Mr. Collins ez da heldu berria pop garaikidera: sei urte eman zuen Orange Juice post-punk taldean (Glasgow berriro, bera Edinburgokoa izan arren) eta beste 25 bakarkako lanetan, oraingoa zazpigarrena izanik. Itzelezko sustoa hartu zuen 2005ean, garun-hemorragia sufritu zuenean; hasieran hitzik gabe geratu zen, gurpil-aulkiari lotuta. Zorionez, sasoi horiek atzean geratu ziren eta hauetxek dira lehenbiziko kantu berriak, energiaz eta argiaz gainezka. Balada pare bat dago (All My Days eta Searching for the Truth), justu-justu diskoaren amaieran; gainontzeko kantuetan gitarrak eta Collinsen ahotsa dira nagusi, beti pop sutsuan, new wave-tik hurbil, psikodelia tanta batzuez, punk jarrera eta gaztaroko northern soul-aren erritmoak ere barne.
Ohi bezala eta sasi guztien gainetik Edwyn Collinsek izugarrizko ahots ederra mantentzen du, beti argia eta boteretsua;esaterako I Still Believe in You kantuan Iggy Pop-en kantatzeko modua gogoratzen digu, grabea zein adierazkorra. Gainera eskoziarra ez dago bakarrik mikroaren aurrean: Alex Kapranos eta Nick McCarthy (Franz Ferdinand), Ryan Jarman (The Cribs), Jonathan Pierce amerikarra (The Drums), Romeo Stodart (The Magic Numbers) edo Roddy Frame (Aztec Camera) laguntzaile moduan topatzen ditugu, askotan gitarrekin gainera; lan honetan Barrie Codogan (Little Barrie) eta Johnny Marr (The Smiths, The Cribs) ere aritzen dira han hemenka. Hauetako gehienak Orange Juice-ren kantuekin hezi ziren.
Testuei begira Collins berriaren zalantzak agertzen dira; horra hor What Is my Role?gitarra beroen gainean eta lelo erakargarriaz. Autoafirmazioa ere ez da falta: In Your Eyes-en besteari, bera hondatuta agertzen bada, alde egiteko eskatzen dio; begiruneari buruz ere aritzen da hasierako Losing Sleep leloan Do it Again-en, Kapranosekin batera, musika mundura bueltatzearen alaitasuna zabaltzen du eskoziarrak. Bere buruari buruz hitz egiten digu Collinsek behin eta berriro, gehienetan modu baikor batean. Dirudienez giro hori erraz heldu zen musikariengana eta kantu guztiak busti ditu. Beraz bi arlo horietan kokatu beharko dugu ikuspuntua: arazo eta zalantza pertsonalak (kantariarena) eta taldekideen laguntasuna. Bietan garaile agertzen dira hamabi kantu hauek.
EDWYN COLLINS
Diskoa: 'Losing Sleep'.
Diskoetxea: Heavenly.
MUSIKA
Musikarekin gozatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu