Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Musika eta naturaren arteko harremana erakutsiko dute BOSen denboraldi berrian

Urrian abiatuko da Bilboko Orkestra Sinfonikoaren 2018-2019ko denboraldia; hamazazpi egitarau sinfoniko eta ganbarako hamar kontzertu eskainiko dituzte.

jarraia151364.jpg
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko apirilaren 27a
12:59
Entzun

Datorren denboraldirako egitarau oparoa prestatu du BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Hamazazpi egitarau sinfoniko eta ganbarako hamar kontzertu eskainiko ditu. BOSeko orkestraz gain, 22 bakarlari eta bi orkestra gonbidatu entzuteko aukera egongo da. 2018-2019ko denboraldiaren emanaldi kopurua eta horien kalitatea azpimarratu du BOSeko zuzendari nagusi Ibon Aranbarrik. Denboraldia urrian abiatuko da, eta datorren urteko ekainean bukatu.

Natura eta musikaren arteko harremana izango da denboraldiko ildo nagusia, eta gai horri helduko dioten kontzertuen artean nabarmendu dituzte Beethovenen Pastorala, Debussyren La mer eta Mahlerren 5. sinfonia. Horrez gain, Javier Martinez konpositore gaztearen Lurraren esnatzea obra estreinatuko dute. Nabarmendutako beste emanaldien artean daude: Wagnerren emakume heroiei eskainitako emanaldia, Maria Joao Pires piano jolearen kontzertu berezia, Ludwig Lebrunen galdutako obra baten berreskuratzea eta Halloween eta Gabonetako kontzertuak. BOSeko zuzendari Eric Nielsenek azaldu du denboraldia osatzerakoan “ordu arte jo gabeko konpositore eta obren alde” egin duela.

Hasteko, zinema

Urriaren 4an hasiko da denboraldia, eta zinema kutsua izango du. Leonard Bernsteinen konpositore estatubatuarraren omenez, West Side Story film klasikoaren kontzertu proiekzioa eskainiko dute. Ez da izango zinema munduarekin lotutako denboraldiko kontzertu bakarra; 2001: Odisea bat espazioan filmeko zenbait piezarekin kontzertu bat eskainiko dute.

BOSeko orkestrak hainbat kontzertu eskainiko ditu Euskalduna jauregitik kanpo. Besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian, Bizkaiko zenbait herritan eta Omanen. Kanpoan diren artean, Nafarroako eta Gaztela Leongo Orkestra sinfonikoak arituko dira Euskaldunan.

Ganbara denboraldia hamar kontzertuk osatuko dute, eta hori ere urrian abiatuko da. Kontzertu horien barnean, hiru nabarmendu dituzte: Varvara pianistaren eta Philippe Quint biolin jotzailearen errezitaldiak, eta Josu de Solaun musikariaren parte hartzea BOSeko hari laukotean.

Aukera ugari bonuetan

Bonuek iazko prezioei helduko diete, eta aukera ezberdinak egongo dira. Bonu osoaz gain, nahierakoak jarriko dituzte salgai. Bederatzi edo sei kontzertutara joateko aukera eskainiko dute horiek. Prezio bereziak egongo dira gazteentzat, langabeentzat eta familia ugarientzat, eta deskontuak taldeentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.