Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Museo bat hormetan zintzilikatutako artelanen bilduma bat baino gehiago da. Halaxe da, bederen, Beatriz Herraezentzat (Gasteiz, 1977): memoria, ikerketa, hezkuntza, topagune eta, batez ere, etengabe berrasmatzen ari den organismo bizi bat da. Duela zazpi urte luze Gasteizko Artium museoaren zuzendaritza hartu zuenetik, ahalegin berezia egin du filosofia horri heltzeko eta museoa erakusketa programazio hutsetik harago eramateko. Izan ere, Herraezek argi du museo batek ez duela soilik artea erakutsi behar; aitzitik, jakintza sortu behar du, pentsamendua eragin, eztabaidak piztu eta komunitatea eratu. «Museoa ez da objektuak gordetzen dituen leku bat bakarrik. Jendea elkartzeko, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin pentsatzeko toki bat ere bada».
Herraez 2018ko abenduan heldu zen Artium museora. Ordurako ibilbide luzea egina zuen artearen munduan: ikertzailea, komisarioa eta kritikaria izan zen; Euskal Herrian trebatu zen, Madrilen bizi izan zen urte luzez, Parisen ere lan egin zuen, eta Euskal Herrira itzuli zen gero. Bide horretan guztian, tankera oso ezberdinetako egiturak ezagutu zituen: artistek eta komisarioek autogestionatutako gune independentea batetik, eta nazioarteko erreferentzia diren museo handi bat bestetik. «Esperientzia horiek guztiak dira instituzio bat ulertzeko modua eraikitzen dutenak», azaldu du. Haren ustez, ez da gauza bera artista talde batek sortutako gune batean lan egitea edo milaka obra dituen museo handi batean aritzea.
Bi munduak ezagutzeak arteari buruzko ikuspegia zabaltzeko parada eman zion. Madrilgo Reina Sofia museoan, adibidez, bildumarekin eta ondare historikoarekin lotutako erakusketak prestatzen aritu zen, eta artxiboak, dokumentazioa, kontserbazioa eta ikerketa izan zituen eguneroko lana. Parisen, berriz, artista, komisario, editore eta diseinatzaileek kudeatutako gune independente batean behar egin zuen; askatasun handiko egitura zen, eta proiektu editorialak, erakusketak, hitzaldiak eta topaketak antolatu zituen. «Bi muturrak dira», dio. «Alde batean berehalakotasuna dago; bestean, ikerketa sakona, memoria, artxiboa eta denbora luzez egiten den lana». Bi esperientziak uztartu ditu gero Artiumen.
Artium berriz pentsatu
Artiumeko zuzendaritzarako deialdi publikoa ikusi zuenean, Euskal Herrira itzuli berria zen, eta erronka handia iruditu zitzaion: «Pentsatu nuen museoaren historiari zerbait gehitu niezaiokeela». Proiektua aurkeztu, hautatua izan, eta 2018ko amaieran hasi zen lanean. Lehen urtean ez zuen aldaketa handirik egin; denbora hartu zuen etxea barrutik ezagutzeko, taldekideekin hitz egiteko, egiturak aztertzeko, tokiak ibiltzeko eta lehentasunak identifikatzeko.
Hasieratik argi izan zuen Artiumek Euskal Herriko arte garaikidearen museo nagusia behar zuela. Bilduma ere apartekoa iruditu zitzaion, eta, horregatik, hartutako lehen erabakietako bat bilduma erdigunean jartzea izan zen. Eta emaitza, horra: museoa sortu zenean, 1.400 obra inguru zituen; gaur egun, ia 3.000 dira.
2020an aurkeztu zuen lehen erakusketa Artiumen. Hasieratik argi zuen kontakizun bat osatu nahi zuela obrekin, eta, hala, 1950eko hamarkadatik gaur egunera arteko arte garaikidearen bilakaera azaltzeko ibilbide bat proposatu zuen, ikuspegi kritiko batetik betiere. Izan ere, obren bilduma bat ez da elementu itxi bat Artiumeko zuzendariarentzat; are, artelanen inguruko dokumentuak, artxiboak, testigantzak eta ikerketak ere obraren partetzat hartzen ditu.
Hain justu ere, ideia horri jarraituta erabaki du Herraezek museoaren dokumentazio zentroa indartzea, artxibo berriak gehituz joatea eta bilduma ikertzeko modu berriak sustatzea. «Obrak ez dira bere horretan bakarrik existitzen: testuinguru bati, memoria bati eta dokumentazio bati lotuta daude zeharo», esplikatu du.
«Museoa ez da objektuak gordetzen dituen leku bat bakarrik. Jendea elkartzeko, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin pentsatzeko toki bat ere bada»
Obrekin gertatzen den eran, museoen artean ere lankidetza eta elkarrizketa eremu bat sortzearen aldekoa da Herraez. Izan ere, argi du instituzio batek inguruko sarearekin sortzen duela bere benetako balioa, eta, hori dela eta, arreta berezia jarri dio Euskal Herriko beste erakundeekin elkarlan estuan aritzeari. Bilboko Arte Ederren Museoarekin, Tabakalerarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Oteiza museoarekin adibidez, etengabeko elkarrizketan aritzen da Artium, baliabideak partekatzeko eta jakintza sortzeko. «Instituzio publikoak gara, eta koordinatuta lan egitea funtsezkoa da».
Horrez gain, bada Herraezen zuzendaritzaren ikur bilakatu den beste ezaugarri bat: ikuspegi feminista. Gazte zela ezagutu zuen Gasteizko Montehermoso zentroan garatu zen lana, eta han ikusi zuen lehen aldiz artearen eremuan genero ikuspegia modu sistematikoan txertatzeko ahalegina. Gaur egun ia naturaltzat jotzen diren eztabaidak —parekidetasuna, emakume artisten presentzia edo botere egituren berrikuspena— ez ziren hain ohikoak orduan. «Gaur errazagoa da horretaz hitz egitea, baina garai hartan benetako erronka zen», gogoratu du. Hori dela eta, Artiumen garatu duen proiektu osoa eztabaida feministak zeharkatuta dago.
Ziurtasunik gabe
Arte garaikideari buruz hitz egitean, Herraezek behin eta berriz darabil ziurgabetasunaren kontzeptua. «Artearen munduan lan egitea etengabe gauzak uztea eta berriak ikastea da», dio. Haren ustez, arte garaikidearen indargune nagusietako bat da bere buruari etengabe galderak egiteko gaitasuna duela.
Eta, dioenez, artelanek berek ere aldatu egiten dute beren esanahia denborarekin. Gogoan du Artiumeko bilduman dagoen Pepe Espaliu artistaren obra bat: hiesaren inguruko estigma sozialari buruz egindako ekintza baten pieza bat da. 2020an bildumaren parte bihurtu zen, pandemiaren aurreko asteetan, baina handik gutxira museoa itxi behar izan zuten. Hilabete batzuk geroago ateak berriro ireki zituztenean, obra bera ez zen lehengoa. «Bat batean, kutsaduraren beldurraz, gorputzaren zaurgarritasunaz edo elkar ukitzearen arriskuaz hitz egiten hasi zen beste modu batean», azaldu du. Obra ez zen aldatu, baina gizartea bai.

Antzeko zerbait gertatu da Rosalind Nashashibiren lan batekin. Artista palestinar-britainiarrak sandia handi baten irudia margotu zuen Artiumen egonaldian. Palestinako bandera debekatua izan zen garaietan, sandia Palestinako herriaren erresistentziaren sinbolo bilakatu zen. Garai hartan bazuen interpretazio politiko jakin bat, baina gaur egun, Gaza suntsitzen ari diren honetan, irudi horrek are indar —eta esanahi— handiagoa du. «Testuinguruak aldatu egiten dira, gizartea aldatu egiten da, eta artelanak ere berriz irakurtzen dira».
Ideien eta egunerokoaren arteko oreka
Herraezen agintaldian, Artiumek aldaketa fisiko ugari izan ditu. Ez dira handinahikeriaz egindako eraberritzeak izan, baina bai museoa erabiltzeko modua aldatu duten esku hartzeak: barruko plaza berreskuratu dute, lehen itxita zeuden argi zuloak ireki dituzte —eta argi naturalari aretoetan sartzeko modua eman diote—, lorategia konpondu dute, eta haurrentzako irakurketa gune berriak sortu dituzte. «Akupunturaren moduko esku hartzeak izan dira», azaldu du.
«Testuinguruak aldatu egiten dira, gizartea aldatu egiten da, eta artelanak ere berriz irakurtzen dira»
Museoa «atseginagoa, irekiagoa eta hurbilagoa» bihurtzea ere bai baitu xede Herraezek, publikoak sentitu behar baitu museoa bere gunea ere badela. Eta horrek lotura zuzena du zuzendariak bisitariaren inguruan duen ikuspegiarekin. Museoaren bisitari kopurua handitu egin da berak lema hartu zuenetik —aurten 100.000 lagunera iritsi dira—, baina Herraezek argi du arrakasta ez dela soilik datu horietan islatzen. «Erronka ez da zenbat pertsona datozen; erronka da nortzuk datozen».
Dioenez, museoan beti saiatzen dira publiko mota desberdinak erakartzen: badira erakusketa guztiak ikusten dituzten bisitari fidelak; badira hitzaldi edo mintegietara bakarrik etortzen direnak; eta badira lehen aldiz jarduera jakin baten bidez heltzen direnak museora. Guztientzat abaro izan nahi du Artiumek. Horrez gain, goizero ikastetxeei ateak irekitzen dizkiete, eta, hala, eskoletako ikasleak bisitari pribilegiatuak izaten dira museoaren ateak publiko orokorrarentzat ireki aurretik.
Museo baten zuzendaritza, kanpotik begiratuta, askotan erakusketekin, artistekin, inaugurazioekin edo prentsaurrekoekin lotzen da. Hala ere, Herraezek badaki museo baten egunerokoa askoz geruza gehiagok osatzen dutela. Irribarrez onartu du «tetris konplexu bat» dela, piezak etengabe mugitzen diren joko baten antzekoa, non «oreka» bilatzea den eguneroko erronka nagusia.
Alde batetik, zuzendaritzak ikuspegi kulturala eskatzen du: erakusketak pentsatzea, bildumaren norabidea definitzea, ikerketa sustatzea eta artistekin elkarlanean aritzea. Bestetik, instituzio baten eguneroko errealitatea dago, askotan ikusiezina dena, baina ezinbestekoa: aurrekontuak kudeatzea, langileen lana koordinatzea, eraikinaren mantentzeaz arduratzea, administrazio kontuei erantzutea eta ustekabeko arazo teknikoei aurre egitea. «Zuzendaritza lanaren parte ere bada hori guztia».

Oreka hori mantentzea du erronka nagusi, aitortu duenez. «Baina, sarritan, urgentea denak garrantzitsua dena estaltzen du». Esaldi horretan laburbildu daiteke Artiumeko zuzendariaren egunerokoa. Museo batean beti baitago zerbait konpontzeko —dei bat, arazo bat edo azken orduko aldaketa bat—, eta, horrek, haren ustez, arrisku bat dakar: eguneroko kudeaketak museoaren benetako zeregina bigarren mailan uztea.
Hori dela eta, ahalegin handia egiten du aretoekiko eta sormen prozesuekiko harremana ez galtzeko. Erakusketen muntaketetan parte hartzen du, artistak bisitatzen ditu, eta gertutik begiratzen du obrak espazioan nola kokatzen diren. Haren ustez, zuzendaritza ezin baita izan bulegoko lana bakarrik: «Niretzat garrantzitsua da artistekiko kontaktuari eustea, haiekin egotea, muntaketak ikustea... Azken batean gustatzen zaidana horixe baita».
lanegun bat artisten eta bildumen artean
Goiz hasten dira Beatriz Herraezen lanegunak. Bilduma, erakusketa, artxibo eta programa publikoetako arduradunekin bilerak egiten ditu lehenik, martxan diren proiektuak eta egutegiak koordinatzeko. Horrez gain, artearen esparruko eta bestelako eragileekin elkartu ohi da, askotan bide telematikoz, baina aurrez aurre ere bai maiz. Museotik kanpoko jardunak ere lanaren parte dira: artisten estudioak bisitatzea, erakusketetara edo beste erakunde batzuen aurkezpenetara joatea. Eta, noski, Artiumen bertan antolatutako hitzaldi, proiekzio eta gainerako jardueretan parte hartzea. «Egutegia koadratzea etengabeko lana da, eta batzuetan, nahiko konplexua».