Iragan berria den zubi honetan, bost lagun Ultzama inguruko landetxe batera joan gara.
Gure helburuetako bat basoak arakatzea izan da, onddoak aurkitzeko, baina zoritxarrez ez dugu altxorra geureganatu; euri-jasak onddo denak ito dituela uste dut.
Lau bat onddo txikirekin arrautza opil bakar baterako adina jaso dugu, behintzat, eta ezingo gara kexatu, afari mokadutxo baterako nahikoa izan da eta.
Onddoen espediziorako nire lehen aldia izan da, eta, egia esan behar badut, esperientzia polita izan da.
Bidaiatxo honetako nire oker bakarra zera izan da: ahaztu egin zitzaidala iPoda bidaia-poltsan sartzea, eta musikarekiko dudan adikzioa jasan beharrean izan naiz, desintoxikazio prozesu batean izango banintz bezala. Eguneko edozein momentutan eta edozein objektu, animalia, paisaiak, pertsona... ikustean, musikari eta abesti konkretuak etortzen zitzaizkidan burura.
Honela, etxe barruan geunden denboran -kanpoan sekulako euri-jasa ari zuelarik-, sutondoan eserita jarri eta leihoko kristaleko euri tantei so, udazkenak berak duen nolabaiteko tristura zetorkidan gorputz barnera; eta, tristura horri aurre egiteko, entzun izan dudan disko bat etortzen zitzaidan behin eta berriz burura: Joseba Irazoki musikariaren Euria ari du diskoa, alegia. Abesti batean berak dioen modura, euria maite du «...ta ni ez naiz bustitzen, babes bat badaukadalako... euria maitatzearen babesa, alegia...».
Nola maita daiteke euria?, galdetzen diot neure buruari. Nolatan nik ikusten dudan eguraldi grisa beste norbaitentzat hain koloretsua izan daiteke? Erantzun zaileko galdera, dudarik gabe.
Baina hori bai, paisaia gris hau dagoenean, Euria ari du bezalako disko bat entzuteak pertzepzioa pixka bat aldatu dezake. Ez al da zoragarria musikak egiten digun opari hau, emozioen aldaketarena, alegia?
Azken finean, musikak oro har sentimenduak sendatzekoduen botere magiko hori existitzen da, eta hori eskertzekoa da.
Beraz, eskerrik asko, zuri, Joseba.
MUSIKA. Euria ari du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu