Musika bete irudiz

Bowie eta Delorean izango dira Dock Of The Bay musika zinemaren jaialdiko protagonistetako batzuk

Delorean taldeko kideak, Simple Graces dokumentaleko irudi batean, AEBetan egindako biran. - / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
Donostiaa
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Laugarren urtez egingo da musikaren inguruko film dokumentalak biltzen dituen Dock Of The Bay jaialdia Donostian. Bihar hasi eta igandera bitartean, zazpi film ikusi ahal izango dira, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan eta Antzoki Zaharrean. Soul Train telebista saio estatubatuarra historikoa, Ingalaterrako hardcorea, The White Stripes bikotea, Delorean taldea, David Bowie, Creation Records diskoetxea eta La Banda Trapera del Rio Kataluniako taldea izango dira aurtengo dokumentaletako gaiak. Film luze bakoitzaren ondoren Iker Treviñok gidaturiko Orain saileko film labur bana emango dute. Informazio osoa www.dockofthebay.es helbidean.

BiharViktoria Eugenia Kluba

'Soul Train: The Hippest Trip In America' (19:30): Musika beltzak AEBetan izan duen telebista saiorik entzutetsuena izan zen Soul Train. Bera izan zen aitzindaria; ondoren etorri ziren hurrengoak. Musika beltzaren bilakaera dokumentatu zuen Soul Train-ek, bere soinua, estetika, espiritua… Dokumental bizi eta pedagogikoa osatu dute J. Kevin Swainek eta Amy Goldbergek. On Cornelius saioko aurkezlearen gidaritzapean 1970eko soul eta funk artistarik esanguratsuenak igaro ziren: James Brown, Barry White, B.B. King, Curtis Mayfield…

'High on Hope' (21:15): Pier Sanderson artista ingelesa DJ eta acid-house-aren bultzatzaile bezala hasi zen ezagun egiten. Bere lehen film luzea da High on Hope, 80ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran Ingalaterran gertaturiko hardcore altxamendua deiturikoaren inguruko dokumentala. Gauza asko gertatu eta pilatu ziren: politika, hardcorea, polizien aurkako matxinadak, musika technoa ozenki...

LarunbataAntzoki Zaharra

'The White Stripes: Under Great White Northern Lights' (17:30): Emmet Malloy zinemagilea The White Stripes taldeari itsatsi zitzaion bikoteak Kanada sakonean egindako birari. Malloyren kamerak erraztasunez eta dotoretasunez filmatu zituen bikoteak leku ezohikoetan emaniko kontzertuak: errepideko kafetegi batean, eskola batean...

'Simple Graces. Delorean' (19:45): Delorean Zarauzko taldeak 2010eko martxoan AEBetan eta Kanadan ibilitako 12.000 kilometroen eta emaniko 30 kontzertuen gaineko dokumentala egin du Txesma Lasa donostiarrak. Delorean berak sortu du dokumentalerako musika.

'David Bowie. Ziggy Stardust And The Spiders From Mars' (21:45): 1973ko uztailaren 3a gau mitikoa izan zen. Ziggy Stardust diskoaren birako azken kontzertua eman zuen David Bowiek. Bowieren zale batek ikusi nahiko lukeen guztia erakusten du filmak: abesti ezagunak (Chance, Space Oddity, Sufragette City…), hain ezagunak ez direnak (Wild Eyed Boy From Freecloud, All The Young Dudes…), Rolling Stonesen Let's Spend the Night Together-en bertsioa, Velvet Undregrounden White Light / White Heat eta makillaje mordoa.

IgandeaViktoria Eugenia Klub a

'Upside Down: The Story Of Creation Records' (18:00): Deabruari arima saldu zion zigilua. Creation Records, Alan Mcgee eskoziarrak sortu zuen diskoetxea. Punka bultzatzen hasi eta Television Personalities taldearekin jaso zuen lehen bultzada garrantzitsua. Ezinbestekoa gertatu zen hori XX. mendeko amaierako diskoetxe garrantzitsuenetakoa abian jar zedin.

'Venid A Las Cloacas: La Historia de la banda Trapera del Río' (20:20): Benetakoak ziren. Antzerkirik eta iruzurrik gabeak. 70eko hamarkadako gazteak, delitugileak, pandilleroak, makarrak, etorkinen semeak, langileen lagunak, ahozikinak eta toxikomanoak. Daniel Arasanz egile espainiarraren dokumentalak Cornellako (Katalunia) taldearen istorioa berreskuratzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.