Abuztuaren 4tik irailaren 2ra egingo dute Donostiako Musika Hamabostaldiaren 73. edizioa, eta badu berrikuntzarik; izan ere, aspaldiko partez, jaialdiaren aurrekontuaren (2.850.000 eurokoa) %53 ekimen pribatuak sostengatuko du. Krisiak laguntza publikoa murriztu egin du eta, hala, %39 lehiatilako diru sarreretatik —horien %80 salduta daude— eta %14 babesle pribatuetatik eskuratuko dute.
Aurtengo ekitaldirako 63 kontzertu prestatu dituzte antolatzaileek, iaz baino 11 gutxiago. Kopuruan izandako jaitsiera kalitatearekin orekatu nahi izan dute. Horrela, besteak beste, zazpi lan estreinatuko dituzte.
73. edizioak Claude Debussy musikaria izango du inspirazio iturri, eta Francisco Escudero zarauztarra omenduko dute.