MUSIKA. 'Pozoi' magikoa

2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Acappella. Horrela hasten da Peter Broderick musikari gazteak aurten kaleratu duen diskoko (How They Are) lehen abestia: ahotsa «biluzik» entzuten dut, goxo eta eder; eta momentu horretatik aurrera, bere ahotsaren, pianoaren eta gitarraren doinuek mozkortu egiten naute, diskoak irauten duen ordu erdi eskasean ohean etzanda eta begiak itxita nagoelarik. Harrigarria iruditzen zait musikari honen musikarako sentsibilitatea,23 urte eskasekin dagoeneko edertasuna sortzeko duen senagatik, kasu honetan, musikaren bidez.

Efterklang musika talde daniarrak ere bazuen Peterren gaitasunen berri, eta mutil gaztea haiekin joan izan da zuzenekoak jotzera. Izan ere, Peterrek txikitatik izan du musika instrumentuak jotzeko gaitasuna; abilezia horri lotuta, abesti magikoak sortzeko gai da.

Gainera, kontuan hartzekoa da, Peterren abestiak ez direla instrumentalki zailak jotzeko; abesti askotan, hiru akorde soil nahikoak dira bere pozoi magikoa sortzeko. Hor tartean, baloratzekoa da ere isiltasuna nola erabiltzen duen abesti guztietan; isiltasuna beste instrumentu bat balitz bezala erabiltzen du, eta, horrela, hasieran sinpleegia iruditu daitekeen abestia, entzunaren entzunez, hazi egiten da, abestiaren momenturik garrantzitsuenetan, osagai horien guztien proportzioa -ahotsarena, isiltasunarena, pianoarena eta gitarrarena-, eta perfektua dela konturatzera garamatza.

Aztia da Broderick, bai horixe.

Musika honek Edurne Zuriren ipuinaren garapena eta bukaera erabat aldrebesteko gaitasuna daukala konturatzen naiz oraintxe; pozoiaren ziztadagatik etzanda dagoen Edurne Zuri ez da esnatuko -printzearen harridurarako-, abesti pozoitsu horiek unibertso magiko batean gustura sentitzera eraman dutelako.

Edurne Zuriren antzera nago ni orain. Udazkeneko euriak bustita, etxera blai eginda iritsi naiz; baina pijama jantzi, ohean etzan, eta disko zoragarri hau ipini dut; poliki-poliki, gorputza bihurritzen sentitu dut. Buruan neukan egun euritsu eta grisaren irudian lagun berri bat ikusten dut orain: Erromako zubia da. Eta nire barrenak «etorri» eta «nirekin gelditu» xuxurlatzen die abesti horiei. Anima zaitezte egun euritsu hauetako batean aipatu dudan diskoa entzutera; probatu anti-Edurne Zuri izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.