aztertu izan ditudan zenbaitetan (Gauguinen munstro irudira iristen ez bada ere), edo are, azken boladan, Alice Munrorenak. Eta Barcenillak artikulu hartan esaten zuen bezalaxe, lana txukun egin ez izanaren sentipenarekin itzultzen zara etxera.
Ez dut literatura eta arte irakasleok desenkusatzeko inolako asmorik baina esango nuke garaiaren ezaugarrietako bat dela hori, eta eskolako lau hormez haraindi doan korronte zabal baten sintoma. Urte batzuetatik hona begirada moral(ist)a erruz hedatu da gizarte gaiak aztertzeko eta, jakina, baita arte eta literaturakoak ere. Sentipena dut ez garela kontziente horrek zelako kaltea egiten dion hezkuntza literario-artistikoari, politikoki aski arazotsua izateaz gain. Izan ere, begirada moralista larruazal politikoz agertu ohi bazaigu ere, finean, haren estalki izaten da. Moralismoak partikularrean jartzen du begirada, adibide konkretuan, eta itsu da, epaitu beharraren epaitu beharraz, adibide konkretu horren gibelean dauden baldintzapen historiko, sozial eta bestekoez, hots, azterketa sistematiko bat eskatzen duen begirada politikoaz. Epaia beste ezeren aurretik jarrita ez da tarterik geratzen beste ezertarako, eta gainontzeko kontsiderazio guztiak ezeztatuak geratzen dira, dela Gauguinen kolorearen erabilera, dela Hemingwayren estilo zorrotza, dela Munroren ironia fina. Bere eremuan ezinezkoa baita moralismoari irabaztea: nola ariko zara ba paletaren gamaz edo estilo literarioaz muturren aurrean bortizkeria doilorrena edo haren babesleak dituzunean?
Moralismoak partikularrean jartzen du begirada, adibide konkretuan, eta itsu da, epaitu beharraren epaitu beharraz, adibide konkretu horren gibelean dauden baldintzapen historiko, sozial eta bestekoez
Alabaina, nago, pixka bat hazkatuz gero, epai moralistak gehiago esaten duela, gehienetan, epailearen kontzientzia on-nahiaz epaituaren hobenaz baino. Denok gaude, nolabait, zurrunbilo horretan murgildurik, esan dezagun zintzoki: zenbatetan ez ote gara asaldatu eguneko polemikaren harira, zenbatetan ez ote ditugu sare sozialetan salaketa hanpatuak egin, gure kontzientzia lasaitzeko, gure erraiak baretzeko? Zenbatetan ez ote zaigu aukerakoa suertatu egun horretan tokatzen zen pagaburuaren kontra egitea gu ez garela horrelakoak sinetsarazteko (geure buruei lehenik, besteei gero)? Ez ote da, azken batean, geure moralaz ere beldur garela?
Bestela zaila baita konprenitzen gugandik hain urrun dauden kasuengatik halako asaldu hanpatua adieraztea. Eta hurrengo egunerako harekiko, eta biktimekiko, erabateko amnesiko bilakatzea. Ez baitugu Gauguinik behar orain eta hemen bizi ditugun biolentziez arduratzeko. Eta, bide batez, tamalgarria suerta dakieke batzuei, baina apustu egingo nuke hemendik urte batzuetara, gure ondorengoek gure jokabideak epaitzen dituztenean, ez garela argazkian nahiko genukeen bezain distiratsu aterako.

Norbaitek pentsa lezake amoraltasunaren edo immoraltasunaren bindikapena dela nirea eta misoginia, arrazakeria eta bestelako basakeriak ari naizela hemen zuritzen. Ez pentsa, nik ere distiratsu agertu nahi dut argazkian. Gehiago da moralismoaren aldean begirada politikoaren eta estetikoaren balioa goratzea. Kontua ez da idazle eta artisten balizko izugarrikeriak ezkutatzea, baizik eta fokua zinez inplikatzen ez gaituen indibiduoaren bekatuetan jarri ordez haien sakoneko korronteak azaleratzean ipintzea (demagun, kasu honetan: erromantizismoaren idealismoa, patriarkatua, sinbolismoa eta swedenborgismoa, arte merkatu industriala, kolonialismoa), zeinak orokorrak baitira partikularrak bainoago. Eta hori guztia argitara ekarriz begirada estetiko partikular (orain bai) bat emateko gai izatea. Lan zaila, gure berogailuen goxotik parean jartzen digutena pintzelkada bakarraz, txalo-erraz, epaitzea baino puskaz zailagoa, dudarik ez izan.