Bilboko Guggenheim museoak 20 urte. Kronologia.

Museoa. Zena, dena eta behar lukeenaren labirintoa

2017ko azaroaren 05a
00:00
Entzun
Polemika artean inauguratu zuten Guggenheim museoa duela 20 urte. Museoa baino gehiago, «gazta fabrika» zela zioen Jorge Oteiza eskultoreak, eta, Euskal Herriko artisten mesedetan baino gehiago, nazioartekoentzat diseinatutakoa zela salatu zuen. Bada, sorrerako eztabaida berberekin bete ditu 20 urteak museoak: arteari ala ekonomiari erantzuten oten dion titaniozko erraldoiak.

1991

Museoaren lehen ideia. AEBetatik iritsi zen Euskal Herrian Guggenheim museo bat eraikitzearen ideia, Thomas Krens Solomon R. Guggenheim museoko fundazioko zuzendariaren eskutik. Fundazioak zuen finantza defizita estali nahian edo, Guggenheimen sukurtsalak irekitzea okurritu zitzaion. Marka saltzeko nazioartean izan zituen porroten ondoren iritsi zen Euskal Herrira, 1991n.

Ezkutuko negoziazioak. Euskal erakundeek krisi propioa zuten 1990eko hamarkadan; hondamendi industrialaren arrakala gero eta nabariagoa baitzen Bizkaian. Museoak Bilbo munduko mapan kokatuko zuelakoan onartu zuten EAJko agintariek Thomas Krensen ideia, eta ezkutuan egin zituzten Guggenheim marka erosteko negoziazioak.

Iragarpena. Joseba Arregi orduko Kultur sailburuak, irailaren 10ean eman zien museoa egiteko asmoen berri kazetariei. Jendaurrean iragarri eta egun gutxira sinatu zituzten egitasmoa martxan jartzeko akordioaren oinarriak Thomas Krensek, Juan Luis Laskurain orduko Bizkaiko Ogasun diputatuak eta Arregik berak.

1992

Kultur Kezka taldea. Kultura arloko hainbat kide elkartu, eta zituzten kezkak plazaratzeko, Kultur Kezka plataforma sortu zuten. 40 bat lagunek parte hartu zuten urtarrilaren 25ean Zarautzen egin zuten lehen bileran. Jaurlaritzako kultura aurrekontuak salatzeko atxikimendu bilketa abiatu zuten, eta kultur munduko 400 lagunek baino gehiagok egin zuten Kultur Kezka taldearekin bat. Hitz gogorrak izan zituen Joseba Arregik, ordea; plataformako kideak «lepo ezberdineko zakur berberak» zirela azaldu zuen gutxira. Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuetan aldaketa batzuk egin ondoren desegitea erabaki zuten Kultur Kezkakekoek.

Behin betiko akordioa. 1991n sinatutako akordioa behin betiko bihurtu zuten, 1992ko otsailaren 25ean. New Yorkeko Wall Streeten elkartu ziren Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Alberto Pradera Bizkaiko orduko ahaldun nagusia eta Josu Ortuondo orduko Bilboko alkatea, Solomon R. Guggenheim museoko fundazioko kideekin.

Finantzaketa. Hitzartutakoa betez, museoa eraiki zedin, garai hartako 23.500 milioi pezeta jarri zituzten euskal erakundeek: horietatik 10.000 milioi eraikuntzara bideratu zituzten; 4.000 milioi eraikuntzari lotutako bestelako kostuetara; eta 6.000 milioitik gora, museoaren arte bilduma erostera. Halaber, Guggenheim fundazioari 2.000 milioi pezeta eman zizkioten, New Yorkeko artelanak Bilbon erakusteko eskubideagatik.

Guggenheim Bilbao partzuergoa. Uztailean partzuergoa sortu zuten Jaurlaritzak eta Diputazioak, museoaren planifikazioa eta eraikuntza prozesua gainbegiratzeko. Gaur egun ere museoaren zuzendari Juan Ignacio Bidarte izendatu zuten zuzendari kudeatzaile.

Lehen maketa. Frank Gehry arkitekto estatubatuarrari eman zioten museoa diseinatzeko lana.

1993

Lehen harria. Urriaren 22an jarri zuten Abandoibarran azpiegituraren lehen harria.

Titaniozko erraldoia. Hasiera batean altzairuzko azpiegitura izan behar zuen arren, kolore ilunegia hartzen zuela ikusi, eta museoaren kanpoaldea titanioz janztea erabaki zuen Gehryk. Orotara, 33.000 xafla ezberdin diseinatu zituen itsasontzi erraldoia eraikitzeko.

1994

Lankidetza hitzarmena. 20 urterako kudeaketa akordioa sinatu zuten Solomon R. Guggenheim Fundazioak eta Euskal erakundeek. Fundazioaren egitekoa «Bilboko Guggenheim museoa kudeatzea eta gobernatzea» zela zehaztu zuten bi aldeek. Hitzarmena ez da sekula ezagutarazi, eta, oraindik ere, eztabaida iturri dira han adostutakoak.

1997

Irekiera eguna. Urriaren 19an zabaldu zuten Bilboko Guggenheim museoa. Ez zen egun hartan egin zen ekitaldi bakarra izan, ordea; manifestaldia egin baitzuten hainbat herritarrek irekieraren egun berean, Euskal Kulturaren alde, inposizioari ez. Herri bat gara goiburupean. Askoren artean, Euskal Herrian Euskaraz taldeko Arkaitz Zarragak, Iñaki Uriarte arkitektoak eta Irkus Robles margolariak deitu zuten protestara eta 2.000 lagun inguruk egin zuten Arriaga antzokitik Areatzarako bidea. Xabier Amurizak irakurri zuen eragileek adostutako manifestua, eta gogor kritikatu zuen gizarteari eztabaidatzeko aukerarik eman ez izana.

Lehen erakusketa.Guggenheim museoak eta mende honetako artea munduko arte modernoaren eta garaikidearen bilduma izan zen jaso zuen estreinako erakusketa.

1998

Gazteak gerturatzeko saialdiak. Hezkuntza programak jarri zituzten martxan museoan, ikusgai jartzen ziren artelanak ulergarri egiteko helburuarekin.

2005

Bilduma propioa handitzen. Richard Serra eskultore estatubatuarraren Denboraren materia instalazioa inauguratu zuen museoak. Ordutik hona, finko ezarrita daude Serraren lanak.

2007

Hamargarren urteurrena. Programazio berezia egin zuen Museoak X. urteurrena ospatzeko. Anselm Kiefer margolari eta eskultore alemanaren erakusketa eta Art in the USA: 300 urteko berrikuntza AEBetako arteari buruz Europako Batasunean inoiz egin den erakusketarik handiena izan ziren horren lekuko. Frank Gehry arkitektoa ere izan zen urteurren ekitaldietan. Museoa eraiki zuenetik hamar urte igarota, hiriguneak izandako eraldaketa azpimarratu zuen; horren aipatua den «Guggenheim efektua», alegia. Baina, era berean, Bilbok izandako «gogortasun industriala» nostalgiaz begiratzen zituela aitortu zuen. Bilborentzat ez ezik, Fundazioarentzat ere onuragarria izan da Bilboko museoa arkitektoaren esanetan. «Bilbo da Guggenheim museoari gertatu zaion gauzarik onena».

2008

Ustelkeria. Roberto Zearsolo administrazio eta finantza zuzendariak museoaren funtseko dirua gastatu zuela kaleratu zuten 2008an. Zearsolok berak aitortu zuen, Bilboko epailearen aurrean, ia milioi bat erdi ostu zituela 1998tik 2005era bitarte, baina Guggenheimetik kanpoko enpresa batek egindako ikuskaritzaren arabera, 556.482 euro ebatsi zituen. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.

Guggenheim bat Urdaibain. Ekainean azaldu zuen Jose Luis Bilbao orduko Bizkaiko ahaldun nagusiak Urdaibai eskualdean Guggenheim bat egiteko egitasmoa zutela. Bizkaiko motelaldi ekonomikoari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu zuen proiektua, eta Diputazioa 100 milioi euro inbertitzeko prest zegoela azaldu. Ordutik, geldiarazia dute egitasmoa.

2014

Bilbokoagoa den Guggenheim. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim fundazioak hurrengo 20 urteetarako kudeaketa hitzarmena sinatu zuten abenduan. Bi berrikuntza adostu zituzten hitzarmenean; batetik, Bilboko museoa New Yorkez autonomoagoa izatea, eta, bestetik, Urdaibain Guggenheim museoa egiteko aukera aztertzea. 1994ko akordioan Guggenheim fundazioak zituen egitekoak aldatu zituzten. Hitzarmen zaharraren arabera «Guggenheim museoa kudeatzea eta gobernatzea» zen fundazioaren egitekoa; berriaren arabera, berriz, «museoaren kudeaketa eta gobernuaren parte hartzea». Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren arabera, Bilbokoaren autonomia maila aitortzen du aldaketa txiki horrek.

Euskal artea, miran. Autonomiaz gain, euskal arteari pisu gehiago emateko eskatu zuten hainbat eragilek 2034 urtera bitarteko hitzarmenaren negoziazioaren testuinguruan. Azaldu zutenez, 2014an 128 obra zituen museoak, eta horietatik %30 besterik ez ziren Euskal Herriak sortutakoak. Horri erantzunez, ikasleentzako beka programa bat eta euskal artistentzako egonaldi programa bat sortzea adostu zuten patronatuko kideek.

2016

Lan gatazkak. Monpower Group enpresarekin azpikontratatutako museoko 18 hezitzailek lan baldintza hobeak eta egonkortasuna eskatzeko protestak egin zituzten abuztua eta iraila bitartean. Irailean kontratua bukatu zitzaien 18 beharginei, eta kalean utzi zituen museoak.

2017

Doakotasunaren eztabaida. Herritar guztiek «kulturaz gozatzeko» eskubidea dutela argudiatuta, museoaren sarrera egun batez doakoa izateko eskatu zuten EH Bilduk eta Ahal Dugu Bizkaiak, baina EAJk eta PSE-EEk ezezkoa eman zioten proposamenari, eta PP abstenitu egin zenSarreren tarifa eztabaida iturri izan da hasieratik: 13 euro da helduentzat, eta 7,50 euro 26 urtetik beherakoentzat.

Aurrekontuen dantza. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 4.415.000 euro bideratuko ditu Guggenheim museoaren fundazioko gastuen aurrekontura 2017-2018ko ikasturtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.