MUSIKA. Brasil ezezagunagoa

Andoni Tolosa.
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Disko jakinen batek 40 kantutan Brasilgo underground eszenari errepasoa egingo diola ziurtatzen badizu, posible da zalantza bat baino gehiago sortzea. Ez da harritzekoa. Hamaika aldiz esan digute horixe zela brasildar musikaren bilduma definitiboa, eta, azkenean,ilara luze eta gorabeheratsuan kokatu beharreko beste diskoetako bat baino ez zen. Eta underground kontzeptuaz zer esanik ez. Ditxosozko hitza entzunda hotzikarak sumatzen ditut. Sekula ez dago jakiterik bilduma prestatu duenarentzat zer den underground eta zer ez. Horrela gertatzen da Carlinhos Brownen kantu bat topatzen duzula, Bebel Gilbertoren kantu arrakastatsuago baten segidan eta sanba klasikoa egiten duen Vielha Eskola Da Mangeiraren kantu baten aurretik.Bada, erreparo horiek guztiak (eta beste batzuk) gainditu eta Oi A Nova Musica Brasileira diskoa eskuratzea erabaki nuen. Ez naiz damutu.

Diskoak baditu berezi egiten duten ezaugarri jakinak. Lehenik eta behin, Sao Paulo, Rio De Janeiro eta Bahiak osatzen duten triangelu guztiahalduna hautsi izana. Azken urteetan Brasilgo musika freskoenaren harrobi gertatzen ari diren Recife, Pernambuco edo Belem dira bilduma lan honetan protagonista. Bigarrenik, ez dago disko honetan bossa eta elektronika errazik uztartzen dituen inongo piezarik. Bazen garaia! Guretzat behintzat, hain ibiliak ez dauden bidetatik dabiltza disko bikoitzean bildutako 40 talde eta bakarlariak. Rock airea da nagusi disko osoan, baina hari gehitu behar zaizkioforroa edota baile funk moduko erritmo brasildar herrikoiak. Baina baita ere hip hop, funk, kuduro, disko eta bestelako erritmo beltzak. Elektronikarik bizienak pisua hartzen du, batez ere, bildumaren azken zatian, eta bada Hego Amerika osoan hain barreiatua dagoen ska edota punk musikaren apurrik kanturen batean.

Disko osoan nabaria da 90eko hamarkadan bide musikal horiek irekitzen jardun zuten hainbaten itzala, NaƧao Zumbi eta DJ Doloresena, esaterako. Eta badira bertan garai haiekiko zor berezia duten izenak Otto, Ceu, Instituto edota Curumin, bilduman parte hartzen dutenen arteko izenik ezagunenak. Baina nabaria da baita ere 1970eko hamarkadako brasildar psikodelia irudimentsuari (Os Mutantes...) egindako keinuak. Eta, nola ez, kanturik gozoenetan Tropikalismo eta MPB guztiahaldunaren eragina. Horiek guztiak, ordea, guretzat oso ezezagunak diren musikarien eskuetatik jasoak. Brasilgo musikariek beren burua eta musika ondarea berrirakurtzeko duten gaitasunaren adibide aipagarriak daude disko honetan, nahiz eta danbor eta berinbau gutxi entzun.

Zerbaitegatik da Brasil munduko lehen mailako potentzia musikala. Hemen dituzu 40 adibide. Ziurrenik, guri bezala, topikoak hausten lagunduko dizun aholkatzeko moduko diskoa.



ASKOREN ARTEAN

Diskoa: 'Oi a Nova Musica Brasileira'.

Diskoetxea: Mais un discos.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.